Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Irailak 19

Estatuko Gobernua premiatzen da Herritarren Segurtasuna Babesteko Legea alda dezan

Legebiltzarrak uste du eskubide eta askatasunak murrizten dituen legea dela, zehapen-atal neurrigabea duena, eta ez dagokiola demokrazia aurreratu bati.

Legebiltzarreko Osoko Bilkurak ebazpen bat onartu du gaur, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin erakundeen aldeko botoekin eta UPN, PPN eta Voxen aurkako botoekin. Horren bidez, Espainiako Gobernua premiatzen da “Herritarren Segurtasuna Babesteko Legea alda dezan, Espainiako Konstituzioan eta nazioarteko legedian jasotzen diren oinarrizko eskubideen eta askatasunen erabileraren babesarekin bat etor dadin, egungo koalizio-gobernua osatzeko hartu ziren konpromisoak betetzeko”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak bultzatutako ebazpenak premiatzen du mozal legea deiturikoaren aldaketa gauzatu dadin, pasa den legegintzaldiaren amaieran PSOE-Sumarrek eta EAJk lortutako akordioan oinarrituta. Akordio hori koalizio moreak erregistratutako ekimenean jasotzen da orain, eta, horrela, PSOErekin duen gobernu-akordioan jasotako konpromisoetako bat zehazten da, bere ustez "gabezia demokratiko larria" denarekin amaitzeko.

 

Proposamenaren aurkezlearen esanetan, "eskubideak murrizten dituen legea da –esaterako, biltzeko eta manifestatzeko eskubidea–, bai eta oinarrizko askatasunak ere –adierazpen eta informazio askatasuna, askatasun sindikala eta grebarako eskubidea–,  murrizten dituen legea da, zehapen-atal "neurrigabea"duena, "askatasunaren eta segurtasunaren arteko beharrezko oreka” saihesten duena, "legezkotasun-printzipioa” zalantzan jartzen duena eta erakunde publiko eskudunen lan "garantista” zalantzan jartzen duena.

 

Testuinguru horretan, eta Espainiako Gobernuak bultzatutako "berroneratze demokratikoa" dela eta, aipatutako Legeak pizten dituen kritika orokortuak aipatzen dira, "eremu politikotik ez ezik, baita Amnesty International, CEAR edo Informazioaren Defentsarako Plataforma bezalako erakunde eta entitateetatik ere” datozenak, eta "erreforma oso" baten mende jartzeko beharra azpimarratzen da.

 

Hori guztia, zehazten denez, «gizarte demokratiko aurreratu bati ez dagokion jarduketa autoritario orotatik aldentzeko», bere ustez, hori baita Foru Parlamentutik defendatu behar dena, Nafarroako herritarren ordezkaria den aldetik.