Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Urriak 15

Estatuko Gobernua premiatzen da Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra alda dezan

Erretiro aurreratua hartzeagatiko pentsioak kobratzean "bidegabekeriak" saihesteko, 40 urte edo gehiagoko kotizazio efektiboa egiaztatzen den kasuetan

Parlamentuaren Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren eta PSNren abstentzioarekin, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen baita “egin beharreko aldaketak egin ditzan urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean, halako moduan non interesdunak erretiroa bere borondatez aurreratu duen kasuetan nahiz langilearen borondate libreari egotz ezin dakiokeen arrazoi batengatik lanari utzitako kasuetan ez baitira aplikatuko lege horren 207. eta 208. artikuluetan ezarritako murrizketa-koefizienteak, baldin eta 40 urteko edo gehiagoko egiazko kotizazio-denbora kreditatzen bada”.

 

Ildo horretan, eskatzen zaio “egin beharreko aldaketak egin ditzan urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean, halako moduan non pentsiodunak erretiroa hartzeko legez ezarritako adina betetzen duen unetik aitzina ez baitira murrizketa-koefizienteak aplikatuko, baldin eta erretiro aurreratua borondatez hartu bada eta langileari legearen 205.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera erretiroa hartzeko legez ezarritako adina betetzeko falta zaion hiruhileko bakoitzagatik edo hiruhileko-zatiki bakoitzagatik murrizketa-koefizienteak aplikatu bazaizkio”.

 

Era berean, Espainiako Gobernua premiatzen da “egin beharreko aldaketak egin ditzan urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean, halako moduan non erretiro aurreratua hartu duten pertsonei –erretiroa borondatezkoa nahiz derrigorrezkoa izan– ez baitzaizkie aipatu murrizketa-koefizienteak aplikatuko eta beren kotizazio-oinarriaren eta kotizatutako urteen arabera kalkulatuko baitzaie pentsioa, baldin eta besteren konturako langile gisa kotizatu badute araubide orokorrean, edo autonomoen araubidean, eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren kasuko aldaketak onesten diren unean 65 urte edo gehiago badituzte”.

 

Azkenik, Gobernu zentralari eskatzen zaio “proposamen honetan aurreikusitakoari ez diezaion eragin derrigorrezko erretiroari buruz hitzarmen kolektibo bidez onetsitako klausuletan ezarritakoak eta aplikatzekoa izan dadin, hitzez hitz, langileari egotz ezin dakizkiokeen arrazoiengatiko erretiro aurreratuko kasuetan –207. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz– eta borondatezko erretiroko kasuetan”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak “ekitatearen” printzipioa aintzat hartuta, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrak ezartzen dituen arauak arbuiatzen ditu, izan ere, zenbait pertsonen pentsioak penalizatuak izaten ari dira (egun 531.472 pertsonarenak) nahiz eta 40 urte edo gehiago kotizatuak izan, erretiroa aurreratzea erabaki izanagatik. Baina hauetako asko “beren enpresetatik bota dituzten pertsonak dira, edo langabezian denbora batez egon ondoren eta lanik aurkitu ez dutenez erretiro aurreratua eskatu behar izan dutenak”.

 

Sustatzaileak azaltzen duenez, % 8ra bitarteko murrizketak aplikatzen dira erretiroa hartzeko legez ezarritako adinera heldu aurreko urte bakoitzeko, eta penalizazio hori ez da bukatzen erretirodunak erretiroa hartzeko legez ezarritako adina betetzen duenean, ondoren ere mantentzen delako. Hori dela eta, 207.2 eta 208.2 artikuluak indargabetzeko eskatzen da, urte gehiago kotizatu duten pertsonek ez dezaten pentsio baxuago bat izan erretiroa lehenago hartu izanagatik.