Espainiako Gobernuari sarbide zuzeneko asilo diplomatiko berrezar dezan exijitu zaio
Asilo-politika komun bat hartzea eta, bitartean, pertsona horien zirkulazio librea eragozten duen protokoloa indargabetzea eskatzen da
Parlamentuko Osoko Bikurak, UPNk, Geroa Bai-k, EH Bildu-k, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek haren alde eman dituzten botoekin, PSNren abstentzioarekin eta PPNk haren aurka eman duen botoarekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen den “errefuxiatuei EBn sartzeko bide legalak taxutzea, pertsonen trafiko-sareak amaiarazteko eta gure mugetan ikusten ari garen giza-dramari amaiera emateko”.
Zehazki, eskatzen da “sarbide zuzeneko asilo diplomatikoa berrezartzea Espainiaren enbaxada guztietan. Alegia, jatorrizko estatuetan nahiz pasaerakoetan Espainiaren enbaxadetan eta kontsuletxeetan nazioarteko babesa eskatzeko aukera ematea berriz ere. Hori baita 12/2009 Legeak, asilo-eskubidea eta babes subsidiarioa arautzen dituenak, ezartzen duena, nahiz eta oraindik ere erregelamendu bidez garatu gabe dagoen. Hartara, exijitu egiten dugu erregelamendu hori urgentziaz izapidetu dadin eta beharrezkoak diren jarraibideak eman daitezen neurri hori berehala aplikatu ahal izan dadin, erregelamendua garatu bitarte”.
Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Madrileko Gobernua premiatzen den “asilo-politika komun bat hartzeko lan egitera eta, araudi hori garatzen den bitartean, Gobernutik Europar Batasunari presioa egitera berehala indargabetu dadin Dublin 3 Protokoloa; izan ere, protokolo horrek aurreikusten du errefuxiatu bat EBko estatu kide batetik asiloa eskatu zuen herrialdera itzultzea, eta eragotzi egiten du pertsona horien zirkulazio librea”.
Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, besteen moduan PPNk haren aurka eman duen botoarekin eta gainerako taldeek haren alde eman duten botoarekin aurrera egin duenean, Nafarroako Parlamentua “Europar Batasuneko zenbait herrialderen –Hungaria edo Mazedonia, kasu- jokabideen aurka” agertu da, “argi eta garbi gainera, eta Europar Batasunari exijitzen” diote “jarrera tinkoago bat eduki dezan herrialde horien mugan gertatzen ari denaren aurrean”.
Ildo horretan, Espainiako Gobernua premiatzen da “exiji dezan mugaren militarizazioa eta lekualdatutako pertsonen kriminalizazioa amaitu daitezen, giza eskubideekiko eta Batasunaren balio nagusiekiko errespetua oinarri”.
Azkenik, Nafarroako Parlamentuak babes osoa ematen dio “krisi humanitario honi modu solidario eta arduratsu batez aurre egite aldera Legebiltzar honetatik abian jartzen den ekimen orori, eta orobat adierazten dugu gure borondatea dela Bartzelonako Udalak egindako proposamenaren gisakoetan parte hartzea, errefuxiatuei ongi etorria egin eta horiek hartzeko babes-hirien sar bat hedatzeko. Era berean, herritarrei dei egiten diegu egoera dramatiko hau agerian uzten duten ekimenak susta ditzaten eta horietan parte har dezaten eta Nafarroaren elkartasuna adieraz diezaieten gehien sufritzen dutenei”.
Zioen azalpenean, Geroa Bai-k, EH Bildu-k, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak bultzatu duten ebazpenean “EB eta Alderdi Popularraren Gobernua egiten ari diren kudeaketa txarra eta erakusten ari diren elkartasun eza” salatzen da. Auzi hau “II. Mundu Gerraz geroztik izan den krisi humanitario handiena” dela diote, nahiz eta “Siriako gatazkak lekualdatutako 8 milioi pertsonetatik, % 6k bakarrik bilatzen dute babesa Europan”.
“EBren eta Espainiako Gobernuaren konpromiso falta azpimarratzeaz gain, proposatu duten taldeek adierazi dutenez, “2.000 milioi euro gastatu dira 2007tik 2013ra bitarte mugak blindatzen; asilo-politiketan, aldiz, soilik 700”.
Eta Espainiari dagokionez, “EBko asilo-eskabideen % 1 soilik jasotzen” baitu, proposatu duten taldeek CEAR 2015 txostena aipatzen dute, non jasotzen den 5.947 pertsonak soilik eskatu zutela 2014an nazioarteko babesa, soilik 384 pertsonak lortu zutela errefuxiatu-estatutua, eta 1199 pertsonak babes subsidiarioa lortu zutela.
Horren harira, esaten denez, iaz Alderdi Popularraren Gobernuak soilik “130 siriar birkokatzeko konpromisoa hartu zuten, jada 8 milioitik gora pertsona lekualdatzea eragin duen gatazka batean; soilik urtarriletik abuztura, 264.500 pertsonak ihes egin behar izan dute. Gobernuak krisi honetan eta asilo-eskubidearekin daukan konpromisoa hutsaren hurrengoa da, datuek erakusten duten bezala”.
• www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 8. zk., 2015-09-11koa)