Noiz argitaratua Osteguna, 2013.eko Irailak 19

Espainiako Gobernua Torturaren prebentziorako Batzordearen txostenean jasotako gomendioak bete ditzan premiatzen duen mozioa bazter utzi dute

CPTren azkeneko txostena aipatzen zen, zeinak inkomunikazio erregimena eta Gobernu Zentralaren jarrera "tolerantea" jartzen dituen torturaren jatorri gisa

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin, mozio bat bazter utzi du gaur, zeinaren bidez parlamentuak bere “elkartasuna” adierazten dion “tortura eta tratu txarrak pairatu dituen pertsona orori” eta Espainiako Gobernua premiatzen den “CPT-Torturen Prebentziorako Europako Batzordeak argitaratu berri duen txostenean eginiko gomendioak eta Torturaren aurkako Konbentzioan ezarritako printzipioak eraginkortasunez bete ditzan”.

Bazter utzitako mozioak bigarren idatz-zati bat zuen, non, halaber, Gobernua premiatzen zen “Lege Antiterrorista indargabetu eta atxilotuen inkomunikazioa bertan behera utz dezan”.

Era berean eta atxiki gabekoek bozkatu ez duten hirugarren idatz-zati batean, “Auzitegi Nazionala desagertzea” eskatzen zen, “berme prozesalak betetzen ez dituelako, eta torturak salatuta ere lortutako deklarazioak onartzen dituelako”. Gainerakoek eman duten babesa ez da aldatu.

Azkenik, Auzitegi Nazionala premiatzen zen “tortura eta inkomunikazioa pairatu dituzten atxilotuen kontrako prozesu judizial guztiak berrikus eta bertan behera utz ditzala”. Idatz-zati horrek I-Eren eta atxiki gabekoen abstentzioa eta UPNk, SNk eta PPNk haren aurka emandako botoa jaso ditu.

Zioen azalpenean, Bildu eta Aralar-Nabai parlamentu-taldeek bultzatu duten ebazpena CPT-Torturen Prebentziorako Europako Batzordeak iragan 2011ko maiatzaren 30etik ekainaren 13ra bitartean egin zuen bisitaren ondoren argitaratu zuen txostenari dagokio eta, horren karietara, 10 euskal herritarren egindako tortura salaketak “zeharo sinesgarritzat” jo zituela azpimarratzen du.

Proposatu duen taldea, halaber, inkomunikazio erregimenari eta Espainiako Gobernuaren jarrerari dagokio, izan ere, CPTren hitzetan, lehenengoa “torturaren jatorrian” dago eta bigarrenak “ezer gutxi egiten du tortura eragozteko”.

www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 57. zk., 2013-05-28koa)