Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Irailak 16

Espainiako Gobernua premiatzen da Nafarroako Gobernuari aukera eman diezaion autonomo eta profesionalentzako laguntzen deialdia aldatzeko

Deialdiaren baldintzak eta oinarri arautzaileak gure erkidegoaren errealitatera egoki daitezen eskatzen da

Parlamentuko osoko bilkurak ebazpenak bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta PSNren abstentzioarekin, zeinaren bidez Estatuko Gobernua premiatzen baita “Nafarroako Gobernuari aukera eman diezaion autonomo eta profesionalentzako laguntzen deialdiko baldintzak eta oinarri arautzaileak aldatzeko, gure erkidegoaren errealitatera egokitzeko, halako moduz non ahalik eta onuradun gehienengana iritsiko den, COVID-19aren pandemiak sortutako krisiak gogor zigortu dituen sektore horietan”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak adierazten du, “eskaera kopuru urria ikusita”, Madrilgo deialdian ezarritako baldintzak eta oinarriak “ez direla egokitzen sektorearen errealitatera, izapidetzea galaraziz”. Hori dela eta, ohartarazten du “67,7 milioiko funtsaren zati handi bat banatu gabe geratuko dela”.

 

Sustatzaileak nabarmentzen duenez, ukitutako sektore ekonomikoetako hainbat gremio-erakundek zalantzan jartzen dute “laguntzaren xedea zorra eta galerak ordaintzea izatea”, izan ere, “eskakizun horiek balizko dirulaguntzatik at uzten dituzte beren hornitzaile guztiekin ordainketetan egunera dauden profesionalak”. Horri gehitu behar zaizkio hartzen diren konpromisoak, “bereziki jarduera 2022ko ekainaren 30era arte mantentzekoa eta beren ordainsarietan igoerarik ez onestekoa”.

 

Joan den abuztuaren 20ra arte Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuan 1.735 eskaera baino ez da aurkeztu, hasieran aurreikusitako 12.500etatik, autonomoak eta profesionalak laguntzeko Estatuko funtseko 67,7 milioi euroko laguntzen deialdirako. Eskabideak aurkezteko epea Gobernuak datorren irailaren 20ra arte luzatu du.