Noiz argitaratua Asteartea, 2021.eko Urtarrilak 12

Espainiako Gobernua premiatzen da izaera egonkorra eman diezaion Transfugismoaren aurkako Itunaren Jarraipen Batzordeari

2020an sartutako gehigarria aipatzen da, gehiengo demokratikoak aldatzearen ondoriozko ezegonkortasuna saihesteko behar diren lege-aldaketa guztiak onartzeko

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur, Navarra Sumaren, PSNren eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta Geroa Bai eta EH Bilduren abstentzioarekin (Izquierda-Ezkerrak ez du saioan parte hartu), zeinaren bidez Foru Legebiltzarrak transfugismoa errefusatzen baitu, “ustelkeria politikoaren jarduketa eta herritarren borondatearekiko iruzurra den heinean, erabateko desleialtasuna baita ordezkari publikoen hautagaitza babestu duten formazio politikoekiko, eta asmo bakarra baitu onura indibidualeko interesak bilatzea, nahiz eta horrek ekarri herritar guztiek demokratikoki hautestontzietan adierazi duten ordezkaritza instituzional eta politikoa leherraraztea”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean adierazten duenez, Nafarroako Parlamentuak adierazten du “bere aldezpena eta adostasuna ematen dizkiola Erakunde Demokratikoetako Transfugismoari buruzko Jokabide Politikorako Kodea dela-eta iritsitako Akordioko III. Eranskinari, zeina politikoki adostua izan baitzen Jarraipen Batzordeak 2020ko irailaren 21ean eginiko bileran, eztabaidatua 2020ko azaroaren 3ko bileran, eta onetsia, azkenik, 2020ko azaroaren 11n. Eta konpromisoa hartzen du bere Erregelamenduan eta foru legeetan egin beharrekoak diren aldaketak egiteko, haren edukia betetze aldera”.

 

Era berean, Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioa premiatzen da “izaera egonkorra eman diezaion Transfugismoaren aurkako Itunaren Jarraipen Batzordeari, berriki berrabiarazitako horri, eta haren jarraitutasuna berma dezan, konpromiso politikoa erakutsiz gaitz hori galarazteko eta saihesteko hauteskundeetan parte hartu zuteneko alderdi politikoa utzi duten hautetsiek herritarrek hauteskundeetan demokratikoki adierazitako ordezkaritza alda dezaten eta tokiko gobernuen egonkortasuna baldintza dezaten”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak transfugismoa dela-eta jokabide zuzenaren kode bat aplikatzeko akordioa aipatzen du, 1998an Diputatuen Kongresuan ordezkaritza zuten indar politiko nagusiek sinatutakoa, 2006ko Transfugismoaren aurkako Ituna egiteko oinarri izan baitzen. Ildo horretan, itun honen oinarrian dauden printzipioak gauzatzeko deia egin du, Jarraipen Batzordeak 2020an adostutako gehigarria aplikatuz.

 

Aipatutako gehigarria interpretazio-irizpide bihurtzen da behar diren lege- eta erregelamendu-aldaketa guztiak onartu arte, eta kaltetutako alderdiaren esku uzten du transfuga izaera zehaztea. Baldintza horrek berekin dakar parte hartze politikorako dituzten eskubideak Konstituzioak eta Konstituzio Auzitegiaren eta Auzitegi Gorenaren doktrinak eskatzen duten gutxienera murriztea, baita eskubide ekonomikoak ere.

 

Helburua, azken finean, transfugatzat kalifikatutakoak “isolatzea” da, “ekidite aldera haien portaera desleiala baliatua izan dadila herritarren hautuaren bidez modu demokratikoan eratu ziren gehiengoak eraldatzeko eta erakunde publikoetan ezegonkortasunari hauspoa emateko”.

 

Jorge Aguirre (PSN) buru izan duen saioan egon diren parlamentariak izan dira Carlos Pérez-Nievas, José Suárez, Isabel Olave, Iñaki Iriarte, Ángel Ansa, Cristina Ibarrola (Navarra Suma), Virginia Magdaleno, Inma Jurío (PSN), Blanca Regúlez, Jabi Arakama (Geroa Bai), Adolfo Araiz, Arantxa Izurdiaga (EH Bildu) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu.

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (130. NPAO, 2020-11-20koa)