Espainiako Gobernua premiatzen da "ikasleen bajak" deitutakoak arautzea azter dezan
Ekimen horren bidez, gazteenen osasun mentala zaintzeko eta babesteko neurrietan sakondu nahi da
Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeak erabaki bat onetsi du gaur (UPNk, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik, PPNk eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu dute, eta Voxek, berriz, aurka), zeinaren bidez Estatuko Gobernua premiatzen da "ikasleen bajak" deitutakoak arautzea azter dezan.
Bigarren puntuan, Hezkuntza Departamentuari eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari eskatzen zaie "nork bere eskumenen esparruan neurriak har ditzan arestian aipatutako arazoei aurre egiteko, eta ikasleen eskubideak berma ditzaten".
Lehenbiziko puntua EH Bildu talde parlamentarioak aurkeztu duen in voce zuzenketa batetik heldu da, proposatzaileak onartu egin baitzuen ordezteko zuzenketa hori.
Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztutako mozioaren zioen azalpenean esaten da gazte ikasleek gaixotasunei dagokienez –eta areago, gaixotasun mentalei dagokienez– bizi duten egoera kezkagarria izatera iristen ari dela lan-munduan mediku-baja justifikatuez denaz bezainbatean.
Nafarroako gazteriari buruzko 2022ko inkestan jasotzen den legez, gazteen % 15,9k dio laguntza espezializatua jaso dutela azken urte honetan, gaixotasun mentalarekin lotutako beharrizanak direla-eta.
Onetsitako erabakiak dio pertsona gazte batek (ikasle batek) iraupen luzeko mediku-baja izan dezakeela, ikasturte osoan eragotziko diona klasera joatea, baina ez dituela izanen baja hori lan-ingurune batean gertatuko balitz izanen lituzkeen bermeak eta eskubideak.
Proposamena egin duen taldearen ustez, gazteenen osasun mentala zaintzeko eta babesteko neurrietan sakondu beharra dago.
"Zorretan gaude ikasleen osasun mentalari dagokionez, eta aurrera egin beharra dago gaixotasun kasuetan eskubideak bermatzeari dagokionez –bereziki, osasun mentalaren kasuan–, lan-munduan jada gertatzen den moduan", dio, amaitzeko, erabakiak.
Carlos Mena (PSN) izan da batzordeburua, eta honako hauek ere parte hartu dute bilkuran: Pedro González, Marta Álvarez, Raquel Garbayo (UPN), Inma Jurío, Ibai Crespo (PSN), Eneka Maiz, Arantxa Izurdiaga (EH Bildu), Itxaso Soto, Isabel Aranburu (Geroa Bai), Javier García (PPN), Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin) eta Maite Nosti (Vox).
Archivos adjuntos