Espainiako Gobernua premiatzen da diseinatu eta finka dezan erreferentziazko zentroen sare bat sexu-organoak aldatzeko ebakuntzetarako
Pertsona transexual guztien eskubideen benetako bermea ziurtatzeko, haien bizitokia edozein izanda ere
Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen baita “diseinatu eta finka dezan erreferentziazko zentroen sare bat sexu-organoak aldatzeko ebakuntzetarako, horien kalitate gorena ziurtatze aldera herrialde osoko herritarrei, bai eta hurbiltasun fisiko handiagoa eta gaur egun dauden itxarote-zerrenden murrizketa nabarmena ere”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernua premiatzen du “hitzarmen berri bat sinatu dezan osasun-alorrean Euskal Autonomia Erkidegoarekin, xedatuko duena sexu-organoak aldatzeko ebakuntza bat behar duten nafarrek Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean egiten ahalko dutela ebakuntza”. Navarra Suma eta PSN abstenitu egin dira.
Era berean, eta Navarra Sumaren abstentzioarekin, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “ahal den neurrian ezar dezan sexua berresleitzeko kirurgiako unitate bat Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan, diziplina anitzeko Transbide unitate teknikoarekin koordinatuta”. Atal hau PSN eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu duten eta Geroa Bai ekimenaren titularrak onartu duen gehitzeko in voce zuzenketa baten emaitza da.
PSNk eta Podemos-Ahal Duguk gehitzeko beste in voce zuzenketa bat aurkeztu dute, Geroa Baik onartu ez duena, eta asmoa zen Nafarroako Gobernuari eskatzea pazienteak bideratu ditzan osasun-sistema nazionalaren sare publikoaren barneko erreferentzia nazionaleko unitateetara, baldin eta Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan ez bada ezartzen sexua berresleitzeko kirurgiako unitatea”.
Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Nafarroako Gobernuari proposatzen dio Euskal Autonomia Erkidegoarekin hitzarmen bat sinatzea, Bizkaiko Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea izan dadin sexu-organoen aldaketa-ebakuntzak egin nahi dituzten nafarren erreferentzia-zentroa; izan ere, gaur egun, erreferentziako zentroa Malagan dago, Iruñetik 900 kilometro baino gehiagora, eta bertara joan behar dute, eragiketak egiteko ez ezik, haiekin lotutako kontsultetarako ere, egoera hori “onartezina” bihurtuz.
Hala ere, sustatzailearen ustez, proposamen hori “ez da nahikoa” Estatu osoan dagoen arazoari modu integralean heltzeko, eta horregatik guztiagatik, “egoera ordenatzeko beharra” defendatzen du, “plangintza serio eta zorrotz batetik abiatuta, herrialde osoko transexualek hurbileko erreferentzia-zentro bat izan dezaten eta, horrela, transexual guztientzako eskubideen benetako bermea bete dadin, haien bizilekua edozein dela ere”.
Jorge Aguirre (PSN) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Isabel Olave, Alberto Bonilla, Pedro González, José Suárez, Ángel Ansa, Marta Álvarez (Navarra Suma), Patricia Fanlo, Nuria Medina (PSN), Jabi Arakama, Blanca Regúlez (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Patricia Perales (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).
- Mozioa (5. NPAO, 2023-01-13koa)