Espainiako Gobernua premiatzen da banku-entitateen bezeroentzako arreta presentzialerako gutxieneko zerbitzuak arautu ditzan
Finantza arloko “bazterketa digitala” eten nahi da, batez ere landa eremuan, bankaren eta CECAren “konpromiso soziala” gauzatuz
PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek baiezkoa emanda eta Navarra Suma abstenituta Osoko Bilkurak gaur onetsi duen erabaki batean Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du “banku-entitateen bezeroendako arreta presentzialerako gutxieneko zerbitzuak arautu ditzan, adindunei eta herritarren beste kolektibo batzuei arreta irisgarri eta kalitatezkoa bermatzera bideratuak”.
Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, Foru Gobernua premiatzen da “arreta presentzialerako, batez ere landa eremuan, pizgarriak eman diezazkien gure erkidegoan lan egiten duten banku-entitateei, finantza-zerbitzuen kontratazio publikoan klausula sozialak erabiliz”.
Era berean, jada hirugarren atalean, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “banku-entitateekiko lankidetza formulak garatu ditzala Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin batera, herritarrengandik gertuago dauden finantza-zerbitzuak ematea errazteko”. Navarra Suma eta I-E abstenitu egin dira.
Azkenik, Foru Gobernua bultzatzen da “Nafarroako Gobernuak onetsitako Inklusio eta Gaikuntza Digitalaren 2021-2025 aldiko Plana garatzen jarrai dezan, azpimarra berezia jarriz beharrizan gehien dituzten pertsonek eguneroko bizitzarako gaikuntza digitalean aurrera egiteko beharrean”. Navarra Suma eta I-E abstenitu egin dira.
Azkenean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “finantza arloko bazterketaren arazoari hel diezaion, Adinekoen Kontseiluaren esparruan, eta jarraipena egin dezan Espainiako eta Nafarroako Gobernuek abiarazitako neurrien gainean”. Epigrafe hori PSN eta Geroa bai taldeek aurkeztu duten gehitzeko zuzenketatik dator. Navarra Suma abstenitu egin da.
Zioen azalpenean, “finantza arloko bazterketa digitalaren fenomenoak” azken urteetan hartutako garrantzia” aipatzen du PSN talde parlamentarioak sustatutako erabakiak, eta, horri dagokionez, beharrezkotzat jotzen du berriz ere bateragarri egitea “enpresa proiektuen iraunkortasuna eta efizientzia bezeroen beharrizan eta gogoekin”, are gehiago landa eremuan nagusi diren kolektibo zaurgarrien kasuan, non askoz sakonagoa baita “arrakala digitala”.
Horretarako, “finantza zerbitzuetara iristea bermatze aldera adindunei eta banka elektronikora iristeko zailtasunak dituzten beste kolektibo batzuei”, aipamena egiten zaio Bezeroarentzako arreta-zerbitzuei buruzko Legearen aurreproiektuari. Arau mailako testu horren bidez “aurrez aurreko arretako oinarrizko zerbitzuen irisgarritasuna” bermatu nahi da, eraginkor bilakatuz bankak eta CECAk (Espainiako Aurrezki Kutxen Konfederazioa) sinatu duten protokolo estrategikoan jasotako “konpromiso soziala”.
Nafarroari dagokionez, proposatzaileak Inklusio eta Gaikuntza Digitalaren 2021-2025 aldiko Planari eusten dio. Nafarroako Gobernuak, “arrakala digitalaz oharturik”, martxan jarri zuen plan hori, prestakuntza, enplegagarritasuna eta lanaren kalitatea hobetzeko, beste alderdi batzuen artean.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (26. NPAO, 2022-02-25ekoa)
Archivos adjuntos