Eskubide Sozialetako Batzordeak bisita egin du Nafarroako ASPACEk Zizur Txikian dituen instalazioetara
Entitateak oinezko ibilbide irisgarri bat eskatzen du, zentroa herriarekin komunikatuko duena, erabiltzaileen autonomia errazteko
Nafarroako Parlamentuko Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Batzordeak bisita egin du gaur, UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioen ekimenez, Garun-paralisirako Laguntzarako ASPACE Nafarroako Elkarteak Zizur Txikian dauzkan instalazioetara.
Bertaraturiko parlamentariak Raquel Garbayo, Marta Álvarez (UPN), Olga Chueca (PSN), Javier Arza (EH Bildu), Itxaso Soto (Geroa Bai), Maribel García Malo (PPN), Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin) eta Maite Nosti (Vox) izan dira.
Parlamenturen ordezkaritzari harrera egin diotenak Ramón y Cajal zentroaren zuzendari María José Aliaga, Enplegurako Nafarroako Aspace Fundazioaren zuzendari Blanca Elizalde eta eguneko zentroaren zuzendari Mónica Blanco izan dira.
Ekimena izan duten taldeen eledunek zehaztu dutenez, bisitaren helburua izan da "bertatik bertara ezagutzea zentroak aurre egin beharreko zailtasunak, bai eta bertaraino iristeko bidearen egoera kaskarrak zentroaren erabiltzaileei sortzen dien irisgarritasun- eta autonomia-arazoa ere".
Aspacek Zizur Txikian dituen instalazio hauek 1983an izan ziren eraikiak, eta bertan kokaturik daude eguneko zentroa eta "Ramón y Cajal" egoitza, hurrenez hurren 92 eta 30 plaza dituztenak (plaza bat gehiago larrialdietarako), Nafarroako Gobernuarekin hitzartuak. Orobat dago bertan "Orreagako Ama Birjina" hezkuntza bereziko ikastetxea, 28 ikaslekoa.
Parlamentariek zentroko instalazioak ikuskatu eta, horren arduradunen eskutik, ezagutu dituzte aipatu hiru baliabideak eskaintzen diren guneak.
María José Aliaga zuzendariak esplikatu duenez, zentro honek dituen problemetatik handienetarikoa da "1983an eraiki zela eta, hortaz, 41 urte dituela". Alde batetik, garai hartan desgaituak "ikustezin egin eta baztertzeko" zegoen joerarengatik, zentroa Iruñetik urrun dago kokatua, bai eta Zizur Txikiko herrigunetik ere. Kokaleku horrek, "zentroko egoiliarren inklusioa eta sozializazioa larriki konplikatzeaz gain, zaildu egiten ditu irisgarritasuna eta erabiltzaileen autonomia".
Alde horretatik, Aspacek salatzen du ez dagoela segurtasunezko biderik zentrora iristeko edo ingurunean zehar mugitzeko, ez baitago espaloirik zentroa inguruetako herriekin komunikatuko duenik –Zizur Txikiarekin eta Zizur Nagusiarekin, alegia–. Dagoen bide bakarra Donejakue Bidearen parte da, eta ez da erabilgarria mugikortasun murriztua duten pertsonentzat. Udal bat baino gehiago ukitzen dituen bidea izaki, Parlamentuaren ordezkaritzari eskatu diote abian jar ditzala problema honi soluzioa eman eta oinezko ibilbide irisgarri bat atontzeko egoki diren ekimenak.
Bestetik, eta egia bada ere zentroa ez dela, Aliagak azaldu duen bezala, "zaharkituta geratu, ezen jadanik 1983an irisgarritasunezko ikusmolde batekin eraiki zen, erabiltzaileen beharrizanak ardatz harturik", parlamentariek okasioa izan dute denboraren iragatearen ondorioz instalazio batzuek agertzen duten egoera ikusteko, zeinak entitatea behartzen baitu "diru-inbertsio franko egitera, matxurak eta higadurak konpontzeko".
Horregatik, eta xede harturik zentroaren alderdirik andeatuena zaharberritzea, saneamendu-sarea aldatzea eta logela bikoitz eta hirukoitzak pertsonabakar izan daitezen eraldatzea, entitatearen aurreikuspena da aurki 800.000 euro baino gehiagoko obra bati ekitea.
ASPACE NAVARRA irabazi-asmorik gabeko erakundea dugu, guraso-talde baten kezkatik jaiotakoa, aukerak aurkitu nahian garun-paralisia eta/edo kideko nahasmenak pairatzen zituzten beren seme-alabentzat. 1971tik, erakundeak "bizi-ibilbide" bat tankeratu du, garun-paralisia eta/edo kideko nahasmenak dituzten pertsonen gizarteratzerik erabatekoena lortzera bideratua. Horretarako, zenbait programa eta zerbitzu pertsonalizatu apailatu ditu, pertsona guztiei eta haien adin eta premia desberdinetara egokituak.