Eskubide Sozialetako Batzordea bisitan joan da Familia Elkartzeko Arrotxapeko Gunera
Bisitaren helburua izan da bertatik bertara ezagutzea instalazioak eta zentroaren funtzionamendua, zeina Xilema Fundazioak kudeatzen baitu eta 100 familia artatzeko ahalmena baitu
Eskubide Sozialetako Batzordea bisitan joan da gaur Familia Elkartzeko Arrotxapeko Gunera. Nafarroako Gobernuaren mendeko gune hori, zeina Xilema Fundazioak kudeatzen baitu eta 100 familia artatzeko ahalmena baitu, familia-laguntzako zerbitzu bat da.
Honako batzordekide hauek izan dira bertan: Ángel Ansa (Navarra Suma), Nuria Medina (PSN), Blanca Regúlez (Geroa Bai), Patricia Perales (EH Bildu) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu).
Parlamentuaren ordezkaritzari Xilema Fundazioko zuzendari Idoia Urzainquik, familia elkartzeko guneetako koordinatzaile Cristina Lópezek eta Javier Huárriz psikologoak egin diete harrera.
EH Bilduk eskatuta egin den bisitaren helburua izan da “bertatik bertara ezagutzea gune horren instalazioak eta zentroaren funtzionamendua, bai eta Nafarroako Foru Komunitateak dauzkan lau guneek osatzen duten zerbitzua ere”.
Parlamentariak gunearen instalazioetan barrena ibili dira, zerbitzuaren koordinatzaile Cristina Lópezek gidatuta. Instalazioak halako moduan daude antolatuta eta egituratuta non familiekiko esku-hartzea modu zuzen eta efizientean egin baitaiteke.
Jarraian, bilera bat egin dute, “adingabearen interes gorenaren funtsezko printzipioarekin bat familia-nukleoan egonkortasuna berrezartzea bilatzen duen” familia-laguntzako zerbitzua sakonki ezagutzeko.
Familia Elkartzeko Guneak, horien arduradunek azaldu dutenez, banantze edo dibortzio prozesu batean sarturik dauden familiek –edo halako prozesu bat burutu dutenek–, profesionalek lagunduta, seme-alabekiko bisitak edo topaketak egin ahal izateko guneak dira. Familia-harreran dauden adingabeak aitarekin, amarekin edo familiarteko gertukoenekin egon ahal izateko baliabide bat ere badira.
Familia-epaitegiek, Emakumearen aurkako Indarkeriaren epaitegiek nahiz Zaintza Kudeatzeko eta Neurri Judizialak Betearazteko Atalak bidalitako familiak dira Familia Elkartzeko Guneen erabiltzaileak. Cristina Lópezek emandako datuen arabera, 2020an Nafarroako 282 familiaren kasuan esku hartu dute (%40, indarkeria kasuak direla-eta bideratuak).
Adierazi duenez, “2014tik aitzina ikusi dugu areagotu egin dela indarkeria kasuak direla-eta bideratutakoen kopurua, eta hortaz, orobat areagotu behar izan da gainbegiratutako bisiten kopurua, halako moduan non erdi-gainbegiratuak eta ‘utzi eta jaso’ egiten direnenak baino gehiago baitira jada.”
Erabiltzaileen % 29 genero-indarkeria pairatu duten emakumeak dira, eta adingabeen kasuan, berriz, genero-indarkeriako egoera batetik heldu dira neskatoen % 43 eta mutikoen % 41.
Familia Elkartzeko Guneen xedea da, Lópezen esanetan, neska-mutikoa bizi ez den gurasoarekin edo ahaidearekin elkartu ahal izan dadin ahalbidetzea, haren garapen fisiko, psikiko, afektibo eta emozionala behar bezalakoa izateko beharrezkoak diren loturak ezar ditzan, ebazpen judizialak betetzen direla bermatuz eta neska-mutikoarentzako edota alderik zaurgarrienarentzako arrisku- edo mehatxu-egoera potentzial oro minimizatuz.
Esku-hartze indibidualeko planen bitartez eginiko esku-hartzea aldi baterakoa da; bisiten araubidea normalizatzera bideratuta dago, harik eta baliabide horren premia eragin duten inguruabarrak desagertu arte edota bi gurasoek beren guraso-eginbeharrak onartzen dituzten arte, beren seme-alabekin komunikatzeko edota egoteko araubideari buruzko akordioak betetzeari dagokionez.
Nafarroako Gobernuarekin itundutako lau gune dauzka zerbitzuak, Iruñean –Arrotxapean eta Mendebaldean–, Tafallan eta Tuteran. Familia elkartzeko lau guneez gain, heldu den astean familia elkartzeko beste babesgune bat irekiko da –hori ere Iruñean–, espezializatuta egonen dena estaldura eta esku-hartzea hobetzeko.
Bilera bukatu ondoren, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeen ordezkariek eskerrak eman dizkiete jasotako azalpenengatik, eta informazioa jaso dute.