Noiz argitaratua Asteartea, 2024.eko Urtarrilak 23

Eskubide Sozialetako Batzordea bisitan izan da Corellan Desgaitasuna duten pertsonek Bizimodu Independentea izateko Etxebizitzak hartuko dituen eraikinean

ADISCO-Corellako Desgaituen Elkarteak laguntza ekonomikoa bilatzen du eraikina eraberritzeko eta aipatu baliabidea 2025ean eskaini ahal izateko

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Batzordea bisitan joan da gaur desgaitasuna duten pertsonen bizimodu independentea sustatzeko xedea duten zenbait etxebizitza egokitu hartuko dituen eraikinera. Baliabide berri bat da, Corellako Desgaituen Elkarteak Adisco Residencial Fundazioaren bitartez sustatu eta kudeatzen duena, bertan bizi direnen laneratzea ere erraztuko duena.

 

Batzordeko kide hauek izan dira bertan: Raquel Garbayo (UPN), Olga Chueca (PSN), Txomin González, Javier Arza (EH Bildu), Isabel Aranburu (Geroa Bai) eta Maribel García Malo (PPN).

 

Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egin diote ADISCOko lehendakari Valentín Carranzak, ADISCOko zuzendari José Antonio Delgadok eta Corellako alkate Gorka Garcíak.

 

Bisita UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek eskatu zuten eta haren xedea izan da Adisco Residencial-FADIR Fundazioak erositako eraikinaren egoera ezagutzea eta hura zaharberritzeko proiektuari buruzko informazioa jasotzea.

 

Proiektuaren helburua da, José Antonio Delgadok esplikatu duen bezala, “bizitza beregainerako etxebizitza-baliabide bat eskaintzea, apartamentuka antolatua, pertsona desgaituen autonomia indartzea erraztuko duena, beste gizarteratze-elementu gisa, aldi berean errotze- eta hurbiltasun-elementu gisa balio duena laneratze-xedeetarako”.

 

Horrekin lotuta, ordezkaritza parlamentarioak FADIR-ek Corellako Kale Nagusiko 33.ean erositako eraikina bisitatu du, haren narriadura-egoera ikusi eta zaharberritze-proiektuaren xehetasunak ezagutze aldera. Egiaztatu dutenez, eraikinak betetzen ditu aurreikusitako proiektua gauzatzeko baldintzak; izan ere, erdialdean kokatuta dago eta horrek erabiltzaileen integrazioa ahalbidetuko du, 11 etxebizitza egiteko ahalmen nahikoa du eta toki zabala du gune komunak sortzeko.

 

Proiektuak 1.600.000 euro inguruko kostua izanen du eta 11 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du (7 logela batekoak eta 4 bi logelakoak). Horietatik 3 gurpildun aulkia erabiltzen duten pertsonentzat egokituak egonen dira. Etxebizitza horietan biziko dira ADISCOren enplegu zentro berezian lan egiten duten pertsonak eta hala nahi duten desgaituak, guztiak bete arte. Halaber, proiektuan gune komunak izanen dituen beheko solairua eta kanpoko gune irisgarri bat aurreikusten dira. Hori guztia irisgarritasun fisikoa bermatuta eta energia-efizientziaren arloko A kalifikazioarekin.

 

FADIR-ek zaharberritze-lanei aurre egiteko laguntza ekonomikoa eskatzen du, horrek ahalbidetuko baitu “desgaitasuna duten Corella inguruko 18 pertsonak beren autonomia eta bizitza independentea bultzatzea, beti eskura izanen duten gertuko laguntza eta kontrolarekin”. Asmoa da baliabide hau 2025etik aurrera eskaini ahal izatea.

 

Ondoren, batzordekideak ADISCO-Corellako Desgaituen Elkartearen enplegu zentro berezira joan dira. Zentro honek laneratzeko aukera ematen die desgaitasuna duten 90 pertsona baino gehiagori. Bere helburua lortzeko, ADISCOk Doitze Sozial eta Pertsonalerako programa bat du, bai eta laguntza-unitateak osatzen dituen giza-talde bat ere, zeina arduratzen baita harreraz, prestakuntzaz eta lanpostuko akonpainamenduaz, pertsonen autonomia bultzatuz eta lagunduz, haien integrazioa errazte aldera.

 

Bisita bukatutakoan, UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta PPN talde parlamentarioetako bozeramaileek azalpenak eskertu dituzte eta informazioa bildu dute, behar diren ekimenak gauzatzeko, hala badagokio.