Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Maiatzak 6

Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatua zatitzeko ekimena errefusa zezan Nafarroako Gobernua premiatzen zuen mozioa baztertu da

Navarra Sumaren iritziz EAJk Kongresuan aurkeztu duen aldaketa proposamena nafar ekoizleen eta Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren osoko bilkuraren interesen aurkakoa da

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren eta I-Eren aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatua zatitzeko ekimena errefusa zezan eta, ukitutako eragileekin bildu ostean, Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuko nafar ekoizleen interesak defenda zitzan, bai Espainiako Gobernuaren bai Europako Batzordearen aitzinean”.

 

PSNk ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, Navarra Suma ekimenaren titularrak onartu ez duena, Gobernua premiatuz “argiro eta maila guztietan defenda ditzan Errioxa jatorri-deituran eta Nafarroa jatorri-deituran sartuta dauden nafar mahastizainen interesak”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak Nafarroako Gobernuari eskatzen zion iragan uztailaren 17an EAJ-PNV euskal talde parlamentarioak Diputatuen Kongresuan aurkeztutako proposamenaz, Autonomiaz gaindiko lurralde-eremuetako jatorri deiturena eta adierazpen geografiko babestuen maiatzaren 12ko 6/2015 Legea aldatzekoaz, bere iritzia eman zezan.

 

Sustatzailearen ustez, ekimenaren helburua “deitura hori zatitu eta jatorri deitura berri bat sortze” da, “Eusko Jaurlaritzaren kontrolpean, baina Errioxa markaren izenari eta merkatuari uko egin gabe, Errioxako, Nafarroako eta Arabako mahastizainek eta upeltegiek hamarkadatan egindako lanaren kaltetan”.

 

Ildo horretan, jakinarazten da Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren osoko bilkura ekimen horren aurka azaldu dela; “haien esanetan, «zuzenbideko bide toles baten bidez egindako bereizketa-saiakera eta desjabetze politiko» bat da, zeinaren bidez kudeaketa-eredu independente bat sortu nahi baita, non kontrol, ikuskapen eta zehapen ahalmenak kontseilu arauemaile bereki baten esku egonen bailirateke. Kontseilu bereki horrek erabakiko luke dena: kontra-etiketak, uztaren gaineko arauak, urtaldien kalifikazioa... Eta baitezpadakoa izanen litzateke: inork ere ezin izanen luke Arabako Errioxako ardoa egin Kontseilu horren kontrolik gabe”.

 

Jardun horretan, zalantzan jartzen da PSOEk EAEko Gobernuari "dena erabakitzeko" ahalmena emateko duen konplizitatea, "Errioxa JDKa osatzen duten gainerako erkidegoak kontuan hartu gabe, zeinaren kontseilu arauemailea gaur egun gai baita" kalitate- eta jatorri-berme hori emateko deitura osatzen duten hiru eremuetako bakoitzari: Arabako Errioxa, Goi Errioxa eta Ekialdeko Errioxa, non Nafarroako upategiak eta mahastizainak integratuta dauden".