Enplegu publikoan aldibaterakotasuna murrizte aldera egonkortze prozesuak egiteko neurriei buruzko foru legea onetsi da
Merezimenduarekin eta gaitasunarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik plazarik lortu ezin izan zuten hautagaien lanbide-kualifikazioa azpimarratu du Ganberak, eta 2025erako aparteko beste LEP bat egiteko konpromisoa hartu du
Parlamentuaren osoko bilkurak gaur onetsi du Nafarroako administrazio publikoetan enplegu publikoan aldibaterakotasuna murrizteko presako neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legetik eratorritako egonkortze prozesuak egiteko neurriei buruzko foru legea. PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu taldeek baiezko botoak eman dituzte, EH Bildu abstenitu egin da eta Navarra Sumak eta I-Ek ezezkoa eman dute.
2/2022 Foru Lege-dekretua baliozkotzearen ondorioz Ganberak agindutakoaren emaitza den foru lege honen xedea da foru araudi propioa egokitzea, bertan sartuz Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko 20/2021 Legean jasotako funtsezko eskubide eta betebeharrak (oinarrizko legeria), bai aldi baterako langileei dagokienez, kasu honetan administrazio-kontratazioari lotuak, bai eta egonkortze prozesu honetako hautapen prozedurak antolatzeko behar diren gainerako aurreikuspenei dagokienez ere.
Hala ere, hitzaurrean adierazten denez, Foru Komunitateko administrazio publikoak “guztiz edo partez” atxikitzen ahalko dira egonkortze prozesuak arautuko dituzten xedapenetara (II. titulua).
Enplegu publikoaren behin-behinekotasun handia murrizteko egiturazko erreformei ekin behar zaie eta premia horri erantzuten dio 20/2021 Legeak, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planarekin bat. Plan horrek “Europako Batzordearen aldeko ebaluazioa jaso du”. Azken helburua da egiturazko behin-behinekotasuna gehienez % 8koa izatea administrazio publikoetan, oro har.
Ildo horretan, Estatuko oinarrizko legeria eta Nafarroak bere funtzionario publikoen estatutu-araubidearen gain duen eskumen esklusiboa bateragarri izan daitezen, aldi baterako kontratazioari buruzko arauak aldatzen dira eta deitu beharreko egonkortze prozesuak arautzen dira, tartean direla izapide eta epeen sinplifikazioa, prozedurak ez gainditzearen ondoriozko konpentsazio ekonomikoa eta aldi baterako kontrataziorako zerrenden kudeaketa egonkortze prozedurak izapidetu bitartean.
Lehendabizi, 20/2021 Legearekin bat etorriz bitarteko langileen aldi baterako izaera indartzeari begira, hiru urtekogehieneko iraunaldia ezartzen da lanpostu hutsak betetzeko kontratuetan, urtebeteko iraunaldia Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren kontratuen kasuan “beste behar batzuei erantzuteko, baldin eta egiaztatzen bada langile finko nahikorik ez dagoela horiei aurre egiteko”. Administrazio-araubideko kontratazioan gehieneko iraunaldiak betetzen ez badira, konpentsazio ekonomikorako eskubidea izanen da.
Bigarrenik, egonkortze prozedurei dagokienez, egonkortzeko eskaintza publikoan sartzen diren lanpostuak betetzeko oposizio-lehiaketei, merezimendu-lehiaketei eta lekualdatze-lehiaketei aplikatu beharreko arauak ezartzen dira.
Hezkuntza Departamentuak aldi baterako enplegua egonkortzeko tramitatzen dituen prozedurei aplikatu beharreko arauak bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari lotuta daude. Bertan zehazten denez, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren V. tituluan aipatzen diren unibertsitateaz kanpoko irakasleei “haien araudi espezifikoan aurreikusi gabeko gaietan” soilik aplikatuko zaie foru lege-dekretua.
Hirugarren xedapen gehigarriak, bestalde, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak tramitatzen dituzten aldez aurreko barne-egokitzapeneko prozedurei aplikatu beharreko arauak ezartzen ditu.
Osoko Bilkuran egindako eztabaidan 42 zuzenketa eztabaidatu dira, eta horietatik 14 onetsi dira, 11 PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk batera aurkeztutakoak (Navarra Sumak guztien aurkako botoa eman du) eta 3 Navarra Sumak aurkeztutakoak (aho batez onetsi dira). Navarra Sumak aurkeztutako beste 13 ekarpenak eta I-Eren 15ak ezetsi egin dira.
EH Bilduk eta Nafarroako Gobernua eusten duten taldeek egindako aldaketen artean, Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sartzeko deialdi bat plazarik gabe gainditu izanaren merezimendua lehenestera bideratutakoak daude, “merezimenduarekin eta gaitasunarekin zerikusirik ez duen” arrazoi batengatik lanposturik lortu ezin izan zuten izangaien “lanbide-kualifikazioa egiaztatuta” dagoela iritzita. Horretarako, merezimendu profesionalen balorazioan oposizio-lehiaketan (foru-dekretuan 1,6 izatetik foro legean 3,2 izatera pasa da) eta merezimendu-lehiaketan (14tik 28ra) aurreikusitako puntuazioa bikoiztu egiten da.
Bi kasuetan, berdinketak plazarik gabe oposizioa gainditu duenaren alde ebatziko dira. Aurreikuspen hori Navarra Sumak eskatuta sartu da, haren zuzenketek aho batez egin baitute aurrera.
% 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonei puntu eta erdiko saria emango zaie (zuzenketa-faktorea), ezinezkoa baita txanda espezifiko bat sartzea, norgehiagoka-probarik ez dagoelako. Zuzenketa hau aho batez onetsi da.
Bestalde, 2015eko abenduaren 31 baino lehenagoko 90 egunetara zabaltzen da erreferentzia-data, iraupen luzeko aldi baterako langileak bereganatzeko, izan ere, denbora tarte txiki batengatik merezimendu-lehiaketen prozesuetatik kanpo geratu ziren.
Era berean, 2025ean aparteko LEP bat egitea erabaki da. Bertan, egonkortze-prozesua amaitu ondoren jabetzan beste lanpostu finko bat lortzeagatik hutsik geratuko liratekeen langile finkoen lanpostuak sartuko lirateke.
Euskarari dagokionez, Euskarabidearen esku utzi da ezagutza egiaztatzeko maila-proba bakarra egitea toki-entitateen egonkortzeko prozesuetan.
Navarra Sumak proposatuta eta aho batez onetsita, ebatzi da Administrazioan lanean urte asko eman ondoren eta 50 urte baino gehiago izanik, egonkortze-prozesuen ondorioz lanik gabe geratzen diren pertsonen enplegu-aukerak hobetzeko Nafarroako Lansareri agintzea politika aktiboak ezartzeko ardura. Berariazko programak izango dira, datozen lau urteetan.
Azkenik, LEParen ondorioak enpresa publikoetara zabaltzen dira, kontratuen tipologiari eta iraupenari buruzko arau berriak betetzearen garrantzia nabarmentzen da eta 2024. urtearen amaieran behin-behinekotasuna % 8ra murrizteko helburua azpimarratzen da (% 43an dago). Hori guztia, egonkortze-prozesuak administrazio edo erakunde bakoitzaren berariazko araudira egokitzeari utzi gabe.
Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen egunean hartu zuen indarra maiatzaren 23ko 2/2022 Foru Lege-dekretuak, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako administrazio publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz.
Baliozkotu ondoren, EH Bilduren eskariz eta Navarra Sumaren oposizioarekin, Parlamentuak foru lege proiektu gisa izapidetzea erabaki zuen, presazko prozeduraren bidez. Aurretik, Navarra Sumak eta I-Ek Nafarroako Gobernuak igorritako testua berrestearen aurka bozkatu zuten.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru-lege dekretua (72. NPAO, 2022-06-02koa)