Energia berriztagarria eskala txiki eta ertainean pilatzeko sistemak ezar zitzan Nafarroako Gobernua premiatzen zuen mozioa baztertu da
Mugikortasunaren arloan trantsizio energetikoa sustatzeko eskatzen zitzaion, instalazio publiko eta pribatuetan beharrezkoak diren birkarga-instalazioen lurralde-estaldura arautuz
Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur Navarra Sumaren eta EH Bilduren aurkako botoekin, I-Eren abstentzioarekin eta PSNren, Geroa Bairen eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “energia berriztagarria eskala txiki eta ertainean pilatzeko sistemak garatzea eta ezartzea susta dezan, sorkuntzan, erabileran eta biltegiratzean I+G+b-ari bereziki erreparatuz”.
Baztertutako mozioak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen zion “efizientzia energetikoa eta energia berriztagarriak susta ditzan, hala eraikin eta instalazio publiko eta pribatuetan nola nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietan”.
Era berean, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “mugikortasunaren arloan trantsizio energetikoa susta dezan, instalazio publiko eta pribatuetan beharrezkoak diren birkarga-instalazioen lurralde-estaldura arautuz”.
EH Bilduk aldatzeko zuzenketa bat aurkeztu du, PSN ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta eskatzen zuen “energiaren kontsumoa nabarmen murrizteko neurriak ezartzea”, baita “mugikortasunaren arloan trantsizio energetikoa sustatzea ere, neurriak hartuz zaurgarritasuna eta BEGen isuriak murrizteko, aurrerabidea eginez garraio publiko, kolektibo eta intermodalera eta garraio jasangarriko beste era batzuetara”.
Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak “ausardia politiko eta soziala” eskatzen du “klima aldaketak dakartzan mehatxuei aurre egiteko”, eta ildo horretan, baliabide natural guztien erabilera arrazionala eskatzen du, “elkartasun kolektiboan oinarrituz, energiaren erabilera efizienteagoa bilatzeko”.
Testuinguru horretan, nazioarteko konpromisoen pisua oroitarazten da, enpresen eta entitateen jarrera eta binkulazioa azpimarratzen da eta energía berriztagarrien kontsumoranzko aldaketa egiteko gonbidapena luzatzen da. “Ekoizle edo kontsumitzaile diren aldetik, herritarrek negutegi-efektuko gasen emisioa gutxitzen lagun dezaten”.
-
Mozioa (68. NPAO, 2020-06-12koa)