Noiz argitaratua Osteguna, 2013.eko Otsailak 14

Elikagaien hondakinen erabilerari buruzko Foru Legea onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak aho batez onetsi du gaur elikagaien hondakinen erabilerari buruzko Foru Legea, Nafarroako merkataritzari buruzko 17/2001 Foru Legea aldatzen duena.

 

Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako ebazpenaren (PPNk zuzendutakoa) xedea da Nafarroan sortutako elikagaien hondakinak ahalik eta gehien murriztea eta egoera zailean dauden herritar guztiei elikadura egokia bermatzea, izan ere, azken datuen arabera, Nafarroako biztanleen % 18 “pobrezia arriskuan” dago.

Merkataritzari buruzko legean egindako aldaketen xedea merkataritza-entitateak aprobetxatu daitezkeen elikagaien hondakinak Nafarroako elikagaien bankuari eta antzeko beste erakunde batzuei ematera behartuta egon daitezen da. Ideia hori Nekazaritza Ministerioaren txosten bati zor zaio, non baieztatzen den iraungitzear dagoen janariaren % 20 ematen dela bakarrik era honetako gobernuz kanpoko erakunderen bati, haiek aprobetxatu dezaten.

Bestalde, legeak Nafarroako Gobernuari 2013ko abenduaren 12a baino lehen, elikagaien soberakinak banatzeari buruzko jokabide egokien kode bat lan dezan agintzen dio. Asmoa kontsumorako gai diren baina merkaturatzeko gai ez diren elikagaien soberakinak gutxitzeko prozesuen efizientzia hobetzea da.

Horretarako, hainbat neurri ezartzen dira produktu horien soberakinak gizarte erakundeei eskuratzeko eta premia handienak dituzten pertsonen artean banatzeko eta, aldi berean, kate osoa kontzientziatzen laguntzeko, kontsumo arduratsua egiteko beharrari buruz eta elikagaien eralgiketa gutxitzeari buruz.

Azkenik, xedatzen da Nafarroako Gobernuak, tokiko gizarte zerbitzuen bidez, eta Nafarroako Elikagaien Bankuarekin eta antzeko beste erakunde batzuekin batera lan egiten duten laguntzarako entitateen sarearekin koordinatuta, behar diren neurriak ezarriko dituela baliabiderik ez duten pertsona eta familia guztiei beren garapen normalerako behar adinako oinarrizko elikadura bermatzeko.

Zioen azalpenean, esaten da ezen EBn urtean 89 milioi tona elikagai hondakin sortzen direla, eta horien % 20a “erabiltzeko moduan” daudela.

Nafarroako merkataritzari buruzko 17/2001 Foru Legea aldatzen duen elikagaien hondakinen erabilerari buruzko Foru Legearen artikulu bakarrak honakoa dio:

1. artikulua.
1. Nafarroako Merkataritzari buruzko uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legea aldatzen da, ondoko idatz-zatietan adierazitakoei dagokienez:
 

2. 16. artikuluari j) letra berria gehitzea. Honako testua izanen du:
“Jarduerak sortutako hondakinen kudeaketa egokia, hondakin horiek gutxitzera eta, bereziki, elikagaien hondakinak aprobetxatzera bideratutako neurriekin.”
 

3. 21. artikuluko 3. idatz-zatiari e) bis letra berria gehituko zaio, ondoko edukiarekin: “Jarduerak sortutako hondakinak kudeatzeko plana, haiek gutxitzera eta zuzen tratatzera bideratua. Elikagai-hondakinik sortuz gero, haiek aprobetxatzeko plana, elikagaien bankuekiko nahiz antzeko bestelako erakundeekiko akordioen bitartez.”
 

4. 39. bis artikulua gehituko da. Honako testua izanen du:
39. bis artikulua. Hondakinen kudeaketa. Hondakinen arloan aplikatzekoa den araudiaren arabera, txikizkako saltzaileek behar diren neurriak hartu beharko dituzte beren jarduerak sortutako hondakinak ahal den guztian gutxitzeko eta haiei tratamendu egokia emateko. Bereziki, elikagaien hondakinen kasuan, aprobetxagarriak direnak bereizi eta elikagaien bankuei eta antzeko beste erakunde batzuei eman beharko dizkiete”.
 

2. artikulua.
1. Nafarroako Gobernuak, 2013ko abenduaren 12a baino lehen, elikagaien soberakinak banatzeari buruzko jokabide egokien kode bat landuko du, ukitutako eragile guztien parte-hartzearekin, honako helburu hauekin:


a) Kontsumorako gai diren baina merkaturatzeko gai ez diren elikagaien soberakinak gutxitzeko prozesuen efizientzia hobetzea.
 

b) Neurriak ezartzea produktu horien soberakinak gizarte erakundeei eskuratzeko eta premia handienak dituzten pertsonen artean banatzeko.
 

c) Kate osoa kontzientziatzen laguntzea, ekoizleengandik hasi eta kontsumitzaileenganaino, kontsumo arduratsua egiteko beharrari buruz eta elikagaien eralgiketa gutxitzeari buruz.
 

2. Nafarroako Gobernuak, tokiko gizarte zerbitzuekin koordinatuta, behar diren neurriak ezarriko ditu baliabiderik ez duten pertsona eta familia guztiei beren garapen normalerako behar adinako oinarrizko elikadura bermatzeko, kasua bada aurreko idatz-zatian aipatutako soberakinetatik heldu diren elikagaien banaketarako zerbitzuen bitartez.

Azken xedapena.
Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

· www.parlamentodenavarra.es
· Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 75. zk., 2012-09-25ekoa)