Ekitaldi instituzionala Irubideko eta Julio Caro Barojako orkestren kontzertuarekin, gizarte ekonomiari buruzko parlamentu-saioa eta ate irekien jardunaldiak
Nafarroako Parlamentuak jardueren programa bat antolatu du abenduaren 3ko Nafarroaren Eguna ospatzeko
Datorren 28an, ostegunean, Nafarroako Parlamentuaren sarreran ekitaldi instituzional bat egingo da (19:30). Bertan, Parlamentuko lehendakari Alberto Catalán Higuerasek ekitaldira joaten direnak agurtu ondoren, Padre Moret-Irubide eta Julio Caro Baroja BHIetako orkestrek kontzertu bat emango dute.
Bi egun lehenago, asteartea 26an (10:00), Nafarroako sektore ekonomiko-sozialari buruz aritzea xede izango duen parlamentu-saio bat egingo da. Bertan, sektoreko entitateen eta enpresa erakundeen bozeramaileek parte hartuko dute. Azkenik, azaroaren 30ean eta abenduaren 2an ate irekien jardunaldiak izango dira Parlamentuan.
Ekitaldi instituzionala
Azaroaren 28an, 19:30ean, ekitaldi instituzional bat egingo da. Nafarroako Foru Komunitateko autoritate nagusien eta Nafarroako udaletako alkateak zein Nafarroako gizarte zibilaren erakunde, elkarte eta kolektiboen ordezkariak bertaratuko dira.
Ekitaldiaren hasieran Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Alberto Catalán Higuerasek, agurra emango du. Jarraian, Padre Moret-Irubide eta Julio Caro Baroja BHIetako orkestrek ordubete inguruko iraupena izango duen kontzertu bat emango dute. Aurtengoa, Nafarroako Parlamentuak bere ateak hezkuntza eta gizarte-ekimeneko kultur adierazpenei buruzko parte-hartzearentzat irekitzen dituen hirugarren urtea da, hala, 2011. urteko edizioan orfeoiarekin hasiera eman zitzaion berrikuntza honi jarraipena ematen zaio.
Nafarroako sektore ekonomiko-sozialari buruzko parlamentu-saioa
Azaroaren 26an, 10etan, Parlamentuko bilkuren aretoan Nafarroako ekonomia sozialaren egoerari buruzko saio bat egingo da. Osoko bilkura horretan, Nafarroa- Ekonomia Sozialeko Espainiako Enpresa-Konfederazioko (CEPES) ordezkariek parte hartuko dute, hau da, ekonomia sozialaren legean oinarritutako printzipioak gidari dituzten entitateak biltzen dituen enpresa-erakundearen ordezkariek. Xedea Nafarroako sektorearen egoera nolakoa den azal dezaten da.
Nafarroako Egunaren harira antolatzen den osoko bilkura hau 2008. urtetik antolatzen da. Urte horretan Nafarroako ikasleak izan ziren nagusi eta haien ustez Nafarroa nolakoa den eta etorkizunean nolakoa izatea gustatuko litzaiekeen azaldu zuten. Hurrengo urtean, Nafarroako adineko pertsonen elkarteak izan ziren nagusi. 2010ean Nafarroako gazteria ordezkatzen dituzten elkarteen parte-hartzea izan zuen, gure gazteek jasaten duten egoeraren azterketa sakona egiteaz gain, bizitzen ari garen egoera ikusita etorkizunerako nolako itxaropenak dituzten azaldu zutenak. 2011ko saioan Nafarroako emakumeen egoera nolakoa den aztertu zen. Eta, azkenik, iaz abeltzaintzaren sektorea izan zuen ardatz.
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak saioa gidatuko du eta foru-parlamentari eta sektore ekonomiko-sozialaren ordezkari guztiak gonbidatuak izanen dira.
Eztabaidan CEPES-Nafarroako erakunde eta entitate hauek parte hartuko dute:
Nafarroako Lan Enpresen Elkartea (ANEL)
Nafarroako Nekazaritza Kooperatiben Batasuna (UCAN)
Gizarteratze eta Laneratze Zentroak (CIS)
Nafarroako Fundazioen Elkartea
Saioan erakunde bakoitzaren ordezkari batek parte hartuko du eta hainbat proposamen defendatuko ditu, ondoren bozkatuko direnak.
Onesten diren proposamenak parlamentu-taldeei helaraziko zaizkie haiek ezagut ditzaten eta, kasua denean, parlamentu-ekimenen bat proposatu dezaten.
Ate irekien jardunaldiak
Azaroaren 30ean eta abenduaren 2an, larunbatean eta astelehenean, Nafarroako Parlamentuak herritarrei bere ateak irekiko dizkie ate irekien jardunaldien edizio berri batean.
Bisitariek Nafarroako parlamentuko gelak ikusiko dituzte, hau da, osoko bilkuren aretoa, batzordeen aretoak, Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren aretoa, sarrera eta areto instituzionala.
Ibilbidean bisitariek parlamentu-lana burutzeko erabiltzen diren guneak ezagutuko dituzte, bai eta legeak onesteko eta Nafarroako Gobernuko kideen kontrola egiteko erabiltzen direnak ere. Era berean, Nafarroako Parlamentuaren funtzioei, antolaketari eta funtzionamenduari buruzko azalpenak eta informazioa jasoko dute. Gainera, Nafarroako Parlamentuko arte-bildumaren zati bat ikusteko aukera izango dute, bisitatuko diren aretoen paretetan zintzilikatuta dauden lanak ikusiko baitituzte.
Bisita gidatuak 40 pertsonatako taldeetan egingo dira eta Iñigo Arista Kolektiboaren profesionalen esku egongo dira, izan ere, Parlamentuak antolatu dituen ate irekietako jardunaldien beste edizio batzuetan parte hartu dute dagoeneko.
Bisitek ordubeteko iraupena izango dute eta honela egingo dira: azaroaren 30an goizean hiru txandatan 10:30etik aurrera; eta abenduaren 2an goizean lau txandatan 10:30etik aurrera eta hiru txandatan 16:30etik aurrera. Talde batzuek bisita gaztelaniaz eta euskaraz egiteko aukera izanen dute.
Bisita egiteko eskaera doakoa da eta 948 209 209 telefonoaren bidez eginen da, 9:00tik 15:00era.