Ekialdeko Pirinioei buruzko ponentziak egindako txostenaren jarraipena egiteko Batzorde Berezi bat sortzea onetsi da
Besteak beste, biztanleria galtzen ari diren lurraldeei buruzko foru lege bat egitea proposatzen zen
Parlamentuaren osoko bilkurak aho batez onetsi du gaur Ekialdeko Pirinioei buruzko ponentziak egindako txostena nahiz Parlamentuaren 2018ko azaroaren 8ko Osoko Bilkuran onetsitako erabakia betetzeari buruzko jarraipena eta kontrola egiteko Batzorde Berezi bat sortzea.
UPN, PSN, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin taldeek aurkeztutako ekimenak Ekialdeko Pirinioetako haranen egoera sozioekonomikoa aztertzeko Ponentziaren txostenean du oinarria. Txosten horretan, besteak beste, biztanleria galtzen ari diren lurraldeei buruzko foru legea egitea proposatzen zen, X. legegintzaldia (2019-23) hasi eta sei hilabeteko epean.
Bestalde, osoko bilkura hartan onartutako ebazpenaren 5. puntuan azaldutako konpromisoa gogorarazi da, hau da, "Ekialdeko Pirinioen berariazko errealitatea aintzat hartzea legeak egiterakoan".
Erregelamenduaren 50. artikuluan adierazten denez, batzorde bereziak dira, erregelamenduan ezarritakoez gain, “Parlamentuko Osoko Bilkurak izaera horrekin sortzen dituenak”. Lan zehatz baterako sor daitezke, bai eta erakunde edo entitate publiko jakin batzuekin harremanak izateko eginkizunarekin ere.