Ebazpen bat onetsi da, Nafarroako Gobernua premiatzen duena azalera handiko saltokien ixte-ordutegia muga dezan
Ganberak igande eta jaiegunetan erosteak duen eragin negatiboari buruz kontzientziatze kanpaina bat egitea proposatzen du
Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “mugatu dezan azalera handiko saltokien ixte-ordutegia, jardunik gabeko ordu batzuk ezarriz, zenbait autonomia erkidegok jadanik egiten duten bezala”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Diputatuen Kongresuari eskatzen dio “alda dezan 1/2004 Legea, abenduaren 21ekoa, merkataritza-ordutegiei buruzkoa, zeina aldaturik gertatu baitzen aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna sustatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege-dekretuaren V. tituluak xedatutakoaren ondorioz. Helburua da autonomia erkidego bakoitzak zehatz dezala zer igande eta jaiegunetan izanen duten irekitzeko aukera saltoki handiek”.
Era berean, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “kanpaina bat egin dezan gizartean, kontzientziatze-lana egitekoa igande eta jaiegunetan erosteak hainbat arlotan duen eragin negatiboari buruz”.
Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak sustatutako ebazpenak salatzen du saltoki handi batzuen itxiera ordutegiak, baita jaiegunetan irekitzeko erabakiak ere, “bertan lan egiten duten pertsonen eskubideak urratzeaz gain, inpaktu negatiboa izaten dutela merkataritza txikiaren ehunduran”.
Argudiatzen denez, “abusuzko” ordutegi hauek mugatzeak produktibitatea areagotuko du, familiako bizitza eta lana uztartzearen ikuspegitik osasungarria izanen da eta ez dira langileen bizimoduak hautsiko, eta era berean, saltoki txikiak errespetatu eginen dira, izan ere, azken urteetan, merkataritza txikiko establezimenduak bezala haietan diharduten langileen kopurua ere gutxitzen joan da.
Hori dela eta, sustatzaileak “ezinbestekotzat” jotzen du estatu-mailako legediak autonomia erkidego bakoitzaren eskuetan utz dezan gai horren araupetzea egitea, tokian tokiko errealitate turistiko, ekonomiko eta sozialaren arabera, izan ere, egun Nafarroan merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legea guztiz baldintzaturik dago ordutegiak eta jaiegunetako irekialdia arautzen dituen estatu-mailako dekretuak xedatzen duenera.
María Solana (Geroa Bai) buru izan duen saioan izan dira Ángel Ansa, Juan Luis Sánchez de Muniáin, Maribel García Malo, Iñaki Iriarte, Carlos Pérez-Nievas, José Suárez (Navarra Suma), Nuria Medina, Jorge Aguirre, Virginia Magdaleno (PSN), Mikel Asiáin (Geroa Bai), Arantxa Izurdiaga, Laura Aznal (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (122. NPAO, 2020-11-10ekoa)