Ebazpen bat bazter utzi dute, zeinak Nafarroako Gobernua premiatzen duen legezko ekimena abian jar dezan, Nafarroako Parlamentua izate aldera Nafarroako herriaren ordezkari demokratikoa Estatuarekiko negoziazioetan
Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk haren kontra emandako botoekin, atxiki gabeko bi parlamentarien abstentzioarekin eta Bildu-k, Nabai-k eta I-Ek haren alde emandako botoekin, mozio bat bazter utzi du gaur, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen zen “adieraztera Parlamentuari dagokiola, Nafarroako herriaren ordezkari demokratikoa den aldetik, Estatuarekiko harremanetan ordezkaritza politikoa izatea, Hitzarmen Ekonomikoa eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa (NFBHLO) gaurkotzeko edo aldatzeko negoziazioetan”.
Bazter utzitako mozioak bigarren puntu bat zuen, non Nafarroako Gobernua premiatzen zen “lege ekimena baliatzera, legez ezarritako bideen bidetatik, Nafarroako herriaren ordezkaritza demokratikoa Nafarroako Parlamentuak eduki dezan Estatuarekiko negoziazioetan”.
Era berean eta hirugarren atal batean, Nafarroako Gobernuari dei egiten zitzaion “beharrezkoak diren lege aldaketak sustatzera, lege-eraginez ezartze aldera Nafarroaren eta Estatuaren arteko negoziazio politikoetako subjektua eta protagonista haren ordezkari demokratikoa izan behar dela; alegia, Nafarroako Parlamentua”.
Atxiki gabeko bi parlamentariek ordezkatze zuzenketa bat aurkeztu dute, Nabai-k (ekimenaren buruak) onetsi ez duena. Zuzenketa horren bidez gobernu zentralak eta Nafarroako Gobernuak “Parlamentuak aurretik berretsi gabe (hitzarmenaren esparruan) Nafarroan eragin ekonomiko garrantzitsua izango duten akordio lotesleak egitearen guztiz kontra” daudela adierazi nahi zuten. Halaber, parlamentuko kideek Hitzarmen Ekonomikoaren inguruko negoziazioei buruz Foru Komunitateko Gobernuari eskatzen dieten informazioetan “gardentasun osoa” eskatzen zuten. Azkenik, Parlamentuak NFBHLOren baitako aldaketak “erreferendum bidez berretsi” daitezen nahi duela adieraztea proposatzen zen.
Zioen azalpenean, Nabai parlamentu-taldeak bultzatutako mozioak ziurtatzen zuen ezen Nafarroako Gobernuari Nafarroaren izenean Estatuarekin negoziatzea dagokiola esaten duen araudia, bai hitzarmenen arloan, bai foru araubidearenean “zaharkitua eta oinarri demokratikorik gabekoa” dela. Halaber, mozioak dio horrek “obskurantismoa eta eraginkortasunik eza” dakarrela “Nafarroaren eskubideak eta interesak defendatzean”.
Proposatu duen taldeak Nafarroako Gobernuak konstituziokontrakotasun errekurtsoak sustatzeko asmorik ez izatea jarri du adibide gisa. Jarrera hori ez dator bat Parlamentuarenarekin, azken horrek “bost” jarri baititu. Gobernuak ez du errekurtso bakar bat ere jarri eta adierazi duenez “ez du horiekin bat egingo”.
· www.parlamento-navarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 101. zk., 2012-11-26koa)