Noiz argitaratua Osteguna, 2014.eko Apirilak 10

Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legea aldatzea onetsi dute

Gizarte entitateen lan solidarioa erraztu nahi du, administrazioak ematen dituen laguntzen epe eta ordainketen izapidetzea azkartuz eta sinplifikatuz

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin, diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legea aldatzea onetsi du gaur.


Izquierda-Ezkerrak aurkeztu duen Foru Lege proposamenaren xedea da administrazioak gizarte entitateei ematen dizkien diru-laguntzen “izapidetzea, epeak eta ordainketak azkartzea eta erraztea”, beti ere, organismo guztiek egin behar duten moduan, kontuak ematen jarraituz.


Asmoa finantzaziorako formula “desegokiak” aplikatzeak sortu duen “egonkortasun eta ziurtasun falta” ekonomikoa saihestea da, izan ere, formula horiek nagusiki “administrazioko prozedurak kontrolatzen” zituzten, “sektore estrategiko baten beharretara egokitutako tresnak” eman ordez. Horrela bada, hainbat neurri proposatzen dira krisi testuinguru honetan berezi beharrezkoak diren gizarte ekintzaren hirugarren sektoreak hartzen dituen entitateen lan “solidarioa” erraztera bideratuta daudenak.


Esparru horretan eta martxoa izan arren “deitu edo ebatzi gabeko” diru-laguntzekin dagoen “atzerapenaren” aurrean, urtero emateko prozedurak urtarrilean hastea eta ebazpena gehienez ere hiru hileko epean ematea aurreikusten da. Salbuespenak behar bezala “justifikatuta egon beharko dira eta Nafarroako Parlamentuaren Ekonomiako Batzordean egiaztatu beharko dira urte bakoitzeko otsailaren 28a baino lehen”.


Eta, edozein egoera dela-eta, esleitu gabeko soberakin bat badago, aurrekontu-ekitaldi berean “premiazko” deialdi berri bat egingo da.


Gainera, oinarri arautzaileetan ezarritako ebazpen eta ordainketa epeak ez betetzekotan, “interes legala edo kalte-ordainak administrazioaren kargura ematea” baimentzen da. horrek administrazioak partikularrekin eta entitateekin parekatzen ditu, haien arau hausteak beti kasuan kasuko erregimen zigortzailearen mende baitaude.


Halaber, gizarte ekintzako proiektuak eta programak finantzatzea xede duten diru-laguntzak aurreratzea ahalbidetzen da, izaera orokorrarekin, baliabide nahikorik ez duten irabazi asmorik gabeko entitateentzat edo baliabide nahikorik ez duten haien federazio, konfederazio eta elkarteentzat. Diru-laguntza 60.000 eurokoa edo txikiagoa bada, ordainketa bakarrean ordainduko da. Zenbateko hori gainditzen badu, gutxienez bi zatitan ordainduko da; horietako lehena, diru-laguntza ematea ebaztearekin batera eta ez da inolaz ere 30.000 euro baino gutxiagokoa izango, azkenekoa izan ezik, baldin eta diru-laguntza osatu behar duen zenbatekoak ez bada kantitate horretara iristen.


Gainerako onuradunentzat (soilik aurrerakinak oinarri arautzaileetan aurreikusita badaude), aurrerakinak 60.000 euro baino gehiagokoak badira, bermeak ezarriko dira, salbu eta onuraduna administrazio publiko bat edo sektore publikoko entitate bat denean, eta defizitaren konpentsazioak ematen zaizkienean etengabeko prestakuntzako programetan horretarako eskubidea duten enplegu zentro bereziei.


Halaber, zilegi izanen da aipatutako bermea ez eskatzea sindikatuei eta enpresa-erakundeei, “Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaia” Fundazioari eta irabazi asmorik gabeko entitateei.


Hautazko izaerarekin, “dauden egoera bereziei erantzuteko Ogasuneko kontseilariak egoki deritzon kasuetan”, Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaia” Fundazioari eta irabazi asmorik gabeko kultur entitateei berme horiek ez eskatzea. Salbuespen horrek ez ditu sindikatu- eta enpresa-erakundeak hartzen.


Gizarte ekintzaren hirugarren sektorearen likidotasunerako eta krediturako sarbidea errazte aldera, legeak gobernua Nafarroan jarduten duten finantza-entitateekin lankidetza hitzarmenak sustatzera behartzen du.


Amaitzeko, legeak diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko epeak ezartzen ditu. Edonola ere, gizarte entitateak hala eskatzen badu, hasierako data, behin ebazpena jaso ondoren, diru-laguntza emateko ebazpena bera baino lehenagokoa izan daiteke, betiere deialdia egin den urte naturalaren barruan izanez gero. Ekintza horiek gauzatzeko epeak oinarri arautzaileetan hasieran emandako denbora halako bira bitarte luzatzen ahalko dira.


Baliabide propio, pribatu edo beste laguntzetatik eratorritakoekin egindako jarduera kofinantziatuei dagokienean, zenbatekoa, iturria eta funts horiek diruz lagundutako jardueretan duten aplikazioa egiaztatzeko betebeharra ezabatu da.


Legeak hiru hilero diru-laguntzen plan estrategiko bat egotea aurreikusten du, Nafarroako Parlamentuko Ekonomiako Batzordean urtean urteko apirilaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dena. Horrez gain, aurreko ekitaldian egindako deialdiak ebaluatzeko txostenak ere emango zaizkio.

www.parlamento-navarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 86. zk., 2013-08-08koa)
• Irizpenaren argitalpena (NPAO, 46. zk., 2014-04-01ekoa)