'Denboraren soinuak’ erakusketa inauguratu da, Patxi Aldunate artista nafarraren ikerketa plastikoaren emaitza
Juan Barriola argazkilari eta bildumagilearen artxiboetako antzinako argazkietan oinarritutako margolan eta argazki bilduma da, eta apirilaren 25era arte ikusgai egongo da
Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak, Ainhoa Aznarez Igarzak, Denboraren soinuak erakusketa inauguratu du gaur eguerdian, Juan Barriola argazkilari eta bildumagilearen artxiboetako antzinako argazkietan oinarrituz Patxi Aldunate artista nafarrak burututako margolan eta argazki bilduma.
Lehendakariaren hitzetan, “frontoiek, topaleku eta gure bizitzen testigu isilak izan direnek, Euskal Herriko, Iparraldeko eta Nafarroako kulturan izan duten garrantzia jasotzen du bildumak. Erakusketa honek, gure kirola den pilotari diogun estimua islatzen du, eta zentzu horretan, haurtzarora garraiatzen gaitu etorkizunera garamatzan bitartean”.
Hala, Patxi Aldunateri Parlamentuko Ataria bere lanen erakustoki hautatu izanagatik eskerrak eman ostean, Ainhoa Aznarezek frontoiaren balioa azpimarratu du, “giza harremanen espazio gisa. Frontoi klasikoen serie baten aurrean gaude, libreki erabil daitezkeen toki erosoak dira, baldintza bakar gisa pilota bat eramatearekin. Ziur nago bilduma honek frontoien iraupenean eragina izango duela, egun oraindik ere gure herrietako erdigune baitira”.
Jarraian, Patxi Aldunatek, bildumaren egileak, azaldu du bilduma honek frontoienganako, euskal herriko espazio bereizgarri hauenganako begirada aldatu nahi duela. Zentzu horretan, “plaza guztien balioa aldarrikatzea da helburua, gure herrien kultura eta bizitza sozialaren erdigune baitira, eta beraz, zaindu eta estimatu beharreko tokiak. Idazleen, arkitektoen eta argazkilari anonimoen laguntza eskertu nahi nuke. Haiek guztiak ere honen parte dira”.
Juan Barriolak oroitarazi du “orain bi urte hasi zela Nafarroako plazak ezagutzen, eta bizirik jarraitzen dutela ohartu zen. Gertakari ugariren testigu izan dira toki hauek, pilota partiduak, herri kirolak, erromeriak. Plaza hauek harri bitxiak bailitzan babestu eta gorde behar ditugu”.
Ekitaldia Ganberako Atarian izan da, eta beste batzuen artean, Maiorga Ramirez (Mahaiako lehenengo idazkaria), Koldo Martínez (Geroa Bai), Miren Aranoa (EH Bildu) eta Laura Pérez (Podemos-Ahal Dugu bertaratu dira.
Denboraren soinuak erakusketak 40 argazki eta margolan biltzen ditu, frontoia elementu nagusitzat erabiliz. Ganberako atarian egonen da ikusgau apirilaren 25era arte, 10:00etatik 20:00etara astelehenetik ostiralera eta larunbatetan 11:30etatik 14:00etara.
Era batean edo bestean erakusketan parte hartu duten pertsonak eta entitateak hurrengoak dira: Manuel Bergera, Enrike Zelaia, Fernando Goñi, Juan Martínez Irujo, Abel Barriola, Miguel Pozueta Daniel Garbayo, Javier Izcue, Iñaki Uriarte, Eneko Argiñano, Mari Jose Eceolaza, Conchi Gavilanes, Jon Fuentes, José María Otermin, Nafar Pilota Federazioa, Salvemos el Beti Jai Plataforma, Laudioko Pilota Eskola, Orbarako Udala, Imaz de Olazti Landetxea, Leitzako Baleztena familia, Zizurko Kultur Etxea, Egiako (Donostia) Kultur Etxea, Altsasuko Kultur Etxea
Patxi Aldunate, Arte Ederretan Lizentziatua da EHUn, eta ondare luzea dauka obra publiko edo instituzionalean. Hainbat sari jaso izan ditu, esaterako, Irungo Adour-Bidasoa Nazioarteko Margolan Lehiaketa (2014), Villa de Almonacid de Zoritako Almonacideko Margolan Saria (Guadalajara, 2014), Romanzado Bailarako Margolan Saria (Nafarroa, 2013), Nafarroako Gobernuko Eskultura Saria (2008), Agoitzeko Bilaketa Nazioarteko Margolan Saria (2005), Centenario de Mutua Navarra Nazioarteko Margolan Saria (2005) eta Olazko Margolan Saria (2005).