Canal de Navarra izeneko sozietateari 2013 eta 2026 urteen artean 77 milioi aurreratzea xedatzen duen foru legea onetsi dute
Aurrekontuak luzatu egiten badira, ubidean garatu beharreko jardueren gastua nahitaezko gastutzat hartuko da
Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk haren alde emandako botoekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren kontra emandako botoekin, foru lege bat onetsi du gaur, zeinaren bidez Nafarroako Gobernuak, “Nafarroako Ubidearen etorkizuneko gastuak” kontzepturako, “Canal de Navarra S.A.” sozietateari emateko hitzartua duen diru-aurrerakinak eragindako finantza gastua zer urtaldiri egotziko zaion ezartzen duen (77 milioi 2013 eta 2026 urteen artean). Hori guztia, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Ministerioak eta Nafarroako Foru Komunitateak Nafarroako Ubidea eraikitzeko izenpetu zuten lankidetza hitzarmena gaurkotzeko agiriaren bosgarren klausulan deskribatutakoaren arabera, zeinak 8.500.000 euroko kreditu berezia ematen duen 2013ko gastuak finantzatzeko.
Horretarako, legeak “Canal de Navarra S.A.” sozietateari 2013 eta 2026 urteen artean 77 milioi aurreratzeko konpromisoa hartuko dela xedatzen du. Era berean, 2027 eta 2040 urteen artean zenbateko hori itzultzea aurreikusten da, urtero % 3ko interesa irabaziz. 77 milioi horiek era honetan aurreratuko dira: 8,5 milioi urtean 2013 eta 2017 artean, 7,5 2018an, 6,5 2020an, 5,5 milioi 2021ean, 4 2022an, 2 2023 eta 2024an, 1,5 2025ean eta 500.000 euro 2026an.
Halaber, xedatzen da 8,5 milioiko kreditu berezi bat ematea 2013ko ekitaldiko, finantzaketa beharrei aurre egiteko. Kreditu berezi horren finantzaketa 2013. urtera luzatutako 2012ko aurrekontuaren ‘luzapeneko funtsa’ izeneko kredituaren kargura eginen da.
Legean hirugarren xedapen gehigarri bat txertatzen da, zeinak xedatzen duen aurrekontuak luzatu egiten badira, Nafarroako Ubidean garatu beharreko jardueren gastua nahitaezko gastutzat hartuko dela.
Neurri honekin, lortu nahi da “ureztatu beharreko lurren lehengo fasea handitzeari lehentasuna emateak ez izatea oztopo ziurtatzeko aurrekontua egonen dela bigarren fasea aurreikusitako epeetan aurrera eramateko”.
• www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 114. zk., 2013-10-07koa)
• Zuzenketen argitalpena (NPAO, 121. zk., 2013-10-24koa)