Canae-Ceapak antolatutako “Familia eta ikasleak. Positiboa Bizikidetzan” IV. Jardunaldiei amaiera eman diete Unai Hualdek eta Pilar Alegriak
Lehendakaria eta ministroa ados agertu dira hezkuntza sistemaren kalitatea eta ekitatea azpimarratzean, garapen sozialaren eta pertsonalaren eragilea baita, politika publikoen ardatz estrategikoetako bat
CEAPA-CANAE erakundeak antolatutako IV. Jardunaldien lehenengo saioari amaiera eman diote Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eta Hezkuntzako ministro Pilar Alegriak. Estatu osoko eztabaidarako eta hausnarketarako foroa izan da, Familia eta ikasleak: Positiboa Bizikidetzan izenekoa, eta ongizate emozionalari, osasun mentalari eta ulermenari lotutako gaiei heldu die.
Legebiltzarreko presidente Unai Hualdek horixe eman du aditzera, azpimarratu baitu zeinen garrantzitsua den “bizikidetza eta hezkuntza berdintasunean lantzea, modu kolegiatuan, hezkuntza komunitate osoaren eskutik, ikasleak, familiak eta irakasleak inplikatzen saiatzeko. Munduan, teknologiaren eraginez, berehalakotasuna da nagusi, eta ugaritu egin dira gezurrak, gerrak eta gorrotoa; horregatik da premiazkoa hezkuntza indartzea erronka horiei guztiei aurre egiten saiatzeko” modu fidagarrian eta epe luzerako ikusmirarekin, adierazi duenez.
Horren harira, eta kontuan hartuta tolerantziaren eta errespetuaren inguruan heztearen garrantzia, lehendakariak balioa eman dio Nafarroako erakundeek Laguntza programa erreferentziatzat hartuta hezkuntzak grapen sozialeko eta pertsonaleko eragile gisa duen rola hobetzeko egin duten lanari. Programa “aitzindaria” izan zen planteamenduen aldetik, eta, sei urte geroago, “oraindik dago indarrean”.
Hori horrela eta “osasun mentala” labur aipatu ostean, hura “indartzea” baita gure “lehentasun nagusietako bat, agerian geratzen denez Parlamentuan antolatzen ditugun askotariko jardunaldi eta ikastaroetan”, Unai Hualdek Gobernuaren eta Legebiltzarraren konpromisoa berretsi ditu amaitzeko, hezkuntza beren politiketako ardatz estrategikoen artean sartuko dutelako, denek xeda baitute “zerbitzu publikoak indartzea. Guztion ardura da. CEAPA-CANAEren ekimena eskertu nahi dut, eta eskerrik asko ere bai ministroari, hezkuntzako agintariei eta talde parlamentarioei bertan egoteagatik. Eskerrik asko”.
Pilar Alegría, Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kiroletako ministroa, poztu egin da hezkuntza komunitatea osatzen duten kolektiboen parte hartze aktiboa in situ egiaztatu ahal izan duelako, eta Gobernuak ongizate emozionalarekin eta bizikidetzarekin lotutako gai guztiekin duen konpromisoa nabarmendu du ere bai.
Alegríak gogorarazi duenez, "Gobernu honek berraktibatu du PPk geldiarazitako Eskola Bizikidetzaren Estatuko Behatokia, eta ikasleen ongizate emozionalerako programa bat sortu du, azken bi urte hauetan autonomia erkidegoei hamar milioi euro ematea ahalbidetu duena".
Ministroak CEAPArentzat eta CANAErentzat ere gorde ditu hitz batzuk, eta zoriondu egin ditu "Estatuko Eskola Kontseiluan jarrera konstruktiboa eta propositiboa erakutsi dutelako”. Hauxe adierazi du ere bai: “Kontseilu horretan, zuen ekarpenak eta hausnarketak oso serio hartzen dira. Logikoa da, lehenengo lerrotik baitatoz, eta bertatik egiten duzue lan kosta ahala kosta hezkuntza publikoa hobetzeko. Mira egiten dizuet, eutsi aktibismoari. Jarraitu horren sendoak eta sutsuak izaten ekarpenak egitean. Beti egonen dira konpondu gabeko arazoak eta erronkak, baina aurrerapenak jarrera positiboetatik sortzen dira beti, eta ez jarrera suntsitzaileetatik edota mezu desinformatuetatik", zehaztu duenez.
Pilar Alegríak, amaitzeko, zorionak eman dizkie Hezkuntzako kontseilariari eta Foru Erkidego osoari, "Lanbide Heziketako ikasle gehien dituen lurraldea delako". Eredu horrek "hazten" jarraitzen du, eta Gobernuaren "lehentasunetako" bat da, autonomia erkidego bakoitzaren errealitatea enpresa sarearen beharrizanekin lotu eta "gazteen enplegua murrizteko".
CANAEko presidente Antonio Amantek eta CEAPAko presidente María Capellánek agerian utzi dutenez, “familiak eta ikasleak dira hezkuntza sistemaren zutoinak”; horrez gain, osasun mentalak eskolaren esparruan duen garrantzia aldarrikatu dute eta argi utzi dute prest daudela hezkuntza “integratzaile, inklusibo, berdinzale eta oraingo eta etorkizuneko erronketarako erantzunak dituen” hezkuntza baten alde lan egiten jarraitzeko.
“Hezkuntza sistema konplexua da, askotariko interesak topatzen baitira, eta berebizikoa da gogoan izatea familien eta ikasleen eskubideak ezin direla bigarren planoan geratu. Ikasten dutenen eta irakaskuntzan laguntzen dutenen zerbitzura egon behar dute ikastetxeek. Elkarrekin lanean baino ez dugu lortuko hori betetzea”, Capellánek azaldu duenez.
Bi mintzaldi izan dira Nafarroako Parlamentuan antolatutako saioan. Lehenengoa Borja Rodríguez psikologo, terapeuta eta dibulgatzaileak egin du, eta “Osasun mentala eta bizikidetza positiboa” izan ditu hizpide. Bigarrenak, Nélida Zitegui pedagogo eta bizikidetzako espezialistak emana, “Bizikidetza lehentasun gisa” jorratu du.
Familiei, ikasleei eta bizikidetzari buruzko IV. Jardunaldien amaierako ekitaldia igandean izanen da, Parlamentutik kanpo, eta ondorioak nahiz amaierako txostena eginen dira.
Ikasle Elkarten Estatuko Konfederazioa (CANAE) herrialde osoko hainbat autonomia erkidegotako ikasle elkarte eta federazioek osatzen dute. Erakunde ez partidista eta ez konfesionala da, ikasleek osatua eta ikasleentzako soilik, unibertsitatez kanpoko esparruan.
Ikasleen Guraso Elkarteen Espainiako Konfederazioa (CEAPA) erakunde soziala eta ez konfesionala da, progresista eta independentea, eta lan egiten du kalitatezko eskola publikoa izateko, ikasle guztien arrakasta akademikoa lortzeko, irakaskuntza demokratizatzeko eta haurren baldintzak hobetzeko. Konfederaziorik handiena da, unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako 12.000 guraso elkarte biltzen baititu gutxi gorabehera. Hori dela-eta, gurasoen eta Hezkuntza Ministerioaren arteko solaskide nagusia da hezkuntza sisteman sustatu beharreko politiken eta ekintzen negoziazioetan.
Honako hauek bertaratu dira IV. Jardunaldietara, besteak beste: Ángel Ansa, Cristina López (UPN), Maite Esporrín, Inma Jurío, Kevin Lucero (PSN), Eneka Maiz (EH Bildu), María Solana (Geroa Bai), Miguel Garrido, Daniel López (Contigo Zurekin), Hezkuntzako kontseilari Carlos Gimeno, Nafarroako Eskola Kontseiluko presidente Manuel Martín eta Alicia Echeverría, Gobernuaren ordezkaria Nafarroan.