C.A. Osasunak Nafarroako Parlamentuaren Domina jasoko du 100 urteko historiaren omenez
C.A. Osasunak Nafarroako Parlamentuaren Domina jasoko du. Hala erabaki du Parlamentuko Mahaiak, bere historiako 100 urte hauetan egindako lana aintzatesteko.
Domina emateko ekitaldia abenduaren 2an ospatuko da, asteazkenarekin, 2020ko Nafarroaren Eguna ospatuz. Ekitaldira Luis Sabalza klubeko presidentea eta bere erreferentziako taldeen lehen hiru kapitainak gonbidatuko dituzte. 12:00etan izanen da Osoko bilkuren aretoan.
Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Legebiltzarrak erabakitzen baitu Nafarroako Parlamentuaren Domina C.A. Osasunari ematea, haren 100 urteko historiaren omenez. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztu dute.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak aintzatetsi egiten du Club Atlético Osasunak bere historiako 100 urte hauetan egindako lana.
2. Nafarroako Parlamentuak aitortu egiten du Club Atlético Osasunak gure erkidegoaren historian daukan garrantzia.
3. Nafarroako Parlamentuak bere aintzatespen eta esker ona adierazten dizkie Osasunarekin zerikusia izanik klubaren ospea eraikitzen lagundu duten pertsona guztiei, bai eta 100 urteko epe horretan klubaren biziari eutsi dioten bazkide guztiei ere.
4. Nafarroako Parlamentuak beharrezko deritzo kiroleko berdintasunaren alde jarduten segitzeari, emakumezkoen kirolaren aldeko apustua eginez, zeinetan Club Atlético Osasunak urteak baitaramatza Nafarroako beste klub batzuekin lanean.
5. Nafarroako Parlamentuak estimatu egiten du desgaitasunak dituzten pertsonei zuzenduriko kirol inklusiboaren alde apustu egitearen garrantzia, Osasunak bere Genuine taldearekin balioan jarri duen bezala.
6. Nafarroako Parlamentuaren domina Club Atlético Osasunari emateak esan nahi du aitortu egiten dela haren kirol-ibilbide peto-petoa, bai eta Nafarroak betidanik bereizgarri izan dituen jatortasun, pluraltasun eta apaltasunaren balioak jantzirik eramate hori ere".