Bizikidetzarako Nafarroako I. Plan Estrategikoari ekarpenak eginen dizkion talde parlamentarioen mahaia eratu da
Elkarrizketa-mahaien lana 2021eko martxora arte luzatuko dela aurreikusten da, eta Gobernuak 2021eko irailean onetsiko luke plana
Legebiltzarrean ordezkatuta dauden talde politikoen mahai bat eratu da gaur Foru Parlamentuan, zeinak Bizikidetzarako Nafarroako I. Plan Estrategikoa taxutzearen karietara programa bat prestatuko baitu, erakundeen agenda politikoan bizikidetasuna sartzera bideratua.
Horrela, Nafarroako Gobernuak Foru Komunitateko Bizikidetzarako I. Plan Estrategikoa prestatzen jarraitzen du, proiektu hau sortzeko prozesua aberasteko elkarrizketa-mahaiak abian jarriz.
Gaur eguerdiko saioan, Parlamentuko lehendakari Unai Hualde, Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo eta Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusi Martín Zabalza izan dira, eta parte hartzeko metodologia, agenda eta eztabaidarako gaiak jorratu dira, bizikidetza erakunde nagusien agenda politikoan txertatzeko.
Legebiltzarreko egoitzako erabilera anitzeko gelan egindako bileran, honako hauek ere parte hartu dute: Iñaki Iriarte, Isabel Olave (Navarra Suma talde parlamentarioa), Inma Jurío, Jorge Aguirre (PSN talde parlamentarioa), Uxue Barkos, Jabi Arakama (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Bakartxo Ruiz (EH Bildu talde parlamentarioa). Podemos Ahal Dugu eta I-Eko parlamentariak ezin izan dira bertaratu.
Parlamentuko lehendakari Unai Hualde jaunak bilera ireki du, eta eskerrak eman dizkie Nafarroako Gobernuari egindako lanagatik eta talde parlamentarioei, "Nafarroako bizikidetzaren eguneroko azterketa eskatzen duen proiektu batean parte hartzeagatik".
Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo andreak Sintesi Dokumentuaren zenbait alderdi azpimarratu ditu, eta hari buruz esan du “planak ezartzen dituen esparruak landuko dituzten mahaien lana gidatzeko balio behar duen lehen gogoeta” dela. Zehaztu duenez, “mahai honek talde parlamentarioek ordezkatzen dituzten sentsibilitate politiko ezberdinak jaso behar ditu, plana idazterakoan ideiak kontuan har daitezen”. https://gobiernoabierto.navarra.es/sites/default/files/sintesis_document...
Bestalde, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusi Martín Zabalza jaunak programa akordioaren mandatua aipatu du. “Elkarteekin, erreferentziazko pertsonekin eta gai horrekin kezkatuta eta inplikatuta dagoen Nafarroako gizarte-sarearekin landutako prozesu parte-hartzaile batez aberastu nahi dugu”.
Talde parlamentarioen mahaiak hiru saiotan lan eginen du, erredakzio-taldeak planean sar daitezkeen taldeen ekarpenak jaso ahal izan ditzan. Lehenengo saioa lanerako egutegia eta gaiak finkatzeko izanen da. Bigarrenean, diagnostikora zuzendutako ekarpen eta proposamen nagusiak aurkeztuko dira. Horretarako, ikuspegiak trukatzea eta funtsezko alderdiak identifikatzea sustatuko da. Hirugarren saioan ekarpenak laburbildu eta ondorio nagusiak garatuko dira.
Prozesuan zehar, Gobernuak eta Parlamentuak bizikidetzarako balio demokratikoen erreferenteak diren aldetik erakunde gisa egiten duten lana eta zeregina azpimarratuko dira.
Testuinguru horretan, ikasgaiek, bizikidetzak bezala, erakundeen agenda politikoan duten eragina aztertuko da, eztabaida politikoa sustatuko da elkarbizitzaren ariketa demokratiko gisa, eta kalitate demokratikoa eta gobernantza hobetzearen aldeko apustua eginen da. Hori guztia, bizikidetza optimizatzeko eta herritarrek erakundeengan konfiantza handiagoa izateko.
Irailean zehar, elkarrizketa-mahaiak eratuko dira toki-erakundeetako, Nafarroako Gobernuko departamentuetako eta bizikidetzarekin zerikusia duten sektoreetako ordezkariekin.
Horien bidez, ahalik eta parte-hartze handiena lortu nahi da maila identitario, ideologiko, demografiko eta kulturalean, dagoeneko finkatuta dauden espazio sozial eta instituzionalak ere aprobetxatuz.
Aurreikusita dago lanerako mahaiek 2021eko martxora arte lanean jardutea. Gobernuak plana 2021eko irailean onetsiko duela zehaztu da.