Noiz argitaratua Ostirala, 2016.eko Otsailak 5

Bilkura monografikoa. 'Enpleguaren egoerari, sustapenari eta sorkuntzari buruzko azterketa Nafarroan'

UPNk, PSNk eta PPNk zerga erreforma zentsuratu dute eta NAOen eragin kaltegarria salatu, eta GB-K, Bilduk, Podemosek eta I-Ek zerga, gizarte eta lan esparru solidarioagoa defendatzen dute

PSNk apustu egiten du garapen ekonomikorako estrategia orokor baten alde

PSNk bere konpromisoa azaldu du hazkunde “bidezko, berritzaile eta adimentsua” bultzatzeko, Parlamentuak haren eskariz egindako bilkura monografikoan. Zentzu horretan, “garapen ekonomikoaren estrategia orokor baten alde” egin du; “haren pean plan zehatzak ezarri beharko lirateke".


"Ausardiaren garaia da, talentuak aukerabide bat izan dezan, eta hori sinergia eta koordinazioa baliatuz egiten da", baieztatu du bilkura honetan aurrena parte hartu duen María Chivite PSNko eledunak; gainera, haren ustetan, bilkura honek lehendabizikoa izan behar zuen, enplegua lehentasunezkoa baita.


Chivitek Gobernuari eta beste talde eta agente ekonomikoei eskua luzatu die adostasunak eratzeko; halaber, zenbait adierazle ekonomiko berrikusi ditu, horiek "neurriak hartzeko premia berresten baitute; neurri horietariko batzuk premiazkoak eta berehalakoak dira eta beste batzuk ibilbide luzeagokoak".


Horrela, “garapen ekonomikoaren estrategia orokor baten alde” egin du; haren haritik plan zehatzak ezarriko lirateke, enpleguaren eta pizkunde ekonomikoaren parametroen arabera; horren ondoren, Foru Gobernuak 2016rako onartutako erreforma fiskala eta aurrekontuak kritikatu ditu.


Chivitek beharrezkotzat jo du industriarako plan zehatza prestatzea, bai eta AHTa, Nafarroako Ubidea eta banda zabala bezalako azpiegiturek sorrarazten dituzten aukerak baliatzea eta lan erreforma indargabetzea ere.


PSNko eledunak teknologien eta hizkuntzen garrantzia azpimarratu du eta ikerketa, berrikuntza eta garapena etorkizunaren giltza direla adierazi.


Chivitek ohartarazi du gizarte ekonomiaren eremu zehatzei heldu behar zaiela; era berean, egonkortasuna erdietsi behar dela enplegu publikoan, bereziki funtsezkoak diren sektoreetan, hala nola hezkuntzan eta osasunean. Bestalde, laguntza publikoak jasotzen dituzten enpresekin zorrotzak izateko eta kontziliazioari erantzuna emateko premia aldarrikatu du.


Chiviteren esanetan, PSNk nahi du Gobernuak enplegagarritasunerako orientazioa eskubide gisa bermatzea; bukatzeko, lanpostuetan zalantzazko egoerak bizi behar dituzten langileak animatu nahi izan ditu.


"Enpleguaren duintasunaren aldeko borroka gizarte gisa aldarrikatu behar dugun borroka da”, azpimarratu du Chivitek.


UPNk Foru Gobernua salatu du sei hilabetean Nafarroaren irudia hondatzeagatik

Javier Esparzak (UPN) aipatu du “Nafarroa enpresa sareari konfiantza ematen zion lurralde miretsia eta errespetatua zela eta irudi hori sei hilabetean hondatzen ari dela” Uxue Barkos buru duen Gobernua.


"Lana sortzeko gai ez bazara, joan zaitez", adierazi dio lehendakariari; izan ere, haren ustetan, dena ongi doan une batean ez da onargarria Nafarroari gaizki joatea.


Foru Gobernuarekin oso kritikoa izan den diskurtso batean, Esparzak onartu du Nafarroak hobeki eutsi diola krisialdiari beste komunitate batzuek baino, baina hori ez dela kontsolagarria; horren ondoren adierazi du “gizarte politikarik onena dela enplegua sortzeko gai dena”.


Horri buruz, eledun erregionalistak adierazi du enpleguak enpresek, enpresaburuek eta autonomoek sorrarazten dituztela; aldi berean, nabarmendu du zer-nolako garrantzia duten prestakuntzak eta hezkuntzak, hizkuntzen ikaskuntza bereziki azpimarratuz.


Azpiegiturei dagokienez, aipatu du “gauza batzuk alderantziz” ari direla egiten, eta, zentzu horretan, aipatu ditu AHTari, Nafarroako Ubideari edo industriaguneei lotutako jarduketa batzuk; azken horiei buruz hau adierazi du: "kasu batzuetan ez da deus egiten eta beste batzuetan dena ari da gelditzen".


Esparza sinetsita dago proiektu estrategikoen jarraipena hobe daitekeela, autonomoei lagun dakiekeela eta ekintzailetza, ikerketa, berrikuntza eta garapena susta daitezkeela, eta Gobernuak ekimen horiei lagundu beharrean “murrizketak" egiten diharduela.


Halaber, politika fiskala ere kritikatu du, horrek eragiten baitu “Nafarroako enpresak izatea zergarik gehien ordaintzen dutenak", eta Gobernuari aurpegiratu dio industriaren, lehen sektorearen, energia berriztagarrien, biomedikuntzaren edo turismoaren gisako sektoreak zalantzan jartzea.


Enplegu publikoa denaz bezainbatean, Esparzak ziurtatu du mezua honako hau dela: “euskaraz dakienak Administrazio Publikoan lan egin ahal izanen du eta ez dakiena konpon dadila".


Bukatzeko, UPNko agintariak azpimarratu du Gobernuak ez duela konfiantzarik sorrarazten eta adibide modura aipatu du haien sindikatuak ere ez direla harekin fio, "egun batzuetan gauza bat esaten dietelako eta beste batzuetan alderantzizkoa, engainatu dituztelako eta gezurra esan".

Geroa Baik “kalitatezko enpleguaren aldeko ituna” erdietsi nahi du

Koldo Martinezek (Geroa Bai) “kalitatezko enpleguaren aldeko ituna” defendatu du eta krisialditik ateratzeko gizarte irtenbide baten alde agertu da, pertsonak eta haien premiak erdigunean jarriz.


Martinezek gogora ekarri nahi izan ditu langabezian daudenak edo EEE bat sufritu behar dutenak, eta PPren Gobernuak hartutako neurriak zalantzan jarri ditu, nabarmendu duenez, kolektibo zehatz baten alde jokatu baitute, bankaren alde, baina ez gehiengoaren alde.


Martinezek zenbait adierazle ekonomiko berrikusi ditu, Espainia mailarik baxuenetan kokatzen dutenak Europarekin alderatuta; jarraian zehaztu du “ezin bereiz daitekeela Espainiaren egoera PPren Gobernuak onetsitako lan erreformatik”.


Geroa Bairen eledunak baieztatu du ez zela ezinbestekoa, egin den bezala, zerbitzu publikoak murrizketa handien bidez prekario bihurtzea, eta onartu du gobernuek beren jarduketa lehentasunak ezar ditzaketela, baina aurpegiratu du “paradisu fiskalekin bukatzea ez dela lehentasuna izan”.


Horren ondoren, adierazi du “Nafarroa ez dela uharte bat eta problematiko global horren barnean murgildurik dagoela”; jarraian, BAI inkestako datuak aipatu ditu, langabeziaren igoera islatzen baitute, nahiz eta hazkundea “urtarokoa” izan.


Martinezek ohartarazi du gazteen langabeziaren inguruan dagoen arazoaz; beraz, enpleguaren aldeko politiken erronka nagusiak izan behar du “prestakuntza lan eskariei egokitzea”.


Geroa Bairen ordezkariak aldeak eta desberdintasunak bazter uzteko eskatu du, gizarteak behar dituen gutxieneko adostasunak lor daitezen eta galdegin du langabeziari “guzti-guztiok irtenbidea bilatzen laguntzeko arazo global gisa” azter dadila.


Zentzu horretan, kalitatezko enpleguaren aldeko hitzarmena erdiestera iristeko eskatu du eta, horretarako, guztion ahaleginak eta elkartasuna beharko dira.


Geroa Bairen eleduna langileen gaitasunak sendotzearen alde agertu da kontinente osoan eta, horri dagokionez, Europako enpresa batzordea eta enpresa batzorde transnazionalak babestu ditu.


Bukatzeko, Martinezek sistema produktibo baten eredua sustatzeko premia azpimarratu du, eta haren barnean funtsezkotzat jo ditu ikerketa, berrikuntza eta garapena.

EH Bilduk aldarrikatu du Nafarroak lan merkatua erregulatzeko duen eskubidea

Adolfo Araizek (EH Bildu) “eredu ekonomiko berri” baten alde egin du, eta, aipatu duenez, horretan Nafarroak "lan merkatua erregulatzeko eskubide eta betebeharra" izan behar ditu.


“Enplegua ezin izan daiteke luxu bat, bizimodu duin eta autonomoa bermatzeko eskubidea izan behar du”, baieztatu du Araizek; era berean, lanaren banaketaren alde agertu da.


Orobat, Nafarroak lan merkatua ez ezik gizarte babeseko sistema osoa ere erregulatzeko izan beharreko eskubidea defendatu du, haren esku Gizarte Segurantzaren eta pentsioen gisako lanabesak egon daitezen.


Eledun abertzaleak gehitu du prekarietatearen kontrako borroka lehentasunezkoa dela, eta, aldi berean, enplegu nitxo berriak garatzeko eskatu du.


Araizen esanetan, langabezia gizarte honen “arazorik behinena” da; halaber, enpleguaren arloan diren lan politikak eta lurralde desberdintasunak kritikatu ditu. Ondoren, “lotsagarritzat” jo du testuinguru horretan oraindik ere “milaka ordu estra” egiten jarraitzea.


Horren ondotik, eredu ekonomiko berri baten alde agertu da, ezagutzaren gizartean oinarritu beharreko eredu produktibo baten alde, enplegua sortzeko balio izanen duen garapen endogeno baten alde.


Zentzu horretan, Araiz enpleguaren sorkuntza erraztea ahalbidetuko duten akordioak lortzeko prest azaldu da, langabezia apaltzen eta, batik bat, enpleguaren kalitatea hobetzen laguntzeko.


EH Bilduko ordezkariak erantsi du akordio bat beharrezkoa dela gizarte murrizketa gehiago ez dela izanen bermatzeko, erreforma fiskalaren bidean sakontzeko eta enplegua sortzen laguntzeko, betiere lehentasun gisa zementua eta politika espekulatiboak bazter utziz.


Era berean, akordio baten azaldu da, ekonomia produktiboa finantzatzeko sistema publiko eta propioa abian jar dadin; hain zuzen ere, sektore publikoak enplegua ez suntsitzeko, administrazioan behin-behinekotasun maila handia murrizteko eta lanbide heziketaren eredu berria eratzeko akordioa.


Bukatzeko, Araizek bestelako akordioak ere defendatu ditu, kontratazioan aukera berdintasuna bultzatzeko, lan segurtasuna bermatzeko, kontratazio agirietan gizarte klausulak jasoko direla ziurtatzeko eta enpleguaren arloan eskumen osoa eskatzeko eta egikaritzeko.

Podemosek ekoizpen, ekonomia eta gizarte eredua aldatzeko eskatu du

Carlos Cousok (Podemos-Ahal Dugu) “ekoizpen, ekonomia eta gizarte eredua aldatzeko premia” defendatu du; eta hori “Gobernuaren ekintza politiko bakoitzean gauzatu behar da”.


Cousok zalantzan jarri ditu Konstituzioak zehaztutako helburuak betetzeko “zuzenak izan ez diren enplegu politikak” eta sektore publikoen pribatizazioa, merkatuen liberalizazioa, enpresa pribatuari emandako laguntzak eta lan harremanen desarauketa eta prekarizazioa salatu ditu.


Horri honakoa erantsi dio: prestazioen, zerbitzu publikoen eta gizarte eskubideen murrizketa “basatia”, horrek eraman baikaitu pertsona askok gaur egun pairatu beharreko langabezia eta pobrezia larriko egoerara.


Cousok adierazi du austeritatea ez dela “lan eta gizarte eskubideak desagerraraztea”, diru xahutzeek bere horretan dirauten bitartean; orobat, “gaur egungo sistema oso ekonomikotzat jo du, baina ez batere sozialtzat”.


“Podemos-Ahal dugu taldean ez dugu mirarietan sinesten”, aipatu du Cousok; halaber, ziurtatu du ez direla politikan sartu mirariak egiteko, baizik eta dagoena aldatzeko, “sozialki bidegabea” delako.


Zentzu horretan, ekoizpen, ekonomi eta gizarte ereduaren aldaketa defendatu du, Gobernuaren ekintza politiko bakoitzean gauzatu beharrekoa; horretarako, "balioen eskala aldatzen hasi beharra dago".


Cousok onartu du Nafarroak ez duela eskumenik lan merkatuaren barneko oinarrizko legerian, baina bai enpleguaren aldeko politika aktiboak garatzeko; horri begira, Nafar Lansarearen gisako lanabesa dauka, eta orain arte haren jardunbidea kritikatu dute eta horrexegatik babestu dute haren erreforma.


Cousok beharrezkotzat jo du energia berriztagarrien sektorearen aldeko apustua, ingurumenari eta autosufizientzia energetikoari buruzko arrazoiak tarteko. Halaber, defendatu du inbertitzaileak erakartzeko politikak enpresen gizarte konpromisoarekin eta enpleguaren kalitatearekin uztartu behar direla.


Azkenik, Podemos-Ahal Duguko parlamentarioak autonomoei laguntzeko eskatu du, lanaren banaketa defendatu du eta enpresa bideragarriak ixteko eta deslokalizatzeko erraztasunak eskaintzen dituzten europar arautegiak kritikatu ditu.

PPk helburu zehatzak izanen dituen berrindustrializazio politika eskatu du

Ana Beltranek (PPN) “berrindustrializazio politika argi baterako oinarriak finkatzeko” eskatu du, “helburu zehatzekin”, eta, horrekin batera, garapen ekonomikoari eta berrindustrializazioari buruzko ponentzia bat eratzeko galdegin du.


PPNko eledunak nabarmendu du Nafarroan langabezia Espainian baino goragoko portzentajean handitu dela eta datu ekonomikoak etsigarritzat jo ditu, beste komunitate batzuetan gertatzen denaz bestaldera, Nafarroan ez baita enplegurik sortzen ari.


Beste bozeramaile batzuek estatuak hartutako neurriei egindako kritikak ikusita, zehatzago berak defendatutako lan erreformari buruzkoak, Beltranek azpimarratu du Nafarroan onartutako erreforma fiskalak “enpresen ihesaldia” eragiten diharduela.


PPNko ordezkariak Gobernuari aurpegiratu dio legealdiko sei hilabeteetan ez duela proposamen bakar bat ere aurkeztu “lanpostuen sorkuntzarekin zerikusirik duenik”.


Ana Beltranek nabarmendu du Nafarroan historikoki enpresen ekimena “oso garrantzitsua izan dela, gizarte eta ekonomiaren hazkundeari laguntzeko gaitasuna erakutsi duela eta hori egiten jarraitu behar duela”.


“Enpresentzat berriro ere erakargarria izanen den komunitatea izaten jarraitu behar dugu”, azpimarratu du Beltranek; orobat, helburu zehatzak eta definituak izanen dituen berrindustrializazio politika argi baterako oinarriak finkatzeko galdegin du.


PPNko eledunak ezagutza eta talentua erakartzeko eta bertan gelditzeko apustua egin du eta lana aurkitzeko zailtasunik gehien duten kolektiboen kontratazioa sustatuko duten neurriak ezartzen alde agertu da.


Gainera, beharrezkotzat jo du Erriberan eta Sakanan premiazko neurriak hartzea eta ondarearen gaineko zerga indargabetzea enpresen ondasunei eragiten dien neurrian, azken horiek ezinbestekoak baitira enpresaren funtzionamenduari begira.


Azkenik, Ana Beltrán garapen ekonomikoari eta berrindustrializazioari buruzko ponentzia bat eratzearen alde agertu da, betiere agente ekonomikoen partaidetzarekin.

I-Ek ezinbestekotzat jotzen du eredua aldatzea eta ekonomia jendearen zerbitzura jartzea

José Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerra) adierazi du “eredua eta politikak aldatu behar direla eta ekonomia jendearen zerbitzura jarri".


Egoera ekonomikoa aztertzerakoan, Nuinek azaldu du arazoa ekonomi eta lan eredua dela eta orain arte aplikatutako politikak; izan ere, “porrot egin duten murrizketa eta austeritate politikak” izan dira eta desberdintasuna eta langabezia areagotu dituzte.


“Iruzur sozial eta ekonomiko ikaragarria bizi izan dugu”, adierazi du Nuinek; era berean, ohartarazi du “krisialdia buka dadin, porrot egin duten politiken orrialdea pasatu behar dugula, austeritatearen eta eskubideen murrizketen politiken orrialdea, hain zuzen ere”.


I-Eko eledunak onartu du egoki iruditzen zaiola adostasun eta hitzarmen handiez mintzatzea, baina norberaren burua engainatu gabe; izan ere, “kea izan ez daitezen, austeritatearen politika masiboak zuzendu behar dira".


Jarraian, bere koalizioaren proposamenetariko batzuk zehaztu ditu, besteak beste Konstituzioaren 135. artikuluaren erreforma eta lan erreforma indargabetzea eta EBn dagoen zerga eta lan dumping-ari heltzea.


Gainera, Nuin emakumezkoen diskriminazioaren kontra borroka egiteko estrategia integral baten alde agertu da eta gainbehera dauden guneetan jarduteko planak garatzearen eta gazteen langabeziari aurre egitearen alde.


Bukatzeko, Nuinek azpimarratu du enplegu zerbitzu publikoak balioetsi behar direla. Aldi berean, azpimarratu du politika ekonomiko eta monetario handiak zuzendu behar direla, sendotasun eta konpromiso handiagoarekin bultzatu beharko liratekeen politika sektorialen mekanismo osoa egituratzeko.

Gobernuak funtsezkotzat jotzen du garapen ekonomikoaren eredua definitzea

Nafarroako Gobernuak funtsezkotzat jotzen du garapen ekonomikoaren eredua definitzea, enpresei eta ekintzaileei laguntza ematea eta baliabide gehiago bideratzea inbertsioak erakartzeko.


PSNren eskariz, Parlamentuan enpleguari buruz egindako bilkura monografikoan Gobernuak bere jarrera finkatu du Manu Ayerdi eta Miguel Laparra bi lehendakariordeen bidez.


Manu Ayerdi lehendakariorde ekonomikoak gogora ekarri ditu langabetuak eta egoera zailean lanean ari direnak, eta ziurtatu du Gobernuarentzat langabezia lehentasuna dela.


Aurre egin beharreko erronka garapen ekonomikoaren ereduaren gainean hausnartzea da, adierazi du Ayerdik; halaber, horri buruz aipatu du paradigma teknologiko berrian ari garela sartzen eta horrek egunerokoa aldatuko duela.


Testuinguru horretan, “espezializazio adimentsuaren garrantzia” azpimarratu du eta ezagutza sareari protagonismoa emateaz mintzatu da.


UPNko eledunarekin kritikoa izan den hitzaldian (haren hizkera kontrajarri dio PSNko eledunak erabilitakoari), Ayerdik aipatu du Hitzarmen Ekonomikoa beste gai handietariko bat dela, eta, zentzu horretan, konfiantza sorrarazteko garrantzia azpimarratu nahi izan du.


Jarraian, Miguel Laparra Eskubide Sozialetako lehendakariordeak aipamen egin dio eskainitako datuen azterketari; izan ere, emandako datuotan "demagogia handiegia” atzeman du.


Laparrak ziurtatu du “kezkatu eta sumindu" egiten dela pertsona batek lana galtzen duen bakoitzean eta zehaztu du urtarrila hilabete txarra izan dela, 45.000 langabe gehiago daudelako; "horiek asko dira edonola aztertuta ere", baina erraza da datu hori erabiliz demagogoa izatea eta Gobernua kritikatzea.


Laparrak gogorarazi du Nafarroa ez dela uharte bat eta azpimarratu nahi izan du ezin balora daitekeela Gobernua datu koiuntural batetik abiatuta. Nolanahi ere, “hilabete txarretan datuak orain ez dira hain txarrak”.


“Arazoa ez da koiuntura, egitura baizik. BPGaren %3ko hazkundea aurreikusirik eta hurrengo urteari begira 6.000 enplegu iragartzen dituzten azterlanak aintzat harturik, ez nau koiunturak kezkatzen, egiturak kezkatzen nau", berretsi du.


Laparrak baieztatu du lan merkatuaren barnean aurre egin beharreko lau arazo daudela: bolumen arazo bat, enpleguaren suntsiketa eta kotizatzaileen kopuruaren murrizketa; kalitate arazo bat, enpleguaren “hiperprekarietatea” dela eta; banaketa arazo bat, genero eta adin gorabeherak tarteko; eta babesgabetasun arazo “potoloa”.


Laparrak baieztatu du “zinezko” enpleguaren aldeko politika aktiboetarako aurrekontu gehiago dagoela eta funtsezkotzat jo du jarduera eta kalitatezko enplegua handitzea eta pertsonak lan horiek erdiesteko aukerarik egokienetan jartzea.


Hala, Nafar Lansarea sendotzearen eta erreformatzearen alde azaldu da; halaber, nabarmendu du enplegagarritasunean inpakturik handiena duten jarduketak indartu, gizarte zerbitzuekin batera lan egin eta pertsona guztien gizarte babesa bermatu behar dela. Haren konpromisoa da enpleguaren aldeko plan berria prestatzea, adostua eta hitzartutakoa.