Noiz argitaratua Osteguna, 2012.eko Azaroak 8

Bermatutako prestazio sozialak eta ikasketetarako bekak enbargaezinak deklaratzen dituen Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak ahobatez onetsi du gaur bermatutako prestazio sozialak eta ikasketetarako bekak enbargaezinak deklaratzen dituen Foru Lege proposamena aintzat hartzea.

Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak aurkeztutako Foru Lege proposamenak Prozedura Zibilaren Legea hartzen du erreferentzia gisa. Izan ere, ezartzen du ezin direla enbargatu legezko xedapenen batek esanbidez enbargaezintzat jo dituen ondasunak; esaterako, zenbateko jakin bat gainditzen ez duen soldata, pentsioa, ordainsaria edo parekoa. Gainera, aipamen hori oinarrizko beharrizanak betetzera bideratuta dauden bermatutako prestazio publikoetara zabaltzen du.

Zioen azalpenean, proposatu duen taldeak irizten du administrazio publikoen egitekoa dela gizarte-bazterkeria eta gutxieneko baliabide eza egoerak saihestera bideratutako funts publikoen ekarpen zuzen eta finalista ziurtatzea.

Horretarako, gizarteratze errentaren zenbateko “enbargagarriak” eta Gizarte Zerbitzuen Zorroan aurreikusitako prestazio bermatuak edo ikasteko beka eta laguntzak itzultzera premiatzen da, laguntza horiek, izaera sozial hutsekoak, haien jatorriarekin zerikusirik ez duten hirugarren asmoak bete ez ditzaten.

Hartara, Foru Lege proposamenaren artikulu bakarrak, Batzordean eztabaidatuko denak, honakoa dio:

Artikulu bakarra

“1. Oinarrizko errenta eta gizarteratze errenta enbargaezinak izanen dira ondorio hauetarako, kasu guztietan eta prozedura zibilari buruzko legedian ezarritako zenbatekoetan eta araubidean.

2. Enbargaezinak izanen dira gizarte zerbitzuen zorroan sartutako prestazio bermatuak ere.

3. Ikaskuntza ez-unibertsitarioak egiteko bekak eta laguntzak eta graduko nahiz graduondoko ikaskuntza unibertsitarioetarako bekak ere enbargaezinak izanen dira”.

Lege hau enbargo-prozedurei aplikatzekoa izanen da, baldin eta, legea indarrean sartzen denean, oraindik ez bada erabaki edo eman ebazpenik oinarrizko errenta edo gizarteratze errenta enbargatzeko, edo Gizarte Zerbitzuen Zorroan sartutako gizarte prestazio bermatu bat enbargatzeko bere onuradunei, edo mendekotasuna duten pertsonen zaintzaile ez profesionalentzako laguntzak eta ikasteko laguntzak edo bekak enbargatzeko”.

· www.parlamentodenavarra.es
· Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 75. zk., 2012-09-25ekoa)