Baztertu egin da Nafarroako Gobernuari PFEZaren tarifa deflaktatzeko eskatzen zion Navarra Sumaren mozioa
Talde gehiengodunak bidezkotasun eta egokiera arrazoiak ematen ditu zerga jaitsiera eskatzeko, gizarte osoaren erosahalmenaren galera bana dadin
Gaur egindako osoko bilkuran, Parlamentuak baztertu egin du xede hau zuen mozioa: Nafarroako Gobernua premiatzea “PFEZaren tarifaren deflaktazioa ezar dezan, gutxienez ere EAEko foru diputazioek onetsitakoaren parekoa, 2022an jada aplikatzekoa”. PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk mozioaren aurka bozkatu dute, eta Navarra Suma eta I-Ek alde.
Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak bultzatutako mozioak “bidezkotasun, presa eta egokiera” arrazoiak ematen zituen zerga jaitsiera eskatzeko, “beste administrazio batzuek hartutako neurriekin bat”, horrela lagunduko baita “kanpoko faktoreek zein zerga-politikako erantzun desegokiek sortutako inflazio handi eta iraunkorraren ondoriozko erosahalmen galera birbanatzeko”.
Hala, “Covidak sortu zuen eta Errusiak Ukraina inbaditu izanarekin lotutako ziurgabetasunagatik eta energiaren garestitzeagatik larriagotu den krisiaren ondoko suspertzearen desdoitzeak” aipatu ondoren, “Nafarroako gizarte osoaren pobretzea” leuntzeko neurriak eskatzen ziren, “diru-bilketaren gehikuntzak jarduteko aukera gehiago ematen baitu aurrekontu eta zerga arloetan”, hain zuzen ere “inflazioari esker, ahalbidetu duelako tributu askoren zerga-oinarria igotzea”
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (95. NPAO, 2022-09-06koa)