Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Irailak 19

Baztertu egin da mozio bat, zeinaren bidez Gobernuari eskatzen baitzitzaion Nafarroako Euskararen Kontseiluak merezimenduen balorazioa arautzeko Foru Dekretuaren proiektuari buruzko txostena onar zezan

Arrazoi desberdinengatik, talde bat ere ez dator bat EH Bilduren balorazioarekin, zeinak testu berrian ez baitu ikusten Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epai indargabetzaileen ondoren 2019an sortutako hutsunerako irtenbiderik.

Legebiltzarreko Osoko Bilkurak mozio bat baztertu du gaur, UPN, PSN, Geroa Bai, PPN, Contigo-Zurekin eta Voxen aurkako botoekin eta EH Bilduren aldeko botoarekin, Nafarroako Gobernuari eskatzeko "Nafarroako Administrazio Publikoetan lanpostuak eskuratu eta betetzeko merezimenduen balorazioa arautzen duen foru dekretuaren proiektuari dagokionez, kontuan har dezala Nafarroako Euskararen Kontseiluak irailaren 12an emandako txostena (kontrakoa)".

 

Ezetsitako mozioan bigarren puntu bat ere bazegoen, eta, bertan, Foru Gobernuari eskatzen zitzaion "foru-dekretuaren proposamen hau ez onartzeko" eta, horren ordez, "nafar guztien euskararen eta hizkuntza-eskubideen normalizazioa modu eraginkorrean bermatuko duen beste bat garatzeko". Puntu honetan soilik Geroa Baik aldatu du bere jarrera aurrekoarekin aldetuz gero, abstenitu egin baita.

 

Era berean, hirugarren apartatuan, Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion «303/2019 Foru Dekretuaren 25. artikulua aldatzeko, Nafarroako Euskararen Kontseiluaren irizpenak, hizkuntza-politikaren arloko organo aholku-emaile gorena den aldetik, lotesleak izan zitezen». Ekimenaren titularrak izan ezik, beste guztiek aurkako iritzia eman dute.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak bultzatutako mozioak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Uxue Barkosen gobernuak Euskararen 8/1986 Foru Legearen I. titulua –erabilera normal eta ofizialari buruzkoa– garatze aldera onetsitako 103/2017 Foru Dekretuaren zenbait artikulu indargabetu ostean sorturiko egoera errepasatzen zuen eta, horri dagokionez, Euskararen Kontseiluak Foru Dekretu berriaren proiektuan egin berri duen «kontrako» balorazioa «lotesle» gisa hartzeko eskatzen zuen.

 

Horrekin lotuta, Nafarroako Euskararen Kontseiluak "plangintza eta sustapenaren" arloan duen aholkularitza- eta kontsulta-organo gorena duela aintzat hartuta, ezinbestekotzat jotzen zen Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuak txostena kontuan hartzea, eta, horretarako, txostena sinatzen duten "adituen" garrantzia ere aipatzen zen.