Baztertu egin da erlijioko irakasgaia estatu-mailako oinarrizko araudian ezarritako aginduzko gutxieneko eskola-zamara murrizteko Foru Lege Proposamena
Geroa Baik UPN eta PPNrekin bat egin du, nahiz eta EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Erekin Aurrekontu Akordioan bestelakoa adostu
Parlamentuko Osoko Bilkurak atzera bota du gaur, UPN, Geroa Bai eta PPNren aurkako botoekin eta EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldekoekin, erlijioaren irakaskuntzari eta haren ordezkoei buruzko Foru Lege proposamena.
Irakurketa bakarrean izapidetuta, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda Ezkerrak aurkeztutako legearen helburua zen erlijioko irakasgaia eta haren ordezkoak estatu-mailako oinarrizko araudian ezarritako aginduzko gutxieneko eskola-zamara murriztea (bi ordu izatetik ordu batera).
Zioen azalpenean azaltzen zenez, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak egin zizkion aldaketen ondoren, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak xedatzen zuela -18. artikuluan, Lehen Hezkuntzarako; 24. eta 25. artikuluetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako, eta 34. bis eta ter artikuluetan, Batxilergorako– erlijioa hezkuntza-maila horietako berariazko irakasgaien artean irakatsiko dela; bigarren xedapen gehigarriaren arabera, “eskaintza hori ikastetxeentzat nahitaezkoa eta ikasleentzat borondatezkoa izanen da, erlijio katolikoaren kasuan”.
Aipatzen zen arau horiek garatzea eta aplikatzea eta irakastorduak ezartzea autonomia erkidegoei dagokiela; Nafarroako Foru Komunitatearen kasuan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluak aitortzen dizkion eskumenak baliatuz.
PSNk aurkeztutako gehitzeko zuzenketak ez du aurrera egin, Lege proposamenaren edukia 8/2013 Lege Organikoak dioenera moldatzeko helburua zuen, non “ez den erlijioarentzat gutxieneko ordutegirik ezartzen”, eta beraz, erlijioari kentzen zaion denbora “eskola-porrota ekiditeko” lanetara bideratzeko proposamena egiten zuten. UPN, Geroa Bai eta PPNren aurkako botoekin baztertu egin da zuzenketa, nahiz eta EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek alde bozkatu duten.
-
Foru Lege Proposamena (62. NPAO, 2018-05-11koa)