Noiz argitaratua Osteguna, 2013.eko Apirilak 18

Bazter utzi dute Bildu-k eta Aralar-Nabaik aurkeztutako zentsura mozioa

Proposatu dutenek argudiatu duten herritarren "nekeak" eta Longás hautagaiak zin egindako hauteskunde aurreratuek I-Eren eta atxiki gabekoen babesa besterik ez dute lortu

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoarekin eta SNren abstentzioarekin, Bildu eta Aralar-Nabai parlamentu-taldeek Yolanda Barcina lehendakariaren aurka aurkeztu duten zentsura mozioa bazter utzi du gaur. Ezin izan dute dimisioa behartu, Juan Carlos Longás izendatzeko beharrezkoa den gehiengo osotik urrun geratu baitira. Izquierda-Ezkerraren eta atxiki gabeko bi parlamentarien babesak mozioaren aldeko 18 boto ekarri ditu, 23 haren aurka eta 9 abstentzio.

Bildu-ren bozeramaileak 9:30etan hasiera eman dio saioari bere parte-hartzearekin. Jarraian, Juan Carlos Longásek, Aralar-Nabaiko parlamentariak eta zentsura mozioa proposatu dutenen gobernuko lehendakaritzarako hautagaiak, programa politikoa aurkeztu du.

Longásek bere programa xehatu du ordu betez eta adierazi du Foru Komunitatea "larrialdi sozialeko egoera bat pairatzen" ari dela eta zentsura mozioa "gobernuaren jarduketak gehiengoaren nahia kaltetzen duen muturreko egoeretan betebehar bat" dela.

Atsedenaldi baten ondoren, parlamentu-talde guztien bozeramaileen txanda iritsi da, handienetik txikienera, gero, Bildu eta Aralar-Nabairen hautagaiak guztiei batera erantzun die.

Arratsaldean bozeramaileek erantzun dute. Horiei, baina, Longásek ez die erantzun eta eztabaida amaitutzat jo da.

Jarraian, bozketa egin da, zeina Erregelamenduaren 101. artikuluak xedatzen duenari jarraiki izenez deituta jendaurrekoa izan den. Idazkari batek foru parlamentariak izenez deitu ditu eta haiek “bai”, “ez” edo “abstentzioa” erantzun dute. Foru parlamentariak lehenengo abizenaren alfabetoko hurrenkeraren araberako deitu dira. Parlamentari diren Nafarroako Gobernuko kideek eta Mahaiak bukaeran bozkatu dute.

MOZIOAREN AURKEZPENA

Bakartxo Ruizek, Bildu-ren bozeramaileak zentsura mozioa “harrotasunez” defendatu du. Izan ere, UPNren gobernuaren politikek gizartean eragindako “nekea” du oinarri, “arrazoi nahikoa” gobernuaren erantzukizuna exijitzeko tresna Nafarroako historia legegilean lehenengo aldiz abian jartzeko.

Ruiz oso zorrotza izan da Nafarroako Gobernuaren politika ekonomikoarekin, murrizketa sozialekin eta Nafarroako Kutxaren dietak kobratzearen inguruko “eskandaluarekin”; azken horrek hainbat kargu erregionalista epaitegietara eraman ditu.

SNk bozkatuko ez duenez gero mozioak aurrera ateratzeko aukerarik ez duela onartu arren, Bildu-ren bozeramaileak mozioa tramitatzea justifikatu du, izan ere, “UPNren Gobernuak sortutako egoera tamalgarria dela-eta Nafarroako herritarren nekeari erantzuten dio”.

Parlamentuaren gehiengoa izan ez arren, gaineratu du, mozioak Nafarroako gizartearen gehiengoa izan baduela, “nazkatuta” baitago eta, bere ustez, Barcina lehendakariak dimititzea eta hauteskunde aurreratuak deitzea exijitzen du.

Ildo horretan, baieztatu du ezen zentsura mozioa aurkeztea “ongi pentsatutako erabaki bat” dela, “ausarta, logikoa eta justifikatua”. Izan ere, arrazoiak “asko eta askotarikoak” dira; lehenengoa, Foru Komunitateko Gobernuak “egoera ekonomikoari aurre egiteko gaitasun eza eta ezintasuna”.

Halaber, azpimarratu du, mozioa ere justifikatua dela “UPNk demokraziarekiko duen begirune faltagatik” eta “bai Parlamentuak, bai herritarren gehiengoak eskatzen zuenari entzungor egiten” saiatzeagatik, bai eta “inguratzen gaituen ustelkeria giroagatik” ere.

Ruizek nabarmendu du ezen UPN ia bi urte gobernuan egon ondoren, Nafarroan “gero eta gehiago direla langabezian dauden pertsonak” eta “Gobernuaren gaitasun falta” eta gizarte zerbitzuetako murrizketak direla egoera horren errudunak.

Parlamentari abertzaleak bereziki gaitzetsi ditu murrizketa neurri horiek izandako “ondorio larri eta gogorrak”. Esan duenez, neurriok “krisi ekonomiaren aitzakiarekin” hartu dira eta “larriki okertu dute nafar gehienen bizi kalitatea”.

"Beraien obsesioarekin, kosta ala kosta beraiek defizita murrizteari ematen dioten lehentasunarekin, gizartea etsipenera kondenatu nahi dute”, azpimarratu du Ruizek.

Bildu-ren bozeramaileak deitoratu du ezen Nafarroan hezkuntza eta osasun publikoari “krudelkeriaz eraso” egin zaiela eta Nafarroako Gobernua “gaixoekin, haien senideekin eta profesionalekin jolasten” ari dela. Gainera, Ruizek oroitarazi du ezen horrek Parlamentuak Marta Vera osasun kontseilaria hirutan gaitzestea ekarri duela.

Bestalde, Foru Komunitatean “segiziozaletasunak eta txosnak” agintzen duela nabarmendu du eta azpimarratu du Nafarroako Kutxaren kasua “UPNren kudeatze moduaren adibide paradigmatiko bat” dela, entitatea “xahutu” duena, eta entitate hori “Nafarroak azken ehun urteotan izan duen garapenaren tresna garrantzitsuenetako bat”, zela.

Nafarroako Kutxaren “kudeatze-lan tamalgarri batekin eta ezertxo ere kontrolatu gabe” entitatea “akabatu” dute, esan du Ruizek. Halaber, Bildu-ren bozeramaileak batzar “mamu” batean “laukoteak” kobratzen zituen “dietak eta soldata gehigarriak” kritikatu ditu; lehendakari ohi Miguel Sanzez, Iruñeako alkate Enrique Mayaz, kontseilari ohi Álvaro Mirandaz eta lehendakari andere Barcinaz ari zen, azken hori ez da inputatua izan.

"Oraindik gogoan ditugu Urralburu eta Roldánen izenak, eta, ikusten dugu nola ustelkeria susmoek Nafarroako politika hartu duten” nola eta “haien beraien onerako bakarrik egindako bilera eta dieta sistema” bidez, esan du.

Ruizek irizten du ezen UPNk eta PSNk CANi buruzko parlamentu-ikerketa batzordea ukatu dutela “ezkutatzeko asko dutelako”. Gainera, Enrique Maya alkatea “ustelkeriagatik inputatuta egonda oraindik ere haren karguan egotea” “oso larria” dela esan du. Eta Barcina “botereari, eserlekuari, gogor heltzen ari zaiola, besteak beste, forudun izateari ez uzteko, inputatua izan ez dadin”.

Esandakoan sakonduz, Bildu-ren bozeramaileak azpimarratu duenez, Barcinak “kosta ala kosta boterean jarraitu nahi du, aulkiari ongi helduta” eta koordainketaren, funtzionarioen ordainsariaren, haurdunaldiak etetearen edo ospitalguneko sukaldeen arloan “Parlamentu honetan hartzen ditugun erabakiei kasurik egin gabe”.

Are gehiago, esan du UPNn “gobernatzera” eta “haien borondatea inposatzera” “ohituegi” daudela, nahiz eta “Nafarroako gizarteak inposaketa politika honi aski da esan” dion.

Horregatik guztiagatik, Bakartxo Ruizek zentsura mozioa beharrezkoa dela defendatu du, ziurrenik bazter utziko dutena, baina “ez dena bere horretan geratuko”, parlamentuan “gehiengo berriak sortzen jarraituko” dugu eta.

LONGÁS HAUTAGAIA

Zentsura mozioan Nafarroako Gobernuaren lehendakaritzarako hautagaiak, Juan Carlos Longásek, gobernua aldatzea krisitik irteteko bide bakarra dela defendatu du eta baieztatu du ezen “soilik hauteskundeek” baimenduko dutela “Nafarroako politikak beharrezko dituen garbiketa sakona eta biziberritzea”.

Bildu-k eta Aralar-Nabaik proposatutako hautagaiak nafarren erabakitzeko eskubidearen alde egin du eta UPNren gobernuaren aurrean gobernu “anitz bat eta oinarri politiko zabaleko bat” osatzera premiatu du.

Ordu bete inguruko iraupena izan duen bere parte-hartzea, ez du proposamen politikorik zehaztu, izan ere, esan duenez, “guztiz irekita” dagoen gai bat da, negoziatzeko prest dagoena. Horren ondotik, azpimarratu du gobernu horren jarrera hauteskundeak deitzeak mugatuko duela.

Longásek bere proposamena “ireki eta eraikitzaile” gisa deskribatu du, “beharrezkoak diren adostasunen bila doana, aldaketarako proposamena delako, herritar gehienentzat jadanik jasanezina den egoera baten aurrean erantzuteko proposamena delako”.

“Autogobernuaren erabilera osoa, eta, noski, autogobernu hori hedatzea” elkargune gisa aipatu ditu.

Arlo sozialean, laguntza sistemaren iraunkortasuna aldeztu du eskubideak definituz. Ekonomiaren arloan, enpresen ekimenean, zerga berdintasunean eta erabakitzeko gaitasunaren deskokatze etengabea berrikustean oinarritutako eredu bat proposatu du.

Halaber, berrindustrializazio selektiboaren alde egin du, teknologiaren berrikuntzan oinarritutakoa, hain zuzen, eta ez barne-debaluazioan eta enpleguaren egonkortasun ezan eta ingurumenaren iraungarritasunean.

Longásen aburuz, hori guztia “hitz egiteko eta eremu komunak bilatzeko oinarri ona” da, “gizartea bidezkoagoa eta aurreratuagoa” egingo duena.

“Larrialdi politiko, sozial eta ekonomikoko” egoera eta lehendakaria dagoen egoera hauteskundeak deitzeko arrazoiak dira. Hautagaiak, halaber, zehaztu du kasu honetan, deialdi horren aurreko pausu gisa, “behin behineko” neurri batzuk hartu beharko lituzkeen gobernu bat osatu beharko litzatekeela.

Besteak beste, aipatu ditu Nafarroako kontuen benetako egoera finkatzea, sare publikoan haurdunaldia borondatez eteteko aukera ziurtatzea eta Ospitalguneko sukaldeak kanpoan kontratatzea berrikustea.

Horrez gain, proposatu du osasun arazo jakin batzuk dituzten taldeak artatzeko elkarteentzako laguntzak berrikustea, oinarrizko errenta berrikustea eta etxebizitza hutsen parkean premiazko jarduerak eta eraikuntzak berritzea berehala sustatzeko funts bat ematea.

Gobernuak aurrera egingo balu, Toki Ogasuneko Funtsak desblokeatuko lituzke, Donapea ikastetxea mantenduko luke, irakasleekin eta familiekin ebaluatu gabeko eta adostu gabeko hizkuntza-programak ezartzea geldiaraziko luke eta familiei askatasunez D eredua hauta dezaten laguntzak emango lizkieke.

Era berean, bere programan jasotzen da ratioei eta irakasleen ordutegiei buruzko neurriak berrikustea, irratiei lizentziak emateko deialdiak berrikustea, NPBaren laguntzak desblokeatzea eta gobernuko kideei aitortutako erantzukizunagatiko ordainsari osagarria bertan behera uztea.

Zentsura mozioa "beharrezkoa, ez oportunista" da, beharrezkoa da “Nafarroa pairatzen ari den larrialdi politiko, sozial eta ekonomikoko egoera eta herritarren nekea dela-eta”, esan du Longásek. Ondoren, “gobernuari erantzukizuna exijitzeko” dela gaineratu du.

Izan ere, baieztatu duenez, “krisi ekonomiko batetik datorren larrialdi sozialeko egoera ukaezina da, baina batez ere krisiaren kudeaketatik dator”. Kudeaketa hori, hain zuzen, “eraginkorrak ez direla probatu den printzipioetan babestuta dago, eta, sektore publikoaren eta gizarte politiken aurkako eraso ezin baino handiagoaren estalkia baizik ez dira”.

Mintzaldian Longásek oroitarazi du ezen lehendakariak konfiantza eskaerari uko egin diola, dimititzeari edo hauteskundeak deitzeari, hortaz, ez dago aukerarik zentsura mozioa baino. Ildo horretan, aitortu du politika “zalantzan” dagoela, eta ondorioz “politikarekiko eta klase politikoa delakoarekiko atxikipena” murrizten ari dela.

Hautagaiak gizarte mugimenduak baloratu ditu, eta, esan du “aukera gisa eta ez mehatxu gisa” ikusi behar direla. Halaber, azpimarratu du “herritarren desilusioari ezin zaiola demokrazia-kalitate gutxiagorekin erantzun, gehiagorekin baizik”.

Longásek berriz ekin dio hezkuntzaren gastuan, osasunaren gastuan eta gizarte gastuan egindako murrizketari eta “eskandaluzko” langabezia, txirotasun arriskua, gizartearen atzerakada eta lana izan arren haien oinarrizko beharrak ase ezin dituzten “langile txiroak” aipatu ditu.

UPNren gobernuak krisiaren ondorioak ahulek paira ditzaten baimendu duela gaitzetsi du, eta behin bitartean Nafarroa lanez eta zorigaiztoko ekimenez josita utzi duela; besteak beste, Abiadura zirkuitua, Sendaviva eta Espainiako Txirrindularitza Itzuliaren etapa aipatu ditu.

Politikaren arloan, Aralar-Nabaiko parlamentariak esan du UPN gutxiengoan dagoen gobernu batean egoteaz gain, adostasunetara iristeko “gai ez” dela erakutsi duela, zeina “aurrekonturik ez egotean” islatzen dena.

Horri guzti horri, UPNko hainbat pertsona garrantzitsuk Nafarroako Kutxan dietak kobratzearekin zerikusia duten inputazioak gehitu dizkio; inputaziok lehendakaria bera ukitu dezakete. “Nafarroak ez du merezi oraingo eitean izan dituen lehendakari guztiak, bat izan ezik, judizialki zalantzan egon izana edo egotea”, baieztatu du.

UPN-REN USTEZ MARKETIN PLAN BAT BAINO EZ DA

Carlos García Adanerok (UPN) baieztatu du ezen Bildu-k eta Aralar-NaBaik aurkeztutako zentsura mozioa “Batasuna, EH Bildu edo datozen hauteskundeetan parte hartuko duen markaren birsortzea gizarteari aurkezteko era bikainean finkatutako eta diseinatutako marketin plan bat” dela.

García Adanerok adierazi du ezen ekimen horren “xede politikoa” “independentzia, presoak, bateratutako Euskal Herria, euskal errepublika, etab.” direla; hori guztia, “krisi ekonomikoaren egoera baliatuta”.

Bozeramaile erregionalistak esan duenez, zentsura mozioak “gizarteari aditzera eman nahi dio UPNren gobernuaren aurrean aukera bakarra EH Bildu, Batasuna edo deitu nahi zaion moduan dela; Nafarroako alderdi abertzalearen buru direla; eta Parlamentuan gutxiengo abertzalea batu beharra dela”.

Dena den, García Adanerok azpimarratu du “mozio honek porrot egin behar dueneko lehenengo begi bistako froga Juan Carlos Longás bera hautatzea da, eta ez naiz ari gaitasunez edo pertsonaz, baizik eta bere militantzia politikoaz. Mozio honek aurrera ateratzeko aukerarik balu, Batasunako odol oneko bat aukeratu izango zuten, ez NaBaiko zerrendetako independiente bat”, baieztatu du.

Horrez gain, García Adanerok adierazi duenez, “zentsura mozio hau iruzurra da, esaten baita hauteskundeak deitzeko aurkezten dela eta gero esaten dute gobernu bat eta programa bat egingo dutela. Hauteskundeak deitzen badituzte, biharamunean Parlamentu honek jadanik ez du funtzionatuko eta ezingo da ekimenik hartu, gobernuak kudeatu besterik ezin du egin”.

Ildo horretan, UPNko bozeramaileak esan du zentsura mozioak hauteskundeak deitzea badu helburu, Longás “hona atera eta 30 segundotan esan beharko zuen hauteskundeak deitzeko zentsura mozio bat aurkezten dutela. Baina ez dut argi hauteskundeak deituko dituztenik mozioa aurrea ateratzen bada. Hala bada, Nafarroako Gobernuan itxiko dira”, iragarri du.

Amaitzeko García Adanerok azpimarratu duenez “ez dago beste aukera errealik, egunero erakusten dute ez dagoela. Oposizioak beste aurrekontu bat egin zezakeen, botoak badituelako, baina aurrekontuak egiteko arriskatu behar da. “Eta ez badute egiten, gai ez direlako da”.

SN-K EZ DITU BILDU ETA ARALAR-NABAI IRTENBIDE GISA IKUSTEN

Roberto Jiménezek (Socialistas de Navarra) baieztatu duenez zentzura mozioa proposatu dutenak, alegia, Bildu eta Aralar-NaBai, “ez dira Nafarroak dituen arazoei konponbidea emango diotenak”, eta, gaineratu du “urrun dago oraindik zuek eta guk gobernua banatzea posible izango den eguna”.

Jiménezek “hautabide” bat proposatzearen alde egin du, baina hautabide bat ez da bulego batean edo konspirazio beroaldi batean eraikitzen, oinarri sozialetik abiatuta eraikitzen da, zinezko elkarrizketatik abiatuta”.

“Gobernu- hautabide bat landu nahi dugu, aurrera egiteko bloke sozial bat, ezkertiarra, herritarra, Nafarroa herri gisa errespetatuko duena”. Eta, horren karietara, indar aurrerakoiak “horren alde lan egitera” gonbidatu ditu. “Inplikatuko gara eta ezberdinen artean batzeko bokazioarekin egingo dugu”.

Jimenezek hauteskundeak egin ahal izatearen kontra ez daudela aitortu du, alabaina, zehaztu duenez “ez da une egokia, pairatzen ari garen larrialdi soziala medio, alderdiek bermatutako erakundeen arteko hitzarmenak egiteko unea da”.

Bozeramaile sozialistak adierazi duenez, ekimena, “Nafarroako demokraziaren lehengoa, hilda jaio zen eta ez zuen aurrera ateratzeko babes nahikorik”. Bere ustez, “nolabaiteko kutsu alderdikaria du”.

Baieztatu duenez, PSNren botoa abstentzioa izango da, “ezezko bikoitza, ezezko bat gobernuari eta lehendakariari, ez baitu ez gure ez Parlamentuaren konfiantzarik, eta beste ezezko bat zentsura mozioa aurkeztu dutenei”.

Horregatik, Jimenez baieztatu duenez, Barcinak “dimititu beharko luke eta Parlamentuak beste norbait hautatu dezan utzi. Nola gobernatuko du bada bakarrik? Ez du gehiengoa lortzeko gaitasunik”, egotzi dio. Jarraian, ohartarazi du PSNk “ez du berriz ere akats berdina egingo eta ez du utziko haren interesen onerako engaina dezan”, izan ere, Barcinak sozialistek gobernuarekin zuten hitzarmena “hautsi” zuen.

Jiménezek Barcinari lehendakari “legitimitaterik ez” izatea eta “foraltasunaren defentsa” “alde batera” uztea egotzi dio, “PPren politikak jarraitzen” baititu. “Gobernuaren krisia larria da, are gehiago, krisi ekonomikoari gehituta. Gobernuak ezin du pobreziaren aurrean sor eta gor geratu”, esan du.

Sozialisten buruak hezkuntzan, menpekotasunean eta “gero eta okerrago dagoen osasunean” “murrizketak eta murrizketak” egitea kritikatu du. “Ikusten dugu gobernuak ez duela lehentasunik, norabiderik, krisiari aurre egiteko ideiarik”, deitoratu du. Ondoren, “gutxiegi bat” eman dio enplegu sorkuntzan, pobreziaren aurkako borrokan, etab.

PSNren beste “ezezkoa” Bildu-ren eta Aralar-Nabairen hautagaiarentzat da. Zehaztu duenez, “lerro gorriak diren bi gai daude”, alegia, ETA amaitzea eta erakunde-eredua. “Jadanik ETAk ez du hiltzen eta PSNk guztiekin hitz egin nahi du, baina hori ez da nahikoa, ez dute ETAren aurkako zentsura argirik egin eta gertatutakoaren kontakizun desitxuratua egin nahi dute”.

Erakunde-ereduaren karietara, Jiménezek funtsezkoenean bat ez datozela ohartarazi du, izan ere, mozioa aurkeztu dutenek “Euskal Herria deritzen erakunde baten barruan kokatutako Nafarroa bat” defendatzen dute. “Gure eredua bestelakoa da, Espainiako Konstituzioarena eta NFBHLOrena”, zeina ez den eragozpen “Espainiako herriak elkarrekin bizitzera” bideratutako “erreforma federalizatzaileak” eskatzeko.

BILDU-K GOBERNUA ETA CAN HAUSTEA LEPORATU DIO UPN-RI

Maiorga Ramirezek (Bildu) sozialistei “zinez bozkatzeko” eskatu die, izan ere, haien abstentzioa aldaketarentzat “kolpe krudela” da, “baiezko bat da Barcinari eta ezezko bat konponbideari”.

Ramírezek “UPN berriz ez babesteko” eta “onesta izateko” eskatu dio PSNri, abstentzioa “bi ezezko baino askoz gehiago” baita, ezezko bat aldaketari, ezezko bat konponbideei, gardentasunari eta ustelkeria desagerrarazteari, hain zuzen.

Halaber, gaineratu du ezezko bat dela osasun eta hezkuntza publikoari, “UPNk boterean egoteko erabili dituen obsesio eta bazterkeriak” alde batera uzteari, “ezezko bat da erantzukizunari”.

Sozialistek Bildu-k babestutako hautagai bat babestu ezin dutenez bozkatuko ez dutela esaten dute. Haiei “hautagaia jartzeko” aukera eskaini zitzaiela oroitarazi die, eta, “hortaz, beste arrazoi bat bilatu beharko” dutela.

Jiménezek Bildu-k indarkeria behar bezain argi gaitzetsi ez duenaren harira esandakori erantzun dio “gure herriak bakea merezi du” eta borrokatu behar du “borroka armatua eta eskubideak urratzea” iraganeko kontua izan daitezen, eta, esan du “ekimen konprometituak” abian jartzen ari direla.

Horrekin lotuta, gaineratu du “begi bistakoak” direla “ildo horretan eman diren pausu atzeraezinak”. “Garai berri baten aitzinean gaude eta ildo horretan lanean jarraituko dugu, konponbiderik nahi ez dutenen jarrerei aurre eginez”.

Gainera, Ramírezek Nafarroa pairatzen ari den larrialdi sozialeko egoeran sakondu du, “batzuek”, alegia, UPNk, “aipatu nahi ez dutena”. “Yolanda Barcinak ez du Nafarroako lehendakari izateko gaitasunik”. Zentsura mozio hau “Foru Komunitateak behar duen aldaketa politiko premiazko eta sakona” lortzeko lehenengo pausoa da.

Izan ere, baieztatu duenez, Barcina buru duen gobernua “akabatua dago”, ez du ez ekimen gaitasunik, ez gobernatzeko gaitasunik, alderdiko borroka konpontzen eta inputazioen kontra borrokatzen dihardu.

"Porrotak eta egungo egoerak erantzule zuzena dute, UPN”, esan du Ramírezek. Carlos García Adanerok zentsura mozioa onestekotan gobernu berriak hauteskundeak deituko zituenetz zalantza egin duenez gero, erantzun dio “ez ezazu pentsa guztiak zu bezalakoak garenik”.

Ildo horretan, baieztatu du “politika ez dela marketin kontu bat, herritarrei konponbideak ematean datza”.

Hauteskundeak aurreratzeko garaia ez dela deritzenei, Ramírezek erantzun die erreferentzia eginez “gobernuak bere aurrekontuak aurrera ateratzeko gaitasun ezari, Parlamentuak lehendakariari dimisioa aurkez dezan egindako eskaerari eta ustelkeria kasuen harira egindako inputazioei”.

"Horietako arrazoi bakoitza banaka nahikoa izanen litzateke. UPNk denak batzen ditu. Hauteskunde aurreratuak horrelako kasuetarako dira”, bukatu du.

ARALAR-NABAIK LARRIALDI EGOERARI AMAIERA EMATEKO ESKATU DU

Txentxo Jiménez (Aralar-NaBai) Yolanda Barcinari zuzendu zaio eta esan dio Parlamentuan babes nahikorik ez duenez gero, “gobernatzeko legitimitaterik ez” duela eta PSNri zentsura mozioa ez bozkatuz berriz ere “lehendakaria babestea” egotzi dio.

Jiménezek bere parte-hartzean oroitarazi du Barcina lehendakari izendatu zela UPNren eta PSNren 27 botorekin eta gobernatzeko gehiengoa zuela, baina orain “bere babes guztiak hautsi” dituela.

"Lehendakari izatea baimendu zioten horiekin zituen lotura guztiak hautsi ditu eta ez ditu sekula gainerako oposizioan bilatu”, azpimarratu du Jiménezek, zeinek esan duen Barcinak “mundu guztia bere kontra jartzeko dohaina du, baita bere parlamentu-taldean ere”.

Errealitate horrek, bere ustez, “gobernatzeko gaitasuna kendu dio, ditugun arazo larriei erantzutekoa. Zuk ez duzu lehendakari izaten jarraitzeko beharrezkoa den xede eta energia besterik”.

Jiménez esan duenez, azken bi urte hauetan, UPNren gobernuak “ezinezkoa zirudiena lortu du: Nafarroa larrialdi sozial, ekonomiko, politiko eta demokratikoan jarri du”, baina PSNk, ez bozkatzeko erabakiarekin, “bi urtez luzatu du agonia eta erregimen kutsatu, iraungi baten eta arazoak konpontzeko gai ez den eta ustelkerian nahasia dagoen erregimen baten amaiera”.

Aralar-eko parlamentariak aipatu du PSNk Barcinaren dimisioa “hamaika aldiz” eskatu duela egoera “jasanezina” iruditzen zaiolako eta, ildo horretan, baieztatu du "ez badute konponbiderik, ez badute ezer proposatzen, ezin dituzte gainerakoen proposamenak blokeatu”.

"Jarrera horretan mantentzea bakarrik ulertzen ahalko da egiten uzteko erabaki gisa eta Nafarroako gizarteari kalte handia eragiten ari zaion gobernu baten euskarri gisa”.

Jiménezek errepikatu du Barcinak “orain dela hilabete batzuk ez du gobernatzeko legitimitaterik; ez du Parlamentuaren konfiantzarik, ez du proposamenak onesteko gehiengorik, eta izendatua izan zedin botoa eman ziotenek dimititu dezan eskatu dute behin eta berriz”.

Gainera, “horiek arrazoi nahikoa izango ez balira, gobernuak Nafarroa eta herritarrak utzi dituen egoera zuk izan zenezakeen legitimitate oro deuseztatzen du”.

Arrazoi horiek direla medio, lehendakariak “ez du gaitasunik eta gaitasun eza horrek hamarnaka mila nafar mugako egoeretara eramaten ari da” langabeziari, etxegabetzeei, pobreziari, osasuna kaltetzeari eta enpresak ixteari dagokionean.

Nafarroako Kutxaren auziari dagokionez, “ordainsari gehigarri lotsagarriak” eta UPNren karguek finantza-entitatean zituzten “abantailak, afera ilunak eta ustelkeria” gaitzetsi ditu.

Jiménezek azpimarratu duenez, Nafarroako Kutxan gertatutakoarekin “gizartea biziki gaitzitua dago eta arrazoiarekin. Egunetik egunera gertatutakoa eta gertatzen ari dena gehiago gaitzesten du. Nazkatuta joaten da hainbeste urtean gobernatzen ari diren eta erregimen hau posible egiten duten horiek sortutako bizitza eta moralitate bikoitzera”.

Aralarreko parlamentariak errepikatu duenez ziur dago zentsura mozioa “erantzukizun jarduera bat da, ez ohikoa den une baterako erabaki bikaina da”.

Alabaina, nabarmendu du Barcina bere karguan egoten jarraitzeak “arazo guztiak mantentzeaz gainera, horiek konpontzeko aukera guztiak blokeatuta mantenduko ditu, egun arazoa lehendakaria bera eta haren gobernua baitira”.

PPN-K EZ DU HERRITAR ARRUNTENTZAKO KONPONBIDERIK IKUSTEN

Enrique Martín de Marcosek (PPN) Bildu eta Arala-Nabaik Yolanda Barcinaren aurka aurkeztutako zentsura mozioaren oso kontra dagoela adierazi du, eta, azken horri eskatu dio erantzukizuna har dezan eta lan egin dezan Foru Komunitatearen erakundearen eta irudiaren egonkortasuna berreskuratzeko, Nafarroako Kutxaren eskandaluek kaltetua baitago.

PPNk zentsura mozioaren aurka emandako botoa ez da ulertu behar “Barcina anderearen gobernuekiko baldintzarik gabeko babes” gisa, baizik eta “Nafarroa forudunaren” erakundearen egonkortasunaren aldeko boto gisa, “elkartasuna adierazten baitie gainerako eskualdeei eta Espainiako Konstituzioaren esparruari” zehaztu du popularren buruak.

Ildo horretan, Martín de Marcosek azpimarratu du Barcinaren “betebeharra eta erantzukizuna” beharrezkok direla Nafarroaren erakunde-egonkortasuna berreskuratzeko, izan ere, “egonkortasun ezak erabakiak hartzea eta, beraz, krisitik ateratzea arrunt zailtzen du”.

Bildu-k eta Aralar-NaBaik aurkeztutako zentsura mozioaren harira, esan du ziur daudela ez dela egokia eta beraz tokiz kanpo dagoela.

PPNren bozeramaileak esan duenez “norabiderik gabeko bidaia da” Jarraian, azpimarratu du ez diela herritarren beharrei erantzuten, eta ez dela Nafarroak erakundearen, politikaren, gizartearen, enpleguaren eta ekonomiaren arloetan dituen arazo larriak konpontzeko bidea.

“Drama sozial larri eta handiak” gertatzen diren bitartean, Parlamentuak “galbidera bideratutako proposamen bat eztabaidatzen” ematen du denbora, gaitzetsi du PPNren bozeramaileak. Halaber, esan du haren lana herritarren arazoak konpontzea izan behar dela eta “ez krisi egoera batean kea saltzea”.

Zentsura mozio bat oposizioak gobernuari erantzukizuna eskatzeko duen tresna nagusia dela zehaztu ondoren, aipatu du honakoan ez dela horrela, izan ere, Bildu-k eta Aralarrek “galtzeko” aurkeztu zuten, babes nahikorik ez dutela baitzekiten.

Ildo horretan, esan du sinatu zutenean Parlamentuko botoen % 26aren babesa zutela eta orain, bi alderdi gehiago batu direnean, aulkien % 36a duela.

Hortaz, Martínen arabera aurkeztu dutenek ezin dute pentsatu “Nafarroaren aldaketa politikoaren buru bihur daitezkeenik”. Gainera, iritzi du ekimen horren xedea “Bildu-ren eta Aralarren batasuna indartzea mapa politiko eta sozialean”.

Martínen ustez begi bistakoa da ekimena “abertzaleen tresna berri bat dela, Nafarroako Gobernua kaltetzeko kanpaina etengabean”. Beraz, “egiaz ez da zentsura mozio bat, oposiziozkoa baino, zeinaren xede nagusia baita oraingo Gobernua desegitea, baina hautabide argirik eskaini gabe”.

PPNko parlamentariak deitoratu du “alde batetik, hauteskundeak deitzea, baina, bestetik, oinarri politiko zabala duen gobernu anitz bat osatzeaz ari dira. Biak, baina, ez dira bateragarriak: edo hauteskundeak deitzen dituzte edo gobernu berri bat osatzen dute”.

Haien xedea hauteskundeak deitzea bada, ekimenean egon beharko litzatekeen puntu bakarra da “inbestiduraren ondoren Parlamentua berehala desegitea eta hauteskundeak aurreratzea”, baina “gu ez gatoz horrekin bat, hauteskundeak aurreratzea ez baita Nafarroak behar duena”.

Martínek errepikatu du PPNk ez duela kanpaina honekin bat egingo, “erregionalisten kudeaketa urteetako akatsetatik etekina ateratzea” baitu xede. “Barcinak du erkidego honen erantzukizun politiko nagusia, baina ez du Nafarroarentzat xede gisa zehaztu zen egonkortasuna lortu”.

Martínek kritikatu du “PSNk politikak ez definitzea, abstentzioak argi islatzen duenez. “Abertzaleek Nafarroarekin duten norgehiagoka etengabearekin aurrez aurre egon behar da. Abstentzioarekin PSNk berak, Barcinaren dimisioa eskatzen duenak, karguan berretsiko du”

Amaitzeko Martínek taldeen arteko hitzarmen bat eskatu du “hurbiltasun ideologiko handienarekin”, ondoren, “Konstituzioan eta Hobekuntzan sinesten duten” alderdiekin akordio bat bilatzeko.

I-EK BARCINA ITXITA IKUSTEN DU

José Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerra) UPNren gobernua ateratzearen alde egin du, parlamentu-gehiengoa izan ez arren, “konfiantza mozioa aurkeztera edo hauteskundeak deitzera ausartzen ez den” Yolanda Barcina lehendakariarekin Nafarroako Jauregian “itxita” baitago.

Nuinek zentsura mozioa babesten duela agertu du, “Nafarroak duen krisi politikoa hautestontzietan konpontze aldera”.

Baieztatu duenez, Nafarroan gizartearen gutxiengo bat krisia Foru Gobernuak aplikatutako austeritate zein murrizketak jasaten ari da, izan ere, gobernua “Nafarroako Jauregian lubakituta dago eta ez du onartu nahi parlamentu-gutxiengoa duela”.

I-Eren bozeramaileak adierazi du bere alderdia “borondate tinko, argi eta zintzoa” duela “gobernu hau eta haren politikak arbuiatzeko; herritarrei hitza eta erabakia emateko; eta ezkerretik eta aniztasunetik abiatuta eraikiko den hautabide bat eraikitzeaz gain, egiazko egiteko gizartearen gehiengoarekin konpromisoa hartzeko”.

Hautabide hori, funtsezkoa eta beharrezkoa izanik ere, “gaur ez da errealitate bat” Nafarroan, “hiletik hilera pobrezia eta desberdintasuna handiagoak diren” erkidego batean, UPNren gobernua “botere ekonomiko eta finantzieroek exijitzen dioten murrizketa sozialak eta eskubide murrizketak gauzatu besterik egiten ez duen” bitartean.

UPNk “ezin du gertatzen ari denean erantzukizun erraldoia duela ezkutatu”, “lan faraonikoak” sustatu dituela, “gehien irabazten dutenen onerako zerga erreformak” aplikatu dituela eta “azkenean Nafarroako Kutxaren porrota eragin duten arduradun megalomano batzuen eskuetan utzi” zuela.

Pobrezia, etxegabetzeak eta politika sozialei emandako “kolpeak” gaitzetsi ondoren, baieztatu du UPNren gobernua “egun langile gehienentzat arazo handia” dela, eta, hortaz, ezkerreko alderdien erantzukizuna dela “gobernu honi amaiera ematea”.

Nuinen ustez, “Nafarroako Jauregiaren bunkerretik” UPNk 2015eko maiatza arte gobernatzen jarrai dezan baimentzea “austerizidioak eragiten duen bidegabekeria soziala” mantentzea dakar.

Zentsura mozioak “Barcina garaitu eta hauteskundeak deitzea lortuko ez badu ere”, gaineratu du, I-Ek babestuko du “Barcinaren gobernuari amaiera eman eta hauteskundeak deitzeko” beharrarekin bat dator eta.

Mozio honen ondoren, gaineratu du Nuinek, dagokiona da “hitzetatik ekintzetara pasatzea eta UPN ez den gobernu-hautabidea egiazko egitea”, horretarako beharrezkoa da “frentismoak gailentzea eta nahikoa den adostasun sendoa lortzea”.

Nuinek “eskuina eta neoliberalismoa ez diren hautabidea posible egitea” defendatu du, zertarako eta “langabeziaren, pobreziaren eta desberdintasunen aurka borrokatzeko” eta Nafarroa pairatzen ari den “agonia sozial eta politikoa” beste bi urtez ez luzatzeko.

I-Eren bozeramaileak “identitate frentismoa” garaituko duen “ziklo politiko berri bati hasiera emateko” lan egitera deitu du, azkeneko hori, neoliberalismoarekin batera, “UPNren nagusitasun politikoa Nafarroan finkatu duten oinarriak izan baitira”.

Horren harira, adierazi du “UPN-PSN hitzarmenak iragana” direla eta aurreikusi du “Nafarroan gizartearen gehiengoak behar duen etorkizuneko akordioak ez direla horiek izango”.

PSNk berriz ere UPNren gobernua babesten badu, nabarmendu du Nuinek, “eskuineko bunker horretan lotzen ixten ariko da”.

GAITZESPENA GOBERNUAREN ARGUDIO BAKARRA

Manu Ayerdik (atxiki gabea), Yolanda Barcinaren gobernua “akabatua” dagoela irizten duenak, “hauteskunde berriak deituz herritarrei ahotsa ematearen” alde egin du gaur.

Horregatik, esan duenez, Bildu-k eta Aralar-NaBaik Yolanda Barcinaren aurka aurkeztutako zentsura mozioa babestu dute, “aurrera aterako ez zela jakin arren”.

Nafarroako Gobernua “akabatua dago eta guk jasangarria izango den hautabide baten alde lan egiten jarraituko dugu”, azpimarratu du Ayerdik parte-hartzean. Gainera, UPNren gobernuaren “kudeaketa txarra” azpimarratu du, bai eta UPN “mugako bakardade eta ahulezia” egoeran dagola, 26 botora iristeko gaitasunik gabe.

Horrez gain, esan du UPNk “PSNrekin zituen zubiak hautsi ditu, I-Erekin ez ditu inoiz izan eta EH Bildu eta Geroa Bai-ri dagokienez, ez du eraikitzea pentsatzen ere, eta gaitzespen erraza erabiltzen jarraitzen du”.

"Bere partidua eta bere gobernua erortzear bizi dira eta horrela bizitzera behartzen dute” gobernuko lehendakaria. Hori dela-eta, beharrezkoa da herritarrei ahotsa ematea eta hauteskunde aurreratuak deitzea.

Ayerdik onartu du datorrena “ez dela erraza izango” eta hauteskunde berrietatik sortuko den gobernuak “Nafarroa krisitik ateratzeko erronka” izango duela, denbora gehiegi baitarama krisian sartuta.

Hauteskundeek ezertarako balioko ez luketela esandakoaren harira, eskatu du inork “ez dezan ausartegi jokatu herritarren izenean hitz eginez” eta lehendakari andreari herritarrei haien iritzia emateko aukera eman diezaien eskatu dio.

Zentsura mozioari dagokionez, Ayerdik esan du aurkeztu zuenean EH Bilduk jakin bazekiela ez zela aurrera aterako, PSNk esana baitzuen ez zuela sekula babestuko eta sozialisten jarrera hori ikusita, bai Geroa Bai-k, bai I-Ek uste zutela “une honetan aurkeztea ez zela egokia, naiz eta azkeneko xedearekin ehuneko ehun ados egon”.

Atxiki gabekoen bozeramailearen ustez, PSNren jarrera “herritarrentzat eta haiei botoa ematen dieten askorentzat ulertzeko zaila da”, gobernuan sinesgarritasuna galdu duela esaten baitu, Barcinaren dimisioa eskatzea sinatu du, baina aldi berean “adierazten du ez duela pauso bat ere emango gobernua erortzeko”.

Ildo horretan eta sozialistek Bildu-rekin egin lezaketen hitzarmen baten inguruan eraikitzen duten “lerro gorri igaroezin” baten karietara, Ayerdik argudioaren “ahultasuna” deitoratu du, izan ere, PSNk “badaki hautagaia berea izan zitekeela”.

Atxiki gabearen arabera, horrek mezua argi egiten du, alegia, nahiago du Barcinak lehendakaria izaten jarraitzea beste gobernu bat ekar lezakeen hauteskunde berri bat izatea baino.

Bere ustez, PSN kezkatzen duena da egun bederatzi parlamentari dituela eta “gehiengoa lortzeko giltza dira eta hauteskunde batzuekin pisu politikoa gal” lezakeela. Horren harira, zehaztu du sozialistek, “haien interesak Komunitatearenen” aurrean jartzen ari direnek, berrindartzeko denbora behar dutela.

Horregatik guztiagatik, Ayerdik ondorioztatu du “PSNren estrategia ez da egokiena Nafarroako gizartearentzat”.

"Antzeko zerbait" gertatzen da EH Bildu-rekin, Geroa Bai-ko atxiki gabeko parlamentariaren arabera, “aurrera aterako ez dela jakin arren, mozio bat aurkezten baitu” eta esaten baitu “balioa duela gobernu aldaketara hurbiltzen gaituelako. Eskatzen dizuet zintzoak izan zaitezten eta esan dezazuen mozio hau aurkezteak Nafarroan aldaketa politikoa egoteko aukera hurbildu duen, ez dirudi eta”.