Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Martxoak 20

Bazertu egin da mozio bat, zeinaren bidez Estatuko Gobernua premiatzen baitzen Bardeako tiro-poligonoa erabiltzeari buruzko kontratua ez zezan luza.

Soilik EH Bildu eta C-Z agertu dira GBk aurkeztutako ekimenaren alde. Horren bidez garapen sozioekonomikorako alternatiba bat eskatzen zen, tiro poligonoak entitate partzuerrei ematen dizkien diru-sarreren parekoa 

Parlamentuaren Osoko Bilkurak mozio bat baztertu du gaur, UPN, PSN, PPN, Talde Mistoa eta atxiki gabe parlamentariaren aurkako botoekin eta EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen aldeko botoekin. Horren bidez, Espainiako Gobernua premiatzen zen “ez zezan luza Bardeako tiro-poligonoa erabiltzeari buruzko kontratua”.

 

Bazter utzitako mozioak bazuen bigarren puntu bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak Bardeako Batzarra premiatzen baitzuen “ez zezan luza Estatuko Gobernuarekiko kontratua, Bardeako tiro-poligonoa erabiltzeari buruzkoa”.

 

Era berean, hirugarren apartatuan Nafarroako Gobernua premiatzen zen “Nafarroako Errege Bardearen garapen sozioekonomikoari buruzko azterlan bat egin zezan, tiro-poligonoaren entitate partzuerrek une honetan dauzkaten diru-sarrerendako alternatiba bat eskaintzeko xedez”.

 

Contigo-Zurekin taldeak gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu du, ekimenaren sustatzaile Geroa Baik onartu duena. Bertan proposatzen zen Nafarroako Parlamentuak “babes zezan ekaineko lehen igandean eginen den Bardeako tiro-poligonoa desegitearen aldeko XXXIV. martxa, Poligonoaren Aurkako Batzarrak deitua”.

 

Geroa Baik aurkeztutako mozioaren zioen azalpenean gogorarazten denez, 1968tik, 32 aire-istripu gertatu dira, zeinen ondorioz 21 militar hil baitira. Asko izan dira, bestalde, herritarrek egindako protestak eta Nafarroako zenbait erakundek ere eskatu dute tiro-poligonoa eraistea, hala nola Tuterako Udalak eta Nafarroako Parlamentuak berak.   

 

Mozioaren testuan esaten denez, kontratua beste 20 urterako luzatu zen 2008an –horietako 10, ziur, eta beste 10, berriz, luzagarriak–, 210 milioi euroko prezioan (7 milioi lehenbiziko hamar urteetan, eta 14, berriz, hurrengo hamar urteetan).