Baliozkotu egin da 7/2020 Foru Lege-dekretua, uztailaren 22koa, ohiz kanpoko prebentzio neurri batzuk hartzen dituena koronabirusaren osasun krisiari aurre egiteko, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren
Nafarroako Foru Komunitatean epidemiaren bilakaera okerra dela eta, gaueko aisialdiaren esparruan prebentzio neurriak jasotzen dituen zazpigarren neurri sorta da
Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak aho batez baliozkotu egin du gaur 7/2020 Foru Lege-dekretua, uztailaren 22koa, zeinaren bidez ohiz kanpoko prebentzio neurri batzuk hartzen baitira koronarabirusaren (COVID-19a) osasun krisiari aurre egiteko, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.
Martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege-dekretua eta martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretua bezala, zeinak martxoaren 27an baliozkotu eta apirilaren 3an foru lege bihurtu baitziren, 7/2020 Foru Lege-dekretua foru lege proiektu gisa izapidetuko da, presako prozeduraren bidez. Hala eskatu du Navarra Suma talde parlamentarioak, eta Geroa Bairen babesarekin aurrera egin du eskaerak.
7/2020 Foru Lege-dekretua pandemiak azken asteetan hartu duen bilakaera okerra ikusirik eman da, “oso modu nabarmenean igo baitira konfirmatutako kasu positiboak”, eta horrenbestez, beharrezkotzat jotzen da zenbait prebentzio eta kontrol neurri ezartzea eritasunaren transmisioa murrizteko, batez ere “gizarte harremanei eta aisialdiari lotutako inguruneetan”.
Gaueko aisialdiaren arloan hartutako ohiz kanpoko neurriei dagokienez, ixteko berandueneko ordutegia 02:00etara mugatzen da orobat ikuskizunak eta dibertimenduzko jarduerak eskaintzen dituzten aretoentzat, hala nola elkarte gastronomiko, peña eta joko-aretoentzat.
Tabernek, kafetegiek, jatetxeek, kafe-antzokiek, ziber-aretoek, bingo-aretoek, joko-aretoek, diskoteka eta dantzalekuek, dibertimendu-aretoek, 02:00etan itxi beharko dituzte ateak. Ez da egonen itxiera gibeleratzeko aukerarik, eta ordutegi horren barnean hustu beharko da gunea, baita terrazak eta kanpoko mahaitxoak ere.
Gainera, araudian aurreikusirik dagoen ordutegia luzatzeko aukera eteten da, eta ezin izanen da ordutegi berezirik baimendu.
Neurri hori ezarriko zaie, halaber, elkarte gastronomiko, peña (legez eratuak) eta antzeko tokiei, eta beraz ordu horretan itxi beharko dute. Ezin izanen da mota horretako gunerik erabili 02:00 eta 06:00ak bitartean.
Behin-behineko instalazioetan edo instalazio eramangarri edo desmuntagarrietan egiten diren ikuskizunak eta dibertimenduzko jarduerak ere egokitu beharko dira, eta gaueko ordu bietan bukatu.
Era berean, gaueko ordutegian bide publikoan, parkeetan, plaza publikoetan eta oinezkoak ibil daitezkeen beste toki batzuetan eginiko bizikidetza- eta aisialdi-jarduerak–hala nola “kale zurruta” esaten zaienak eta antzekoak– 02:00etatik 06:00etara bitartean egitea debekatzen da.
Ostalaritzan eta jatetxeetan segurtasun-distantzia mantendu beharko da mahaien edo mahai-multzoen artean. Aurrez esandakoarekin bat eginik, mahai edo mahai-multzo bakoitzaren gehienezko okupazioa 10 lagunekoa izanen da, elkarrekin bizi direnen kasuan izan ezik.
Foru Lege-dekretuaren bigarren xedapen gehigarriak toki-erakundeei gaitasuna aitortzen die beren udalerrietan establezimenduen itxiera-ordutegiak murrizteko, betiere neurria beren lurralde-eremuari badagokio eta osasun-egoeraren bilakabideagatik justifikatzen bada. Neurriak Foru Erkidegoaren lurralde osoari eragiten badio, kontseilariak edo Osasun zuzendari nagusiak hartu beharko du.
Osasun-agintariei gaitasuna aitortzen zaie tokian tokiko agerraldiak zabaltzea eragozteko beharrezkoak diren neurri gehigarri edo osagarriak ezartzeko, behin-behinean, ezinbestekoa den denboran, eta proportzionalak diren heinean.
Azken xedapenetako lehena, hurrengo paragrafoa gehitzen zaio Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 35.I.B).26 artikuluari:
“Mailaz mailako kuota hori aplikatzetik salbuetsita gelditzen dira, orobat, hipoteka mailegu eta kredituen luzamenduak eta hipoteka bermerik gabeko errentamenduen luzamenduak formalizatzeko eskriturak, turismoaren sektorearentzako luzamendu hipotekarioa aplikatzearen ondorioz gertatzen direnean (uztailaren 3ko 25/2020 Errege Lege-dekretuaren 3. artikulutik 9.era bitartekoetan arautua)”.
7/2020 Foru Lege dekretuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra, eta neurrion iraupena 15 egunekoa izanen da, 15 eguneko tarteak erantsiz luzatzeko aukerarekin, osasunaren eta epidemiologiaren aldetik justifikaturik baldin badago.
Bilkurak –mistoa (presentziala eta telematikoa)– honako hauek bildu ditu Osoko Bilkuren aretoan: Unai Hualde Parlamentuko lehendakaria, Inma Jurío eta Yolanda Ibáñez lehendakariordeak, Juan Luis Sánchez de Muniáin eta Maiorga Ramírez idazkariak, eta Legebiltzarrean ordezkaritza duten sei taldeetako eledunak eta parlamentariak. Gainerako hautetsiek botoa eskuordetu dute. Botoa eskuordetzea borondatezkoa da, baina interes publikoko osasun-arrazoiengatik gomendatzen da.
Nafarroako Gobernuko lehendakari María Chiviterekin batera, lehen lehendakariorde Javier Remírez, bigarren lehendakariorde Jose Mari Aierdi, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilari Elma Saiz, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilari Manu Ayerdi, Lurralde Kohesioko kontseilari Bernardo Ciriza, Kultura eta Kiroleko kontseilari Rebeca Esnaola eta Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilari Eduardo Santos egon dira.
-
Foru Lege-dekretua (79. NPAO, 2020-07-28koa)