Baliozkotu egin da 10/2020 Foru Lege-dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen arloko zenbait neurri onesten dituena
Osatu egiten dira 2018an LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin sinatutako urte anitzeko akordioak biltzen dituen ordainsarien arloko neurriak, urtarrilaren 1eko atzeraeraginarekin
Gaurkoan, Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak, PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin, onetsi du baliozkotzea irailaren 16ko 10/2020 Foru Lege-dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen arloko zenbait neurri onesten dituena. 5.000 funtzionario ingururen lan baldintzei eragingo die.
10/2020 Foru Lege-dekretuak erantzuten die Sektore publikoaren esparruko ordainsarien arloan premiazko neurriak onesten dituen urtarrilaren 21eko 2/2020 Errege Lege-dekretuak 3. artikuluan biltzen dituen aurreikuspenei, non aukera ematen den Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen eta LAB, CCOO eta UGT sindikatuen artean 2018ko urriaren 4an sinatutako urte anitzeko akordioko neurriak gauzatzeko.
Aipatu akordioak bilatzen du enplegu publikoa eta lan-baldintzak hobetzea eta kontuan hartzen ditu langileen arloko neurri batzuk, zeinak 2020ko ekitaldiari dagokionez osatzen baitira soldata-masa beste % 0,30 igotzea “baimentzeko aukerarekin”.
Aipatu 3. artikuluan jasotzen denaren arabera, eta aurreko ekitaldi batzuetan bezala, igoera hori erabili ahalko da produktibitatea edo efizientzia hobetzea helburu duten planak edo proiektuak ezartzeko, pareko eginkizunak dituzten lanpostuen arteko osagarri berariazkoak berrikusteko, destinoko osagarriak homologatzeko edota pentsio planetara ekarpenak egiteko, besteak beste.
Aldi berean, 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legearen 6. artikuluak ezartzen duenez, estatuko legedian baimendutako gehieneko gehikuntza orokorra aplikatu “behar” zaie beren funtzionarioen eta estatutupeko langileen ordainsariei, urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioak izanda.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak 2020ko irailaren 16an hartutako erabakiarekin bat etorriz eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluan jasotako baimena erabiliz, aldaketa batzuk eginen dira, zeinek ukituko dituzten, besteak beste, izena, koadramendua, sarrera eta ordainsaria, honako lanpostu hauetan: administrari laguntzaileak (hemendik aurrera administrariak) eta Hezkuntzako zaintzaileak, hemendik aurrera C mailakoa/taldekoa.
Hezkuntza Departamentuari atxikitako zaintzaileen lanpostuak eraldatzeko lanpostu berri bat sortzen da, Inklusiorako Laguntzako teknikaria, eta lanpostu horretan sartzeko titulu berariazkoa eduki beharko da, Gizarte integrazioko goi mailako teknikariarena edo, bestela, Batxilergoko titulua edo baliokidea, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen arretaren profesionaltasun ziurtagiriarekin.
Edonola ere, bost urteko bitarteko aldia ezartzen da; aldi horretan C mailako/taldeko lanpostuak betetzeko eskatzen den titulu orokorra duten izangaiek betetzen ahalko dituzte lanpostu horiek aldi baterako. Epe horretan ez da Inklusiorako Laguntzako teknikarien lanposturik sartuko lan publikoaren eskaintzetan, langile finkoek betetzekoetan.
Batzuk eta besteak C mailan/taldean sartzea, ezartzen den prozeduraren araberakoa izanen da, eta ez du inoiz ere berekin ekarriko ukitutako langileek orain arte bete dituzten eginkizunak (administrari laguntzaileak eta Hezkuntzako zaintzaileak) betetzeari uztea, ezta beste lanpostu baten eginkizunak esleitzea ere.
Foru lege-dekretu honek indarra hartzen duenean, administrari laguntzaileen izendapena duten funtzionarioak, zerbitzu berezietan aritzeko zerrendetan badaude C mailako/taldeko lanpostu batzuk betetzeko, zerrenda horietatik baztertuko dira. Iadanik zerbitzu berezietan daudenek izendapenari eutsiko diote beharrak irauten duen bitartean. Behar hori bukatutakoan, dagokion zerrendatik baztertuko dira.
Edonola ere, zerbitzu berezietako zerrendak indarrean geratuko dira prestakuntzarako, baina izendapen berriak egiteko, lanpostuaren maila edo talde berrirako behar diren baldintzak eskatuko dira, salbu eta Hezkuntza Departamentuko Inklusiorako Laguntzako teknikarien lanpostuei dagokienez, ezarritako bitarteko aldian.
Administrari laguntzaileen eta Hezkuntza Departamentuko zaintzaileen lanpostuetarako indarrean dauden kontratuek indarrean jarraituko dute, bai eta kontrataziorako zerrendek ere, baina kontratu berriak sinatzeko, behin bitarteko aldia agorturik, maila edo talde berrirako behar diren baldintzak eskatuko dira. Baldintzak betetzen ez dituzten izangaiak ez dira deitzeko moduan egonen eta deitzeko moduan egotera pasatuko dira aipatu baldintzak dituztela frogatzen dutenean.
Amaitu gabe geratzen diren administrari laguntzaileen deialdiak arautzeko, deialdian ezarritakoari jarraituko zaio, halako moduz non aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda onetsietan sartuko baitira oinarrietan eskatutako baldintzak betetzen dituzten parte-hartzaile guztiak. Edozein kontratu sinatu ahal izateko, frogatu beharko da baldintzak betetzen direla maila/talde berriarekin bat. Horretarako epe orokor bat irekitzea dekretatu ahalko da, zerrendan dauden guztiek aukera izan dezaten baldintzak betetzen dituztela frogatzeko.
Bestetik, zerbitzu orokorretako langileen eta suhiltzaile-peoi laguntzaileen lanpostuko osagarria % 3,32 handituko da eta zeladoreen lanpostuari destinoko 1. mailako osagarria esleituko zaio.
Atal, bulego eta unitate parekatuetako buruen zuzendaritza lanpostuko osagarria kalkulatzeko, erreferentzia hartuko da A mailari/taldeari dagokion hasierako soldata, kontuan hartu gabe buru aritzen den pertsonaren lanpostuaren maila/taldea.
Gizarte-langile, gizarte-hezitzaile eta psikomotrizisten lanpostuen ordainsariak B mailako/taldeko lanpostuek dituztenekin parekatzen hasteko aipatu lanpostu horien lanpostuko osagarria % 2,88 igoko da.
Azkenik, Nafarroako Gobernua gaitzen da, azken xedapenetako lehenaren bidez, plantilla organikoko lanpostuen ordainsari osagarriak aldatzeko, indarreko araudiarekin bat.
10/2020 Foru Lege-dekretuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra eta biltzen dituen neurriek 2020ko urtarrilaren 1eko atzeraeragina izanen dute.
Bilkura mistoa izan da (presentziala eta telematikoa), eta honako hauek bildu ditu Osoko Bilkuren aretoan: Unai Hualde, Parlamentuko lehendakaria; Inma Jurío eta Yolanda Ibáñez lehendakariordeak; Juan Luis Sánchez de Muniáin eta Maiorga Ramírez idazkariak; eta Legebiltzarrean ordezkaritza duten sei taldeen eledunak eta parlamentariak. Gainerako hautetsiek botoa eskuordetu dute. Borondatezko gauza da hori, baina interes publikoko osasun-arrazoiak direla-eta, gomendatu egiten da.
Nafarroako Gobernuko lehendakari María Chiviterekin batera, lehen lehendakariorde Javier Remírez, Lurralde Antolamendua, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako Kontseilari Jose Mari Aierdi, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilari Elma Saiz, Ekonomia eta Garapen Ekonomikoko kontseilari Manu Ayerdi, Lurralde Kohesioko kontseilari Bernardo Ciriza, eta Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilari Eduardo Santos egon dira.
-
Foru Lege-dekretua (100. NPAO, 2020-09-24koa)