Baliabiderik gabeko zordun hipotekarioak babesteko tributu-neurriei buruzko Foru Legea eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 174. artikulua aldatzeko Foru Legea onetsi dituzte
Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPN, SN, Nabai eta PPNk alde emandako botoekin eta Bildu eta I-Eren abstentzioekin, baliabiderik gabeko zordun hipotekarioak babesteko tributu-neurriei buruzko Foru Legea onetsi du gaur.
Legeak Nafarroako Foru Komunitaterako egokitzen du martxoaren 9ko 6/2012 Errege Lege-dekretuaren edukia, neurriak ezartzen dituena hipoteken betearazpenerako prozedurak malgutzeko, gizartean bazterturik gelditzeko arriskuan dauden pertsonen kasuan etxebizitzaren utzarazpenak dakartzan arazoak arindu nahian.
Horretarako, eta etxebizitzaren eskualdatzaileari kalterik ez eragiteko xedea duten zenbait arreta neurriekin batera, Errege Lege-dekretuak gizarte-bazterketaren muga zehazten da, berandutza-korrituak mugatzen dira eta epaitegitik kanpoko betearazpenerako prozedurak aldatzen dira.
Baliabiderik gabeko zordun hipotekarioak babesteko tributu-neurriei buruzko Foru Legeak PFEZri buruzko Foru Legearen Testu Bateginari xedapen gehigarri bat eransten dio. Horrela bada, salbuetsi egiten da ordainean ematean gerta daitekeen ondare gehikuntza, (ez murrizketa), hau da, etxebizitza finantza-entitateari eskualdatzea.
Halaber, Foru Legeak 26. zenbakia eransten dio Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Testu Bateginaren 35. Artikuluari. Bertan ezartzen du 6/2012 Errege Lege-dekretuaren babesean mailegu eta kreditu hipotekarioen kontratuetan egindako nobazioak formalizatzeko eskritura publikoak salbuetsirik egonen direla egintza juridiko dokumentatuen modalitateko notario-agirien mailakako kuotatik.
Bestalde eta Estatuarekin izendapeturik duen Hitzarmen Ekonomikoaren babesean, Foru Legeak Nafarroako Zerga Ogasuna gaitzen du errentarik gabeko bere konturako langileari dagokion ziurtagiria eta azken zerga-ekitaldiko errenta ziurtagiria ere egiteko, zordunak entitate hartzekodunaren aurrean frogatu ahal izan dezan 6/2012 Errege Lege-Dekretuan aipatzen diren bazterketaren muga zirkunstantzietan dagoela.
Aldi berean, eztabaidatu eta babes berarekin onetsi da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 174. artikulua aldatzeko Foru Legea (gehiengo osoa eskatzen zuen), Hirilurren Balio Igoeraren gaineko Zergari buruzkoa.
Aldaketa 2. atal bat gehitzean datza, etxebizitza ordainean ematean egiten dituzten eskualdaketetan, ondasun higiezina eskuratzen duen finantza-entitateak, zergadunaren ordezkoa bada ere, ezin izateko kargaren zenbatekoa jasanarazi zergadunari.
Aldaketa hau, 2012ko martxoaren 11tik aurrera gertatzen diren zergapeko egintzetako ondorioekin, Baliabiderik gabeko zordun hipotekarioak babesteko tributu neurriei buruzko Foru Legea osatzen du, zeinaren xede nagusia etxebizitzaren eskualdatzaileari kalterik ez eragitea den.
Nabai-k aldaketa zuzenketa bat aurkeztu du, ohiko etxebizitza ordainean ematen den kasuetan hirilurren balioaren gaineko zerga (herri-gainbalioa) ordaindu behar duena eskuratzailea izatean ados egonik, hipoteken ondorioz haien burua ohiko etxebizitza eskualdatzera behartuta ikusten dutenei tratu berdina emateko. UPN, SN eta PPNren arbuioa dela-eta ez da aurrera eraman, zeinak Nabai, Bildu eta I-Eren babesa nahikoa ez izatea eragin duen.
· www.parlamento-navarra.es
· Foru Lege Proiektuen argitalpena (NPAO, 34. zk., 2012-04-11koa)