Bakarrik dauden adingabeak hartzeko akordioak betetzen jarraitzeko eskatzen zaio Nafarroako Gobernuari
Larrialdi humanitarioko testuinguru batean migratzaileen arreta eta gizarteratzea erraztuko duten mekanismo lotesle eta solidarioak ezartzearen alde egiten da
Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak erabaki bat onetsi du gaur (PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik, PPNk eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu dute, UPN abstenitu egin da eta Voxek aurka bozkatu du). Nafarroako Parlamentuak “adierazten du 4/2000 Legearen 35. artikulua aldatzearen alde dagoela, haur migratzaileen eskubideak bermatzen lagunduko duten mekanismo lotesle eta solidarioak ezartze aldera, haien jatorri nazionala, etnikoa edo soziala, arraza eta erlijioa edozein dela ere”.
Onartutako ebazpenak bigarren puntu bat jasotzen du, eta, bertan, babes berberekin, Nafarroako Gobernua premiatzen da “jarrai dezan bakarrik dauden adingabeen harrerarako iaz adostutako akordioak betetzen, bai eta Kanarietan 2024ko uztailean egindako Haurren Konferentzia Sektorialaren konpromiso berriak betetzen ere”.
Era berean, hirugarren puntuan Nafarroako Parlamentuak Haur eta Gazteria Ministerioa premiatzen du “jarrai dezan haur migratzaileen eskubideak bermatzeko neurriak bultzatzen”. Voxek aurkako botoa eman du, eta gainerakoak alde agertu dira.
Halaber, Legebiltzarrak Diputatuen Kongresuko talde parlamentarioak premiatzen ditu “egin dezaten Atzerritarren Legearen 35. artikulua, bakarrik dauden adingabeei buruzkoa, aldatzearen alde”. UPN abstenitu egin da; PPNk eta Voxek aurka bozkatu dute.
Azkenik, berriz ere Voxen aurkako botoarekin, Parlamentuak “erabaki du Gazteria eta Haurtzaro Ministerioari igorriko diola erabaki hau”.
PPNk 1. eta 4. puntuak aldatzeko zuzenketa bat aurkeztu du, eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioak onartu egin du. Horren bidez erabaki da, halaber, Estatuari eskatzea «gainditutako laguntza-gaitasunarekin» autonomia-erkidegoek adingabe migratzaileei harrera emateko hartu behar dituzten ezohiko gastuak bere gain hartzeko.
Zioen azalpenean, Contigo-Zurekin talde parlamentarioak sustatutako erabakiak gogorarazten du adingabeen interes gorena babestea “ez dela lege-agindu bat soilik, berehalako erantzun eraginkorra eskatzen duen agindu morala baizik”, eta, hori dela eta, eskatzen da “politika eraginkorrak eta koordinatuak ezartzea estatu- eta erkidego-mailan, legezko egoera alde batera utzita, larrialdi humanitarioko testuinguru batean baikaude, migratzaileen arreta eta gizarteratzea erraztuko duten mekanismo lotesle eta solidarioak ezartzeko gai izanen direnak”.
Testuinguru horretan, botere publikoek "adingabeen ongizatea eta garapen integrala bermatzeko" duten "erantzukizuna" azpimarratu ondoren, nazioko eta nazioarteko hainbat itunetan eta ordenamendu juridikotan, bai eta erkidego-mailan ere, jasotzen den moduan, nabarmentzen da Nafarroak “harrera-lurralde” gisa izan duen tradizioa eta premiatzen da “beharrezkoak diren akordioak lor daitezen, bereziki Kanarietan eta Ceutan ikus daitekeen migrazio-larrialdiari “erantzun berehalako eta eraginkor” bat emateko.
- https://parlamentodenavarra.es/eu
- Mozioa (100. NPAO, 2024-09-05ekoa)
Archivos adjuntos