Aurtengo plangintzari ekiteko Osoko Bilkuren aretoan bildu den Pirinioetako Batzarrari harrera egin dio Unai Hualdek
Parlamentuko Batzorde Bereziak Pirinioetako Mahaiarekin eta Nafarroako Gobernuarekin batera abian den ekitaldiari dagokion plangintzari heldu dio
Unai Hualdek, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Pirinioetako Mahaia osatzen duten kideei harrera egin die gaur arratsaldean, Osoko Bilkuren aretoan urteko batzarra burutu baitute. José María Aierdi Gobernuko bigarren lehendakariordearekin eta Ruben Goñi Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiarekin batera aurtengo plangintzari ekin diote.
Parlamentuan Pirinioetako egoerari buruz egin zen ponentziaren txostenak proposatuta sortu zen Pirinioetako Batzarra, eta ondorioz Nafarroako Gobernuak Pirinioetako Plan bat onetsi zuen. Plan horren helburua egiturazko arazoei erantzutea da, izan ere, despopulazioa, zahartzea, oinarrizko zerbitzu eta azpiegituren defizita edo enplegu-eskasia bezalako arazoek lurralde honen bizimodua eta etorkizuna baldintzatzen dute.
Pirinioetako Batzarra honako hauek osatzen dute: Pirinioetako Mahaiak, hainbat lan-talderen bidez, hura garatzeko interesa duten elkarte, kolektibo eta pertsonen partaidetzari irekitako hautetsien elkarteak; Nafarroako Parlamentuko Batzorde Bereziak, aurreko legegintzaldiko ponentziaren txostena garatzeko eta betetzen dela kontrolatzeko 2019ko urriaren 7an sortu zenak; eta Nafarroako Gobernuak.
Ponentzia 2017ko ekainean eratu zen, talde guztien ekimenez, eta Nafarroako Ekialdeko Pirinioetako haranen egoera sozioekonomikoa aztertzea izan zuen helburu. Azken txostenak jasotzen zuen Parlamentuak konpromisoa zuela Nafarroako Gobernuak egindako gomendioen gauzatzea kontrolatzeko eta jarraipena egiteko.
Adolfo Araiz (EH Bildu) da Ekialdeko Pirinioei buruzko Ponentziaren txostenaren eta Parlamentuaren Osoko Bilkurak 2018ko azaroaren 8an onartutako ebazpenaren jarraipena eta kontrola egiteko Batzorde Bereziaren burua, eta honako hauek osatzen dute: Pachi Pérez (Navarra Suma), Ainhoa Unzu (PSN), Pablo Azcona (Geroa Bai), Ainhoa Aznarez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Izquierda).
Bilkuran zehar eta 2020ko Memoria aurkeztu ondoren, 2021erako ekintza-plana onetsi da. Horretaz gain, Europako Next Generation funtsei, sailetako deialdiei eta Ministeriokoei lotutako inbertsioen aukera aztertu dira.
Batzarrean parte hartu dute, baita ere, Ana Sagardoi Pirinioetako Mahaiaren ordezkariak, Ibon Mimentzek (Cederna-Garalur) eta bilkuraren aurkezpena egin duen Arantxa Arreguik (Nasuvinsa).