Aurrekontuen egonkortasunerako eta lehiakortasunaren sustapenerako neurriei buruzko 20/2012 ELDaren 22.8 eta 22.9 artikuluen, hamargarren eta hamabigarren xedapen iragankorren "lehenengo idatz-zatia" eta laugarren azken xedapenaren aurka konstituziokontra
Parlamentuko Osoko bilkurak, UPNk, SNk, Nabai-k, Bildu-k eta I-Ek alde emandako botoekin eta PPNk kontra emandako botoarekin, Aurrekontuen egonkortasunerako eta lehiakortasunaren sustapenerako neurriei buruzko 20/2012 ELDaren 22.8 eta 22.9 artikuluen, hamargarren eta hamabigarren xedapen iragankorren –lehenengo idatz-zatia– eta laugarren azken xedapenaren aurka konstituziokontrakotasun errekurtsoa jartzea onetsi dute, gizarte laguntzari dagokionean Nafarroako Foru Komunitatearen eskuduntzari eragiten baitio.
Iragan urriaren 1ean egin zen saioan, eta Izquierda-Ezkerra eta Socialistas de Navarra parlamentu-taldeek hala eskatuta, Eledunen Batzarrak adostu zuen Ganberaren Osoko Bilkurari proposatzea Konstituzioaren Auzitegian konstituziokontrakotasun errekurtsoa jartzea.
Osoko Bilkurak gaur onetsi duen konstituziokontrakotasun errekurtsoa jartzea Ganberaren zerbitzu juridikoen txosten bat dela-eta proposatu zen, zeina Mahaiak zein Eledunen Batzarrak 2012ko irailaren 24an ezagutu zuten. Txostena Eledunen Batzarrak hala eskatuta helarazi zen eta Aurrekontuen egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna sustatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege-dekretuaren ingurukoa da, eta mendekotasunarekin zerikusia duten erreformek Nafarroako Foru Komunitateko eskuduntzak errespetatzen dituztenetz ere aztertzen du.
Parlamentuko zerbitzu juridikoen aipatu txostenak bere ondorioetan baieztatzen duenez “20/2012 Errege Lege-dekretuaren 22.8 eta 22.9 artikuluak, hamargarren eta hamabigarren xedapen iragankorrak –lehenengo idatz-zatia– eta laugarren azken xedapena konstituzioaren kontrakoak dira, Espainiako Konstituzioaren 149.1.1. artikuluaren eskuduntza tituluaren muga gainditzeagatik eta gizarte laguntzari dagokionean Nafarroaren eskuduntza urratzeagatik”.
Halaber, txostenak dioenez, “aipatu 20/2012 Errege lege-dekretuaren mendekotasunaren inguruko gainerako aginduek ez dituzte Nafarroako Foru Komunitatearen eskuduntzak urratzen; beraz, konstituzionalak direla irizten dugu”.