Noiz argitaratua Asteartea, 2023.eko Abenduak 19

Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako protokoloa egiteko lehen urratsak eman ditu Nafarroako Parlamentuak

Unai Hualde Begoña Alfaro Migrazio Politiketako kontseilariarekin bildu da, zeinek bere departamentuaren erabateko borondatea azaldu dion Foru Legegileari gai horren inguruan aholku emateko

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak eta Mikel Zabaleta bigarren idazkariak harrera egin diete gaur Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuko hirugarren lehendakariorde eta Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilariari eta Marisol de la Nava Migrazio Politiketako zuzendari nagusiari.

 

Bileran, Begoña Alfarok azpimarratu du ordezkatzen duen departamentuak "borondate osoa" duela "arrazakeriaren eta xenofobiaren arloan aholkularitza emateko hala eskatzen duten pertsona, entitate eta erakunde guztiei".

 

Horri dagokionez, Alfarok jasota utzi du Parlamentuko lehendakariaren ekimenarekiko konpromisoa, "Ganbera honetan azkenaldian entzuten diren adierazpenak geldiaraziko dituen protokolo bat" bultzatzeko. “Onartezina da erakunde publiko batean diskurtso arrazista eta xenofoboak hitzez adieraztea. Ildo horretan, gaur aurrerapauso bat emango dugu horiei amaiera emateko", berretsi du Nafarroako Gobernuko hirugarren lehendakariordeak.

 

Parlamentuko Mahaiak azaroaren 20an erabaki zuen Nafarroako Gobernuari aholkularitza eta laguntza eskatzea Nafarroako Parlamentuan arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako protokolo bat egiteko, Nafarroako Parlamentuko Lehendakariaren eskariz.

 

Eskaera Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borrokari buruzko apirilaren 5eko 13/2023 Foru Legearen esparruan kokatzen da (2023ko martxoaren 30ean onetsia). Lege horren  9. artikuluan Nafarroako Gobernuari “laguntza eta aholkularitza eman dezan” agintzen zaio, administrazio korporatibo, enpresarial eta sindikalek, bai eta irabazi-asmorik gabeko entitateek eta zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten era guztietako entitateek ere “arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako neurri espezifikoak edo protokoloak izan ditzaten”.

 

Unai Hualde, bere aldetik, pozik agertu da bilera "emankorra" izan delako. Zehaztu dugu Legebiltzarraren zerbitzuak egiten ari diren erregelamendu-garapenak idazteko prozesuan Departamentuaren aholkularitza jasotzeko aukera, besteak beste, legebiltzarkideen jokabideari eragingo diotenak (Parlamentuaren Erregelamendu berriaren 26. artikulua).

 

Bestalde, Legebiltzarraren, Migrazio Politiketako Departamentuaren eta beste eragile batzuen arteko lankidetzarako beste aukera batzuk zehaztu ditugu 2024rako, arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako sentsibilizazioaren arloan".