Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Irailak 7

Arantxa Izurdiaga Osinaga foru parlamentari karguaz jabetu da

EH Bildu talde parlamentarioari atxiki zaio, Miren Aranoak karguari uko egin baitio

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak bilkura egin du eguerdian, Arantxa Izurdiaga Osinaga (EH Bildu) foru parlamentari berria karguaz jabetu zedin, Miren Aranoak karguari uko egin ondoren.

 

Erakunde-aretoan egin den ekitaldian, parlamentari berriak kargua hitzeman du Legebiltzarreko lehendakari Unai Hualderen, lehen lehendakariorde Inma Jurío, eta bigarren lehendakariorde Yolanda Ibáñez.

 

Izurdiagak honako formula hau erabiliz hitzeman du bere kargura Parlamentuko lehendakariaren aitzinean:

 

“Legeak horrela agintzen duelako, hitza ematen dut”.

 

Izurdiagak, zeina zortzigarrena izan baitzen Nafarroako Parlamenturako 2019ko maiatzaren 26ko hauteskundeetan EH Bildu Nafarroak aurkeztutako zerrendan, erregelamendu bidez ezarritako baldintzak bete ditu, eta, halatan, foru parlamentari karguan jardutetik heldu diren eskubide eta abantaila guztiak eskuratu ditu.

 

Lanbidez abokatua, Izurdiaga (1978, Anozibar) foru parlamentaria izan zen aurreko legegintzaldian ere (Xabier Lasaren ordez, hura Gobernura joan zenean), eta, besteak beste, Foru Berriaren lantaldeko burua izan zen.

 

Karguaz jabetzeko ekitaldian orobat egon dira Bakartxo Ruiz, Adolfo Araiz, Laura Aznal eta Txomin González (EH Bildu talde parlamentarioa). Ekitaldia bukatzeko, Unai Hualdek hitz batzuk esan ditu.

 

Lehendakariak Izurdiaga zoriondu du, eta “zortea” opa izan dio bere eginkizunak gauzatu ditzan, “erantzukizun handikoak baitira. Ongi etorri hain ongi ezagutzen duzun etxe honetara, non, ederki asko dakidanez, lan handia egin baitzenuen lantaldeetan eta batzordeetan legeak taxutzen. Ziur naiz lan horri segida emanen diozula aro berri honetan ere.”