Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Urriak 23

Apustu-etxeak irekitzeari moratoria bat ezar diezaion Nafarroako Gobernua premiatzen duen ebazpena onetsi da

Prebentzio neurri gisa, Nafarroan apustu-etxeak arautzeko Ponentziak bere lana egiten duen arte

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordeak ebazpen bat aho batez onetsi du gaur, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “egoki diren neurriak gara ditzan indarreko araudiaren baitan, Nafarroako Foru Komunitatean apustu-etxeak bingoak edo jokoarekin nahiz apustuekin lotutako jarduerak egiten diren lokalak irekitzeari moratoria bat ezartzeko, horretarako eratu den ponentziak bere lana egiten duen bitartean”.

 

Zioen azalpenean, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek sustatutako ebazpenak, pasa den urriaren 2an aho batez onetsi zen Nafarroan apustu-etxeak arautzeko ponentziaren sorrera aipatzen du, eta ildo horretan, urratsak egiten hasteko eskatzen du, “ikusitako arriskuak minimizatzeko”.

 

Testuinguru horretan, ohartarazten da legedia hiru legegintza-gunetan datzala, nazioaren esparrukoa, erregioen esparrukoa (zergen arloko legegintza) eta udal ordenantzak (lokalak irekitzeko lizentziak), eta beraz, ludopatia mota honen inguruan sortutako egoera arretaz eta xehetasunez aztertu behar dela, “osasun publikoko lehen mailako arazo” bihurtzen ari baita sortzen duen mendekotasunagatik, “are gehiago nerabeen eta arazo ekonomikoak dituzten pertsonen kasuan”.

 

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordeak sortutako Ponentziak bere funtzioak garatuko ditu eskatutako lana amaitu arte, jasotako informazioa txosten batean islatuz Ponentziaren sorreratik 6 hilabeteko epean (luzatzeko aukerarekin).

 

Ponentzia osatzen duten parlamentariak dira José Suárez (Navarra Suma), Jorge Aguirre (PSN), Blanca Regúlez (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).

 

Inma Jurío (PSN) buru izan du batzordeak, eta bertan egon dira José Suárez, Carlos Pérez Nievas, Marta Álvarez, Iñaki Iriarte, Juan Luis Sánchez de Muniáin, Ángel Ansa (Navarra Suma), Ramón Alzórriz, Jorge Aguirre (PSN), Blanca Regúlez, Jabi Aramaka (Geroa Bai), Adolfo Araiz, Txomin González (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra) parlamentariak.