Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Ekainak 24

Aintzat hartu da Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legea aldatzeko proposamena

Hobekuntzak aurreikusten dira izapidetzea hobetzeko, interpretaziorako aukera ematen duten alderdiak argitzeko, bikoiztasunak ezabatzeko eta espediente guztiei aplikagarri zaizkien betebeharrak eta salbuespenak zehazteko.

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur onetsi du, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek emandako aldeko botoarekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin, aintzat hartzea Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea aldatzen duen Foru Lege proposamena.

 

PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek sustatutako lege proposamenak xede du hainbat aldaketa eta zuzenketa jasotzea, eraginkortasun eta efizientzia, proportzionaltasun, gardentasun eta osotasun printzipioekin bat etorriz izapidetzea hobetzeko, interpretaziorako aukera ematen duten alderdiak argitzeko, bikoiztasunak ezabatzeko eta espediente guztiei aplikagarri zaizkien betebeharrak eta salbuespenak zehazteko.

 

Azkartze-neurriei dagokienez, sozietate publikoetarako ere ezartzen dira, bertan behera uzten baita entitatearen arduradun den Administrazioaren txostena, kontratua sortaka zatitzen ez den kasuetan.

 

Ildo horretan bertan, lehiaren defentsarako agintaritzari aurretiazko txostena eskatu beharraren ordez aurreikusten da hari jakinarazteko betebeharra, lehia-murriztapenagatik kontratua sortaka zatitzen ez den kasuetan.

 

Halaber sinpletzen da lehia ezinezkoa den prozeduren izapidetzea, laburtu egiten da jakinarazpen elektronikoaren kasuan kontratuen eraginkortasuna eteteko epea, bertan behera uzten da eskaintzen irekitzearen eguna Atarian argitaratzeko betebeharra, eta, gardentasuna hobetzea xede, kontratu baten adjudikazioaren iragarkia argitaratzeko epea murrizten da.

 

Interpretaziorako aukera ematen duten aferak argitzeari dagokionez, besteak beste ezartzen da kontratazio-mahaiak osatzen dituzten pertsonen arteko eginkizun-banaketa, kide guztien elkartze fisiko edo telematikorik ez dagoenean; lizitazio- eta adjudikazio-zenbatekoak kalkulatzeko modua zehazten da prezio unitariotan egiten diren kontratuetan, eta halaber arautzen da pleguetan edo adjudikazio-hartzailearen eskaintzan jasotakoez beste estipulazio gehigarriak kontratuan jasotzeko modua, lehia-printzipioa urratzen ez denean.

 

Kontratatzeko baldintzak frogatu beharreko unea eta modua argitzeko aldaketa batzuk ere jasotzen dira; eta beste kontratu batzuetako kaudimenak aprobetxatzeko modua arautzen da.

 

Horrez gain, transposizio-oker bat zuzentzen da, zerbitzu-emakidei aplikatzekoa den Europako atalaseari dagokiona, eta transposizio zehatzagoa egiten da Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen aplikazioa baztertzen deneko kasu batzuei buruz.

 

Bestalde, ospitale-erabilerako medikamentuen eskuratzea halako moduz arautzen da non baldintza orokorren ezarpenerako sistema bat finkatzen baita, beherapenak ezartzeko nahiz ez ezartzeko aukera emanik Administrazioak Osasun Sistema Nazionalaren kargurako finantzaketarako ezarritako prezioan, irekita daudenak hornitzaile-multzo bati, eta modua egonda beste eragile ekonomiko batzuek bat egiteko geroago. Hori guztia, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 2016ko ekainaren 2ko epai batean ezarritako doktrina aintzat harturik (Dr. Falk Pharma GmbH DAK-Gesundheit-en aurka, C-410/14 afera, 41 eta 42. puntuak) egin da.

 

Gauzak horrela, eta efizientziaren eta kudeaketa sanitario egokiaren arteko erlaziorik onena zaintzearren, medikamentu-eskurapeneko sistema bat ezartzen da, non lizitazio publikoa egin beharrik ez dagoen. Horretarako, beharrezkoa da administrazio-prozedura bitartez zehazturiko prezio bat egotea, administrazioaren eta farmazia-hornitzailearen artean negoziatua. Beste horrenbeste egiten ahalko da arrisku partekatuko edo gastu-mugarako akordioak daudenean, eta hori O-NOZen erosketei aplikagarri zaizkien baldintzak arautzen dituztenak.