Noiz argitaratua Ostirala, 2018.eko Urriak 5

AHTaren obrak geldiaraz zitzan Estatua premiatzen zuen mozioa atzera bota dute

EH Bilduk Europako Kontuen Auzitegiak igorritako txostena erabili du “errentagarritasun falta” argudiatzeko, eta egungo azpiegiturak hobetzeko apustua baztertu egin da

Parlamentuko Osoko Bilkurak mozio bat baztertu du gaur, UPN, Geroa Bai, PSN eta PPNren aurkako botoekin eta EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aldeko botoekin, zeinaren bidez, “baloraturik Europako Kontuen Auzitegiak berriki emandako “Europako abiadura handiko trenbide sarea: errealitate bat ez, eraginkortasunik gabeko sistema zatikatu bat baizik” izenburuko txostena, Nafarroako Gobernua premiatzen da hark bere aldetik Estatukoa premia dezan Villafranca-Faltzes tartean hasi diren Abiadura Handiko Trenaren obrak gelditzera eta, halaber, tarte edo azpitarte gehiagorik ez esleitzera”.

 

Horrez gain, Gobernuari eskatzen zitzaion “beharrezkoak diren inpaktu sozioekonomikoaren eta errentagarritasun ekonomiko, sozial eta ingurumenekoaren gaineko azterlanak eta proiektu teknikoak egin ditzan, gaur egungo trenbide sarea modernizatzeko, salgai eta pertsonen garraiorako Tren Sozial bat gauzatzeko apustua egitearren”.

 

Zioen azalpenean, EH Bilduk sustatutako mozioak Europako Kontuen Auzitegiko II. Salak igorritako txostena aipatzen zuen, ezbaian jartzen baitu Europako abiadura handiko trenbide sareen errentagarritasun “operatibo, ekonomiko eta soziala”, baita Espainiakoa ere, uste baitu “abiadura oso handia ez dela toki guztietan behar, errentagarritasunaren kontrolak ez dira maiz egiten eta finantza-kudeaketa onaren printzipioak ez dira ere koherentean aplikatzen”.

 

Horrez gain, azaltzen zen Nafarroako Gobernuak gaur egun “ez duela inongo azterlan berezirik, abian jarri duten PHT proiektuaren inpaktu sozioekonomikoari buruz”, eta horren aurrean “baliabide publikoen erabilera eraginkor eta efizientea” exijitzen du, “25 milioiko gastua duen (tunelak kontuan hartu gabe) eta diru-xahutzea helburu duen proiektua baztertuz”.

 

Hau guztiagatik eta “Estatuak Nafarroarekiko azpiegituren arloan zor garrantzitsu bat pilatu duela” jakinda, “gaurko azpiegiturak eta trazadurak hobetzea” defendatzen zuten, “hausnarketa sakon” bat egin ondoren, “Nafarroako korridore osoan Abiadura Handiko Trenaren proiektua alde batera uzteko Euskal Y-arekiko lotura eduki arte, kostu guzti horiek aurrezteko”.