Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Maiatzak 7

Aho batez baliozkotu egin da 4/2020 Foru Lege-dekretua, apirilaren 29koa, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren COVID-19aren osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko

Zerga-araudia oraingo egoeraren berezitasunetara egokitzen du, jarduera ekonomikoaren adierazle zuzenei loturik ez dauden ordainketa-betebeharrak gutxitzeko xedez, besteak beste

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur aho batez baliozkotu du 4/2020 Foru Lege-dekretua, apirilaren 29koa, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

 

Martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege-dekretua eta martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretua ez bezala, zeinak martxoaren 27an baliozkotu eta apirilaren 3an foru lege bihurtu baitziren, 4/2020 Foru Lege-dekretua, 3/2020 Foru Lege-dekretua bezala, ez da foru lege proiektu gisa izapidetuko presako prozeduraren bidez. Navarra Sumaren eskaria bertan behera geratu da, PSN, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta I-E aurka azaldu baitira, eta onesteko gehiengo soila behar zuen.

 

4/2020 Foru Lege-dekretua pandemiak eragindako ohiz kanpoko premia bereziko inguruabarrak ikusirik eman da; izan ere, beharrezkoa da laugarren neurri sorta ezartzea ekoizpen eta gizarte sareari sostengua ematen jarraitze aldera. Xedea da, hortaz, “krisiaren inpaktua gutxitzea, behin osasun alarma bukatuta, jardueraren suspertze bat bultzatzeko eta kalte iraunkor edo egiturazkoak ekiditeko”. Hori guztia, alde batera utzi gabe Nafarroako Foru Komunitateak horretarako “nahitaez behar duen finantzaketa”.

 

Kasu honetan, foru lege-dekretuak egokitu egiten du zerga-araudia oraingo egoeraren berezitasunetara, jarduera ekonomikoaren adierazle zuzenei loturik ez dauden ordainketa-betebeharrak gutxitzeko xedez, besteak beste.

 

Zehazki, murriztu egiten dira jokoaren gaineko tributu batzuen kuota, jolas-makinen ustiapenari dagokionez, makina horiek jarrita dauden establezimenduak itxita baitaude. Halaber, saltoki handien gaineko zergaren kuota murrizten da, 2020ko zergaldikoa, alarma egoeraren deklarazioa dela-eta saltokia itxita dagoen denboraren proportzioan.

 

Bestalde, oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren eta ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren likidazioa aldizkakoa ez denez, bi zerga horiek aurkeztu eta diru-sarrera egiteko epeen kontaketarako ez da kontuan hartuko 2020ko martxoaren 14tik maiatzaren 30era bitarteko aldia.

 

Martxoaren 14tik maiatzaren 30era bitarteko aldia ere kentzen da, PFEZean ohiko etxebizitzan berrinbertitzeagatik egiten den salbuespenari heltzeko epea kontatzearen ondorioetarako kasu honetan.

 

Sozietateen gaineko zergari dagokionez, urtebetez luzatzen da, 2021eko abenduaren 31ra bitarte, ohiz kanpoko etekinak berrinbertitzeagatik egiten den salbuespenaz baliatu ahal izateko epea, gauzatze-epea 2020ko urtarrilaren 1ean bukatzen zaien zergadunen kasuan. Eta epea 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitarte bukatzen zaien zergadunentzako epea, berriz, 2021eko abenduaren 31ra bitarte luzatzen da, inbertsioetarako erreserba berezira bideratutako zenbatekoa gauzatu ahal izan dezaten. Gainera, bertan behera geratzen da 2018an eta 2019an enplegua sortzeagatiko kenkaria baliatu ahal izateko 2020an batez besteko plantilla mantendu behar izatea.

 

Denbora aldetiko aurreikuspenekin jarraituz, 2020ko maiatzaren 30era arte luzatzen da aintzat hartuko ez den epea ondorio hauetarako: zerga prozeduren gehieneko iraupenaren ondorioetarako, alegazioak aurkeztearen, errekerimenduei erantzutearen eta errekurtso edo erreklamazio ekonomiko-administratiboak aurkeztearen inguruko guztia barne.

 

Balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez, haren araudia Ekonomiari eta enpleguari sostengua emateko presako neurri osagarriei buruzko 15/2020 Errege Lege-dekretuaren eta Estatuaren eta Nafarroaren arteko Hitzarmen Ekonomikoa onesten duen 28/1990 Legearen 32. artikuluaren edukiarekin harmonizatzen da. Eta hori hala egiten da, lehenik eta behin, ehuneko zerora murrizteko osasun-materialari aplikatu beharreko zerga-tasa, horren hornidura azkartzearren. Salbuespen hori ezartzen da horrelako ondasunen barne-entregetarako, Europar Batasunaren barruko inportazioetarako eta erosketetarako, hartzaileak entitate publikoak, irabazi-asmorik gabeko erakundeak edo ospitaleak baldin badira. Aurreikuspen horrek ez du mugatzen eragiketa egiten duen subjektu pasiboak jasandako balio erantsiaren gaineko zergan kenkaria egiteko eskubidea.

 

Balio erantsiaren gaineko zerga, kasu honetan ehuneko 4ra bitarte, jaisteak kultur nahiz informazio produktuak hartuko ditu barne, herritarrei errazte aldera liburu, egunkari eta aldizkari digitalak eskuratzea. Liburu fisikoaren eta liburu elektronikoaren arteko diskriminazioa ezabatzen da bidenabar, orain arte zerga-tasa ezberdina baitzeukaten.

 

Foru lege-dekretuaren laugarren xedapen gehigarriaren bidez, gaikuntza ematen zaio tributu arloan eskumena duen departamentuko titularrari planifikazio fiskalerako mugaz gaindiko baliabideen aitorpena egiteko epeak ezar ditzan –Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorrean ezarritakoaren arabera–, betiere, aitorpena egiteko betebeharra 2018ko ekainaren 25etik 2020ko abenduaren 31ra arte sortu den kasuetan.

 

Sasoiko produkzioetan aritzen diren nekazaritzako langile autonomoentzat apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuan ezartzen diren aparteko laguntza zuzenei dagokienez, laguntza horiek baliatu ahal izateko zenbait betekizunen alderdi batzuk zehazten dira.

 

Seigarren xedapen gehigarriaren bidez aldatu egiten da Koronabirusaren osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko presako neurriak onesten dituen apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legearen 3. artikuluaren 1. apartatua, argitzearren laguntzak ematen dituen organoari dagokiola, “aurretiazko inolako baimenik behar izan gabe”, irabazi-asmorik gabeko entitateei edo federazioei, konfederazioei nahiz horien elkarteei ematen zaizkien dirulaguntzetarako baldintzak aldatzea, partez edo guztiz ezinezkoa bada diruz lagundutako jarduerak gauzatzea edo zerbitzuak ematea Covid-19aren ondorioz edo administrazio publikoek haren aurka hartutako neurrien ondorioz, jarduera gauzatzen edo zerbitzua ematen berriz has daitekeen unera arte.

 

Osasungintzaren arloan, egoitza-zentro soziosanitarioetan pandemia hobeki kudeatzeko xedez, desgaitasun fisikoa zein psikikoa duten pertsonen egoitzetara, zentro psikogeriatrikoetara eta horiekin parekatutako zentroetara zabaltzen da apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuak Osasuneko kontseilariari egindako gaikuntza, hirugarren adinekoen osasun laguntzaren koordinazio exekutiboa egiteko. Izan ere, orain gehitzen diren zentroetan “koronabirusarekin kutsatzeko arrisku bera dago, hirugarren adinekoen arloan bezala, horiek guztiak egoitza soziosanitarioak baitira”.

 

Azkenik, 4/2020 Foru Lege-dekretuak malgutu egiten du aldi baterako Erregistroan izena emandako Kooperatiben Hezkuntza eta Sustapen Funtsaren erabilera-xedea; halatan, “2020ko abenduaren 31ra bitarte funts hori, osorik nahiz zati batean, finantza baliabide gisa erabili ahal izanen baita, funtzionamendurako edo osasun krisiaren ondorioak arintzeko, bai bere ekintzen bidez, bai beste entitate publiko edo pribatu batzuei dohaintzak eginez”.

 

Apirilaren 29ko 4/2020 Foru Lege-dekretuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra, eta indarrean egonen da Nafarroako Gobernuak ezartzen duen bitartean badirauela hura onestea ekarri duen egoera bereziak.

 

Hori guztia nabarmendu du Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasuneko kontseilari Elma Saizek, zeinak talde parlamentario guztiek egindako ekarpen eraikitzaileak eskertu baititu; izan ere, bere ustez hori bereziki “azpimarragarria da bizi dugun ziurgabetasun-egoera honetan. Ez da lehen aldia, eta eskertzekoa da adostasuna”.

 

Hala, beste foru lege dekretu bat iragarrita, zeinaren bidez zehaztasun batzuk eginen diren eta nekazari autonomoen kolektiboa aintzat hartuko den, Chivitek nabarmendu du “enplegua mantentzea” dela helburu argi eta uko egin ezinezkoa; izan ere, “aldi baterako enplegu erregulazioko espedienteen % 99,9a jarduera eteteari buruzkoak dira.

 

Bere lehen mintzaldian, Elma Saizek nabarmendu du Gobernuak bere horretan diharduela, "pandemiaren hasieratik abiarazten ari den salbuespenezko neurriak indartu, hobetu eta hedatzearen ildoan. Foru Lege-dekretu honen bitartez nahi da enpresei eta kooperatibei likidezia ematen segitu, zerga-alorrean gure araudia harmonizatu eta oso garrantzitsuak izaten ari diren sektore batzuei bultzada eman, hala nola nekazaritzarena".

 

Horri buruz, Saizek adierazi du: "suspertze plana jorratzen ari gara eta, jadanik, neurri horietako asko suspertze horren parte dira. Ez dugu etsiko herritarrei ahal diren bitarteko guztiak eskueran ipintzeko ahaleginean, guztiei laguntze aldera suertatu ahal izan zaien egoeratik ateratzen".

 

Javier Esparzak (Navarra Suma talde parlamentarioa) ireki du eledunen txanda, azpimarratuz: "laugarrenez, Navarra Sumak baiezko botoa emanen du. Oraingoan bai, Gobernuak borondatea izan du eta adostu egin dugu. Eskergarria. Pozten naiz Gobernuko lehendakariak joan den egunean esateaz Navarra Suma proposamen konstruktiboak ari dela egiten. Adostasun eta batasunetik abiatuta, indartsuago gara".

 

Esparzak ohartarazi duenez, "ezinbestekoa da laguntzak herritarrenganaino irits daitezen"; adibidez, autonomoenganaino. Gobernuak askoz ere bizkorragoa behar du izan ohiz kanpoko egoera honetan. Presa handiz jokatu beharra dago. Eta autonomia erkidegoentzako 16.000 milioiei dagokienez, Politika Fiskal eta Finantzarioaren Kontseiluak esleitzen baldin baditu, pentsatu behar dugu Nafarroarentzako mekanismoren bat prestatu beharko dela".

 

Ramón Alzórrizek (Alderdi Sozialista talde parlamentarioa) nabarmendu duenez, "badago oposizio bat proposatu eta halaber kritikatu egiten duena, baina Gobernuarekin eta nafar gizartearekin batera doana. Gaur dekretu berri bat onetsiko dugu, nola edo hala laguntzekoa estutasun handienak pairatzen ari direnei. Gizarteak elkarrizketa eta bere premia eta eskaerei erantzuteko adostasunak eskatzen dizkigu".

 

Alzórrizek neurriekiko bere "oniritzia" adierazi du, "pertsonak lehenesten dituztelako. Dekretu honen ondoren eta berarekin batera, konfinamendua deseskalatzeko ekintzak bideratu behar dira, eta berreraikitze sozioekonomikorako planaren txanda izanen da. Urrats horietako lehena zuhurtasunez egin behar da, pandemia ez baita bukatu, eta horrek une oro behar du gure oharmenean egon. Bigarren urratsa latza eta luzea izanen da, eta bide berbera jorratu behar du, lehentasun sozialei loturik. Gaur beste aurrerapauso bat ematen ari gara; gizarteak batasun politikoa eskatzen digu".

 

Geroa Bai talde parlamentarioko Uxue Barkosek agertu du ezen dekretuak "Legebiltzarreko taldeen adostasuna" daukala. "Neurri horiei guk guztiok deritzegu beharrezko eta egoki, nahiz eta, zenbait kasutan, anbizio handiagoz ekin beharra dagoen. Deseskalatze-faserako diskurtso ordenatu baten falta sumatzen da".

 

Barkosen ustez, "aurre egiten ari gatzaizkion deseskalatze-prozesuan, Gobernuaren eta Parlamentuaren baitako lankidetasuna bereziki muntadun gertatzen da. Laguntzekin berandu gabiltza, nik ere badaukat kezka hori, baina Garapen Ekonomikorako kontseilariak konpromisoa hartu zuen laguntzak astez aste kudeatzeko, eta ordainketa doituta egonen da arauek xedatzen dutenera".

 

Adolfo Araizek (EH Bildu talde parlamentarioa) adierazi du "aukera" egon dela "laguntzen laugarren lege-dekretuaz hitz egin eta adosteko; Gobernuak ikasi egin du ikaskizun hori, eta espero dugu hori mamitzen segi dezan. Suspertze-plana onartzen dugu edukiontzi bezala, baina garrantzitsua da edukiaz mintzatzea, eta horretarako ekarpena egiteko prest gaude".

 

Araizek halaber hartu du deseskalatze-fasea hizpide, eta horretarako, adierazi duenez, "funtsezkoa da Nafarroan dagoen errealitatearen argazki bat eskueran izatea. Giltzarria da diagnostiko-ahalmena areagotzea; horrela, ba, marketing gutxiago eta froga gehiago. Horretan asko daukagu jokoan, eta Gobernuak horretaz konturatu beharra du".

 

Ainhoa Aznárezek (Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkartea) azaldu duenez, "dekretuaren aldeko botoa emanen dugu neurri interesgarri batzuk dakartzalako; horrek, alabaina, ez digu eragozten kritikaren bat egitea. Jendeak, autonomoek, lehenbailehen behar dituzte kaudimena eta likidezia".

 

Aznarezen esanetan, "onesten ari garen laguntzek Nafarroako ezkutu soziala zabaltzen segitzen dute. Nafar bezala, eskubidea dugu osasun-krisi honetatik nola atera erabakitzeko. Gaur gorpuztuko dira neurri horiek, inolako zerikusirik ez dutenak 2008an ezarritakoekin, zeinak bideratuta baitzeuden banka, eta pribilegiodunak erreskatatzera. Gure oraina eta geroa Nafarroako ezkutu soziala zabaltzetik igaroko dira".

 

Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoko Marisa de Simónek esan du beraiek aldeko botoa emanen dutela "neurri gehien-gehienekin ados gaudelako. Leheneratze soziala, ekonomikoa eta industriala behar dira xede izan. Ekintza guztiak lotuta egon beharko lirateke enplegu-mantentzea eta -sortzea bermatzearekin".

 

I-Eren eledunak aldarrikatu du: "jendearen tokian jartzen gara, jendea garelako. Gure lehentasuna jendea eta premia sozialak dira, eta oso garrantzitsua da fiskalitatearekin zerikusia duen oro; erreforma fiskal horri ekin beharra dago. Ez dugu aldeztuko 2008koa bezalako irtenbide bat ematea krisiari, hark milaka pertsona kaltetu baitzituen".

 

Komunikabiderik gabe, saioa streaming bidez eskaini da eta honako hauek bakarrik bildu dira: Unai Hualde lehendakaria, Inma Jurío eta Yolanda Ibáñez lehendakariordeak, Juan Luis Sánchez de Muniáin eta Maiorga Ramírez idazkariak eta Ganberan ordezkaritza duten sei taldeetako eledunak. Gainerako hautetsiek botoa eskuordetu dute. Gai hori borondatezkoa da, baina interes publikoko osasun-arrazoiengatik gomendatzen da, ezinezkoa baita osoko bilkurak egitea, aurrez aurre edo telematikoki, 50 ordezkariekin. Gobernuko lehendakaria, María Chivite, bere bi lehendakariordeekin –Javier Remírezekin eta Jose Mari Aierdirekin– joan da, bai eta Eskubide Sozialetako kontseilari Carmen Maezturekin ere.

 

Salbuezpeneko egoera honetan ohikoa izaten ari den bezala, Unai Hualdek minutu bateko isilunearekin eman dio hasiera bilkurari, Covid-19aren krisiak eragindako biktima guztien gomutan.