Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Urtarrilak 30

Administrazioaren eta enpresen arteko zerbitzu-kanporatze eta -barneratze prozesuak aztertzeko lantaldea sortzea onetsi da

Laukoak bultzatu baina azkenik erretiratutako foru lege proposamen bati erantzuten dio, zeinak langile subrogatuen izaeraren eta araubide juridikoaren erregulazioari ekiten baitzion

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Batzordeak, UPN, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Eren aldeko botoekin, lantalde bat sortzea onetsi du gaur, azter ditzan zer prozedura jarraitu behar diren zerbitzu publikoen kanporatze eta barneratze prozesuetan, eragindako langileen eskubideak babesteko. Geroa Bai eta EH Bildu aurka agertu dira, eta PPN abstenitu egin da.

 

Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Izquierda-Ezkerrak proposatutako lantalde horrek lege proposamen bati erantzuten dio, laukoak sinatu eta azkenik erretiratu duen bati, zeinak Foru Komunitateko Administrazio Publikoan subrogatutako langileen izaeraren eta araubide juridiko aplikagarriaren erregulazioari ekiten baitzion.

 

Ildo horretan, lege proposamenak xedetzat zuen Administrazio Publikoaren zerbitzuko langilerian sartzea langile subrogatuak, barneratutako langile izendatuta, hartara, enplegatu publikoak izan gabe, zerbitzuan aritu ahal zitezen, zerbitzuren bat barneratu edo Administrazio Publikora itzultzen zen kasuetan.

 

Geroa Baik hasiera batean proposamenarekin bat egin zuen, baina atzera egin du, “jada ez dagoelako denborarik lantalde bat egiteko, horrek berekin dakarren guztiarekin”.

 

UPNk abstentziotik aldeko botorako jarrera-aldaketa justifikatu du esanez komeni dela lantaldeari bidea ematea, nahiz eta “praxi oker baten bitartez sortua den: arazo bat planteatuz konponbiderik izan gabe. Kasu honetan, ospitaleetako sukaldeetan gertatu zen bezala, langileei emandako zartada baten ondorio izan da. Legeak ez zuenez aurrera eginen, planteatu da denbora irabaztea lantalde batekin. Bitartean, hor daukagu lehiaketa bat plazaratu gabe, argitaratzekoa zena (anbulantziak), baina argitaratu gabe dagoena ez dakitelako zer egin langileekin; zerbitzu hori linbo juridiko batera bultzatu dute”.

 

EH Bilduk, bestalde, lege proposamenaren edukia aldeztu du, baina aitortu egin du desadostasunak sortu direla “ea zer egin behar den langile horiekin, batzuek, hala izateko arrazoirik gabe, kaleratzeko aukera gisa ulertu zuten egoera batera bideratuta baitaude. Inoiz ez dugu defendatuko Administraziora sartzeko ate bat irekitzea berdintasunaren, merezimenduaren eta gaitasunaren printzipioen kontra dagoen barneratze baten bitartez. Testuak bazuen aski segurtasun juridiko”.

 

Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta PSNk azpimarratu dute beharrezkoa dela “prozesuari erabateko segurtasun juridikoa ematea eta ukitutako langileen eskubideak babestea”.

 

Azkenik, Izquierda-Ezkerrak dei egin dio Gobernu zentralari “esparru arautua eskain dezan, autonomia erkidegoei aukera emanen diena zerbitzuak berriz ere publiko bihurtzeko segurtasun juridiko osoarekin. Orain bertan erkidego bakoitza bere gisara ari da arazoari ekiten, baina konponbide orokor bat behar dugu”.

 

Lantaldeak hainbat pertsona, aditu eta eragile sozialen ekarpenak jasoko ditu, eta eskatutako lana amaitu arte arituko da bere eginkizunetan. Gehienez ere bi hilabeteko epean lana amaitu eta txostena egin beharko du, Parlamentua laster deseginen baita.

 

Horretarako, Parlamentuko talde eta elkarteek ordezkari bat eta ordezko bat izendatu beharko dituzte sigla bakoitzeko, Mahaiak ezartzen duen epean.

 

Gaur arratsaldeko bilkuran, Unai Hualde (Geroa Bai talde parlamentarioa) buru zutela, parlamentari hauek izan dira: Sergio, Sayas, Luis Zarraluqui, Begoña Ganuza, Pachi Irízar (UPN talde parlamentarioa), Patxi Leuza, Rafael Eraso (Geroa Bai talde parlamentarioa), Adolfo, Arantxa Izurdiaga (EH Bildu talde parlamentarioa), Rubén Velasco, Carlos Couso (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioa), Conchi Ruiz, Inma Jurío (PSN talde parlamentarioa), Javier García (PPNko foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea).