Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Irailak 17

Adierazpen instituzional bat onetsi da, zeinaren bidez, Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du Defentsaren heldu diren bost urteetarako aurrekontua neurrigabe igotzea

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2018ko irailaren 17an

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du Defentsaren heldu diren bost urteetarako aurrekontua neurrigabe igotzea. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Aldeko botoa eman dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik eta Izquierda-Ezkerrak; aurkakoa, berriz, Unión del Pueblo Navarrok, Nafarroako Alderdi Sozialistak eta Nafarroako Alderdi Popularrak.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1.- Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du Defentsaren heldu diren bost urteetarako aurrekontua neurrigabe igotzea, zeina Espainiako Gobernuak berretsi baitu eta zeinaren helburua ez baita Europaren defentsa komuna hobetzea, baizik eta armen industriak eragindako negozioa eta irabaziak areagotzea. Hori dela-eta, Parlamentuak ez du nahi igoera hori Estatuaren 2019ko Aurrekontu Orokorretan jaso dadin.

 

2. Nafarroako Parlamentuak adierazten du zeharo konprometituta dagoela bakearen kultura eraikitzen laguntzeko, eta beste behin salatzen du Nafarroako lurraldea –Bardeako tiro poligono militarra, alegia– erabiltzea armak probatzeko, gero gatazka bizi duten herrialdeetara esportatuko direnak.

 

3. Nafarroako Parlamentuak deitoratu egiten du Kongresuak Espainiako Gobernuari 2017ko martxoaren 9an emandako baimena –PPk, Cs-k eta PSOEk aldeko botoa eman zuten–, Espainiako Erresumaren eta Saudi Arabiaren artean hitzarmen bat sina zedin informazio sailkatua elkarri babesteko; izan ere, horren bidez areagotu egiten da opakutasuna eta eragotzi egiten da bi herrialdeen arteko merkataritza-transakzioei buruzko kontrol publikoa.”