Noiz argitaratua Astelehena, 2017.eko Azaroak 20

Adierazpen instituzional bat onetsi da, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen baitu Nafarroako Gobernuak indarkeria deuseztatzeko lan egiten jarraitzea, hura pairatzen duen emakume bakar bat dagoen bitartean

Mahaian eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2017ko azaroaren 20an

Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen baitu Nafarroako Gobernuak indarkeria deuseztatzeko lan egiten jarraitzea, hura pairatzen duen emakume bakar bat dagoen bitartean. UPN talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpena UPN, PSN, PPN eta I-Eren botoekin onetsi da; Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos Ahal Dugu abstenitu egin dira.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen du Nafarroako Gobernuak indarkeria deuseztatzeko lan egiten jarraitzea, hura pairatzen duen emakume bakar bat dagoen bitartean, bai eta horien seme-alabei lehentasunezko arreta ematea ere.

 

2. Nafarroako Parlamentuak aldezten du Nafarroako Gobernuak entzutea eman diezaien sexu-esplotazioa edota indarkeria pairatzen duten emakumeen alde lan egiten duten talde eta elkarteei, eta indarrean dagoen legedia aplika dadin, genero-berdintasunaren balioen aurka doazen irudi sexistak deuseztatzeko.

 

Horretarako, komenigarritzat jotzen da Gobernuak araudia aplika dezan, Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legearen III. Tituluko –Prebentzioa eta sentsibilizazioa– 19. artikulua, prostituzioaren publizitatearen aurka eta emakumearen irudirako iraingarria den publizitatearen aurka egiteko.

 

3. Nafarroako Parlamentuak adierazten du komenigarria dela Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak prestakuntza-kanpainak egitea berdintasunaren balioak sustatzeko eta emakumeenganako indarkeria prebenitzeko, etapa guztiak kontuan hartuta, baina batez ere gaztediari zuzenduta.

 

4. Nafarroako Parlamentuak egokitzat jotzen du Nafarroako Gobernuak administrazio guztiei exigitzea beharrezkoak diren dirua eta baliabideak berdintasun politikarekin jarraitu ahal izateko, ezinbestekoa baita genero-indarkeriaren alorrean”.