Noiz argitaratua Ostirala, 2024.eko Urriak 11

Adierazpen-askatasuna eta bere mugak izan dira ardatz Parlamentu-zuzenbideko ikasketetako XXIV. jardunaldian

Hualdek albiste faltsuei, gorroto diskurtsoei eta indarkeria edo diskriminazioa eragin dezaketen adierazpideei buruz ohartarazi du eta adierazpen-askatasunaren mugen inguruan hausnartu eta eztabaidatzearen alde egin du

Adierazpen-askatasuna, populismoak, errugabetasun-presuntzioa,  sasihedabideak eta albiste faltsuak, demokraziaren arriskuak eta abar izan dira gaur Nafarroako Parlamentuan eginiko eztabaida eta hausnarketaren ardatz, Nafarroako Unibertsitateak Legebiltzarraren lankidetzarekin antolatzen duen Parlamentu-zuzenbideko ikasketetako XXIV. hitzaldi-sortaren karietara. Jarduera bi erakunde horiek sinaturiko lankidetza-hitzarmenari lotuta dago.

 

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eman dio hasiera "Parlamentua eta adierazpen-askatasuna: auzi problematikoak eta begirada bat konstituzio-jurisprudentziatik” izenburupeko jardunaldiari.  Hualdek eskerrak eman dizkie bertaratu diren guztiei eta nabarmendu du Parlamentua bezalako erakunde batek adierazpen-askatasunari buruzko jardunaldi bat hartzeko aukera izatea: “Ona da aztertzea nola Parlamentuak, herritarrak ordezkatzen dituen erakundea den aldetik, adierazpen-askatasuna bermatuta egon dadin eta errespetatua izan dadin zaintzen duen, baina, aldi berean, aztertzea komeni da mugarik ba ote dagoen, zeintzuk diren eta non dagoen justifikatuta urratu ezin daitekeen marra.  Demokrata den edonoren intereseko gaia”, esan du.

 

Hualdek gehitu du iritzi desberdinen arteko kontrasteak bateragarri egitea eta muga jakin batzuk ez urratzea Nafarroako Parlamentuaren jardueran gaur egun presente egon diren auziak direla. Ganberaren erregelamendu berria eta laster onetsiko den jokabide-kodea izan ditu aipagai. “Balio demokratikoak transmititzea, heziketa eta adeitasuna izatea jokabide, herritarren ordezkari garen aldetik, eztabaidan dauden auzietako batzuk dira”, nabarmendu du, eta ondoren gugan eragina duten bestelako gai batzuei buruz ohartarazi du, hala nola albiste faltsuak, gorroto diskurtsoak eta zenbait gehiegikeria, irain eta adierazpide, indarkeria edo diskriminazioa eragin dezaketenak, adierazpen-askatasunaren mugak gainditu ditzaketenak eta hausnarketa eta eztabaidarako jardunaldi batzuen beharra justifikatzen dutenak. 

 

Ondoren, Nafarroako Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko dekano Mercedes Galán andreak hartu du hitza eta eskerrak eman dizkio Nafarroako Parlamentuari unibertsitatetik eta erakundeetatik ikerketa eta goi mailako dibulgazioa ahalbidetzen duten jardunaldi hauek antolatzeko lankidetzagatik. “Ikasleek ikasi behar dute adierazpen-askatasuna baliatzean ideia eta iritziekiko errespetuaren garrantzia ezagutzen , eta askatasun horrek muga batzuk ere badituela”. Akademiatik eta erakundeetatik onbidezko elkarrizketa izate aldera lagundu behar dugu, gizarteak aurrerapausoak eman ditzan guztion ongizate lortzeko eta pertsona guztiak aintzat hartzeko bidean.

 

Ildo beretik, Zuzenbide Parlamentarioaren Ikasgelako zuzendari eta Nafarroako Unibertsitateko irakasle Asunción de la Iglesia andreak balioa eman dio “ezagutza eta ikuspuntu desberdinak partekatzeko topaguneak sortzeko beharrari eta horrek duen garrantziari”. Asunción de la Iglesiak eskertu egin du nazioko eta nazioarteko irakasleak adierazpen-askatasunaren kontzeptua ikuspuntu desberdinetatik aztertzea xede duen jardunaldi honetara etorri izana. Ekitaldian Konstituzio Zuzenbideko eta Zuzenbide Prozesaleko adituek hartu dute parte, beteak beste: Ángel Rivero Rodríguez eta Patricia Rodríguez-Patrón (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa), Fracesco Biagi (Boloniako Unibertsitatea), María Isabel Álvarez Vélez eta Federico de Montalvo (ICADE), Cecilia Mora Donatto (UNAM Mexiko), Orlando Triguero Ortiz (Rey Juan Carlos Unibertsitatea), Jesús María González García (Madrilgo Complutense Unibertsitatea), Enrique Fliquete Liso (Valentziako Unibertsitatea) eta Cecilia Rosado Villaverde (Rey Juan Carlos Unibertsitatea).

 

Honako gai hauek aztertu dira, besteak beste: adierazpen-askatasunaren eta populismoaren arteko harremana; adierazpen-askatasunaren mugak, demokrazien gainbehera, erakunde parlamentarioa berreskuratzea eta parlamentarien eginkizuna; parlamentuetako bilkuretako jokabide-kodeak; ikerketa batzordeak eta errugabetasun-presuntziorako eskubidea; edota adierazpen-askatasuna eta parlamentarien prerrogatibak Konstituzio Auzitegiaren doktrinaren argitan.

 

Jardunaldi honek Nafarroako Unibertsitateak eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoak Konstituzio-justiziari buruz bultzatutako ikerketa-proiektuaren laguntza izan du. Aipatu proiektuak Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren laguntza jaso du.