Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Abenduak 21

544.158 euroko kreditu berezia onetsi da Iruñerriko Mankomunitatearentzat

Mankomunitatearentzat “gehiegizkoa” da Nafarroako Ubidearen bitartez Itoizko urtegitik jaso dezakeen gehieneko ur-emaria, baina Gobernuak mantendu egin nahi du eta horretarako emanen du diru-laguntza

Parlamentuak, gaurko osoko bilkuran, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeen aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPN taldeen aurkako botoekin, foru lege bat onetsi du, 544.158 euroko kreditu berezia ematekoa, Iruñerriko Mankomunitateak eta Nafarroako Ubideak 2006an sinatu zuten hornidura kontratuari bere horretan eusteko, Mankomunitateak uste baitu hornidura hori bere beharrizanen gainetik dagoela eta gehiegi ordaintzen ari dela.

 

Kreditu berezi hori Hitzarmena MCP-SCPSArekin, Nafarroako Ubideko ur hornidurarako, CANASAren bidez partidari aplikatuko zaio eta, PSNren zuzenketa onetsi ostean, hurrengo partidekin finantzatuko da: Lan Arriskuen Prebentziorako Proiektuak (111.000 euro), Administrazioan kudeaketa energetikoaren Plana (122.000 euro), Asistentzia teknikoa, kontrola eta ikuskapena (50.000 euro), Ikasketak eta proiektuak (100.000 euro) eta Banda Zabala ezartzeko diru-laguntzak (161.158 euro), Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren partidak dira. UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin, Podemos-Ahal Duguren abstentzioarekin eta Geroa Bai, EH Bildu eta I-Eren aurkako botoekin atera da aurrera zuzenketa.

 

 

Zioen azalpenean zehazten denez, Iruñerriko Mankomunitateak eta Nafarroako Ubidea SAk 2006ko ekainaren 14an izenpetu zuten kontratuaren arabera, 1.000 litro segundokoa da Mankomunitateak jaso dezakeen uneko gehieneko emaria, eta urteko gehieneko bolumena, berriz, 22,54 hm3-koa.

 

Mankomunitateak jakinarazi du emari hori bere egungo eta etorkizuneko beharren gainetik dagoela eta tarifan eragin handia duela. Bestalde, Nafarroako Gobernuari interesatzen zaio Itoizko urtegitik datorren ur-hornidura hori mantentzea hasieran eman zitzaion urteko gehieneko bolumen horrekin, eta horregatik erabaki du fakturaziorako diru-laguntza ematea.

 

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 4. artikuluak xedatzen duenez, foru legeen bidez arautu behar dira Nafarroako aurrekontu orokorrak eta aurrekontu horietan kreditu bereziak edo kreditu-gehigarriak emateko egiten diren aldaketak. Hori horrela, 2017ko Aurrekontuan ezarritako kreditua nahikoa ez denez, bidezkotzat jo da lege hori onestea, kasu honetan irakurraldi bakarrean.